Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  26 urria 2018 12:46

Vitoria-Gasteiz Film Office-k “Shooting in the Basque Country” jardunaldian hartuko du parte gaur, Bilboko  Seriesland serie digitalen jaialdiaren barruan. Lehiaketa laugarren ediziora iritsi da, eta aurten 25 herrialdetako ekoizpenak ezagutu ahalko dira horren bidez. Nazioarteko zein estatuko ikus-entzunezkoen produkzio-etxeentzako berariazko gunea ere badu, zeinean Film Office aurkeztuko baita.

Bilbao-Bizkaia Film Commission eta Eiken-Euskadiko ikus-entzunezkoen klusterrarekin batera, Vitoria-Gasteiz Film Officek Gasteizek eta Arabak era guztietako ikus-entzunezkoen produkzioak hartzeko eskaintzen dituzten abantailak eta aukerak ezagutaraziko ditu, filmaketak Euskal Herri osora erakartzeko asmoz sektoreko hainbat agenteren artean egitekoa den jardunaldian.

Film Office-k Gasteizen ikus-entzunezkoen produkzioarekin lotutako profesionalen sarea zabaltzen jarraituko du jaialdian, EITBren egoitzan antolatutako bilera azkarren bitartez: Estatu osoko ikus-entzunezkoen  produkzio-etxeekiko buruz buruko elkarrizketak egingo ditu, lurraldea ezagutaraztearren.

“Duela gutxi Donostiako Zinemaldian izan ginen, eta filmatzeko agertokiak bilatzen diharduten profesionalak aurki daitezkeen ekitaldi espezializatu orotara joan nahi dugu, gure hiriak eta inguruak eskaintzen dituzten aukera zabalak ezagutarazteko. Izan ere, Gasteizen ikus-entzunezkoen industriak izan duen bultzadaren arrazoietako bat gure lurraldean filmatzeko pizgarriak aurkitu dituzten ekoizpenen etorrera da”, azaldu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

 

Informazio gehiago: http://www.seriesland.eus/

 

Share