Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  29 urria 2018 12:33

UNICEFek gaur iragarri du Haurren Lagun den Hiritzat aitortu duela Gasteiz, haur eta nerabeen eskubideak sustatzeko egiten duen lanagatik.  Azaroaren 28an jasoko du Udalak aitorpenaren zigilua, Oviedon.

Zigiluak egiaztatzen du Udalak haurren alorrean garatzen dituen politikek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean jasotako eskubideak errespetatzen eta ezartzen dituztela, eta familiek, komunitateek, gizarteak eta udal gobernuak haien ideiak eta iritziak kontuan hartzen dituztela.

Orobat, ziurtatzen du ume guztiek aukera berdinak dituztela, haien jatorria, erlijioa, maila ekonomikoa, generoa edo gaitasuna edozein delarik; esplotazio, abusu eta indarkeriatik babestuta daudela; lagunekin elkartzeko eta jolasteko espazioak dituztela; gizarte eta kultur ekitaldietan parte hartu dezaketela, eta oinarrizko zerbitzuak (osasuna eta hezkuntza horien artean) jasotzen dituztela.

Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainen  ustez, “Udalak eta hiriak haur eta nerabeen eskubideak betetzeko hartutako konpromisoaren aitorpena da; txikienen bizi-baldintzak hobetu, haien ahotsak entzun eta haien beharrak eta lehentasunak kontuan hartzeko egunero egiten dugun lanaren aitorpena”. 

Udalaren Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak lan handia egin du azken hilabeteetan Haurren Lagun den Hiriaren ziurtagiria lortzeko: Haur eta Nerabeentzako Tokiko II. Plana idatzi eta onetsi da, haur eta nerabeen egoerari buruzko ikerketa-diagnostikoa egin da, eta Haur eta Nerabeen Elkargunea sortu da, besteak beste. 

“Horrek agerian uzten du txikienak gure politiken erdigunean daudela, alegia, haien garapen integrala eta eskubideak bermatzeko garatzen ditugula politikak, eta pozik egon beharko genuke horretaz. Bide zuzenetik goaz, eta hortik jarraituko dugu”, esan du López de Munainek.

Haurren Lagun den Hiriaren aitorpenak lau urteko indarraldia du, eta Udala bere gain zenbait konpromiso hartzera behartzen du, besteak beste, UNICEFi txosten bat eman beharko dio, apirilean onetsi zen II. HANUParen aplikazioaren aurrerapenari buruz.

Plana lantzen 650 pertsona inguruk hartu zuen parte: hainbat erakunde eta gizarte kolektiboetakoak, udal sailetakoak, eta umeak zein nerabeak. Orotara 100 ekintza proposatzen ditu umeen eta haien familien eskubideak eta ongizatea bermatzeko.

Share