Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 azaroa 2019 10:52

Estibaliz Canto zinegotzia

 

 

Udal Antzoki Sareak proposatu dituen 14 ikuskizunetarako sarreren salmenta azaroaren 27an hasiko da

 

 

 

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok Udalaren Antzoki Sarearen Gabonetako denboraldia aurkeztu du gaur prentsaren aurrean. “Formatuen aberastasunaren alde egin dugu: dantza, antzerkia, era guztietako musika, zirkua, umorea, musikalak…” azpimarratu du. Besteak beste, ‘La Llamada’ musikala, San Petersburgoko balleta eta Dani Martínez umoregilea nabarmentzen dira.

Sarreren salmenta azaroaren 27an hasiko da, goizeko 10:00etan, ohiko bideetatik: leihatilan, telefonoz eta online. “Gasteiztar guztiak gonbidatzen ditut proposamen horiek lilura ditzaten uztera, eta zergatik ez, eguberrietan gaudela aprobetxatuz, kultura oparitzera”,erantsi du Cantok .

14 ikuskizunek osatzen dute denboraldi berriaren programa: 12 Principal antzokian eskainiko dira, eta beste bi, gizarte etxeetan.

Principal Antzokia

Cíclicus konpainiak emango dio hasiera programazioari, azaroaren 30ean (larunbata), ‘PALS’ lanarekin; edertasun plastiko handiko ikuskizuna da, adin orotarako zirku berria, akrobaziak eta magia nahasten dituena.

Borobil Teatroa talde gipuzkoarrak hartuko du lekukoa, abenduaren 4an (asteazkena), Iñaki Rikartek idatzi eta Anartz Zuazuak zuzendutako lan batekin: ‘Roman eta Julieta’.

Abenduaren 10ean (asteartea) Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren txanda izango da. Oraingoan Ravel protagonista duen kontzertua eskainiko dute, Robert Treviñoren zuzendaritzapean.

Udal Bandak, berriz, ‘Ametsa eta Oinazea’ kontzertua aurkeztuko du, Jordi Navarro zuzendari gonbidatu dutela; besteak beste, Espainiako Orkestra Nazionaleko zuzendari aritu da. Abenduaren 11n (asteazkena) izango da kontzertua.

Abenduaren 13an, VII. Aitzina Folk jaialdiaren barruan, kontzertu solidarioa emango dute Alos Quartet-ek eta lagunek; taldearentzat jauzi kualitatiboa handia da, Oreka TX, Enrique Solinis eta Pablo Martín Caminero lagun izan baitituzte, besteak beste.

Umorea Dani Martínez bihurriaren eskutik etorriko da: ‘No os preocupéis… ya os lo digo yo’ show berritzailea ekarriko du, non inprobisazioa ikuskizunaren ehuneko 50 baino gehiago baita. Abenduaren 14an (larunbata) bi emanaldi eskainiko ditu.

Igandean, hilak 15, Teatro Paraíso taldeak ‘Uniko, el príncipe destronado How do they do it’ taularatuko du; esperientzia ezberdin horretan, publikoak antzezlan bat nola sortu ikasiko du, talde artistikoarekin batera.

Gasteiz Ganbara Orkestrak, Iker Sánchez zuzendari dela, ohiko Eguberrietako kontzertua emango du; Benjamin Britten eta Arvo Pärt izango dira nagusi programan, eta Claustrum Armonicum zein Sortilegio Sound Singers abesbatzek hartuko  dute parte. Arabako Foru Aldundiaren laguntza du kontzertuak.

Dantza ere ez da faltako. Abenduaren 20an (ostirala), San Petersburgoko Balletak “Maitagarri ipuinen dantzaldia” eskainiko du, José Uruñuela udal dantza kontserbatorioaren lankidetzarekin.

Abenduaren 28an (larunbata), ‘La Llamada, el musical de los Javis’ ikuskizuna iritsiko da Euskadiko hiriburura, Madrilen bost urtez etengabeko arrakasta izan ondoren. Abesti originalak eta zuzeneko banda dituen musikala da. Fedea, adiskidetasuna, lehen amodioa, identitatearen bilaketa, elektro-latinoa eta Whitney Houston gaitzat dituen komedia.

Urtarrilean dagoeneko, hilaren 2an, zehazki, Euskal Herriko Gazte Orkestrarekiko ohiko hitzordua iritsiko da.  Gustav Mahlerren 4. sinfonia joko dute, María Martín Campos sopranoa kantari dela.

Urtarrilaren 4an, amaitzeko, ‘Martin Zalakain’ ikuskizuneko musikari eta dantzariak igoko dira Principal antzokiko agertokira. Pío Barojaren eleberrian oinarritutako lana da, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritza, Ander Lipusen dramaturgia eta Harkaitz Canoren testuak dituena.

Gizarte Etxeak

Gizarte etxeetan betiko zikloen programazioa eskainiko da abenduan. ‘JIM AKTUAL’ zikloan Porpol Teatro talde arabarraren azken lana programatu da abenduaren 12rako: ‘Katmandú’. Carmen Ruiz da protagonista, María Goiricelaya zuzendurik.

‘Ikuskizuna Ibaiondon’ zikloan, berriz, tokiko beste talde batek hartuko du parte: El mono habitado. Arrakasta handia lortu duen lan baten bertsio handitua aurkeztuko dute Carmen San Esteban eta Begoña Martín Treviño aktoreek, abenduaren 20an (ostirala): ‘Benditas, caídas del cielo’.

2020ko aurrerapena

Antzoki Sarearen programazioa aurkezteaz gain, Kultura zinegotziak Kontzertu Handien zikloaren eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloaren aurrerapena egin du.

Kontzertu Handien Zikloa XV. ediziora iritsiko da 2020an, eta orkestra eta bakarlari handiak ekartzeko filosofia berreskuratuko du. Lehenengo hitzordua otsailaren 4an izango da, Kazan-Tatarstango Orkestra Sinfoniko Nazionalarekin, Alexander Sladkovsky zuzendari dutela.

Martxoaren 17an, ganbera orkestra ospetsuenetako bat iritsiko da Gasteizera, Camerata Ireland, Barry Douglas zuzendari dutela. Maiatzaren 8an, oso orkestra berezia etorriko da, Marcel Ponseele-k zuzentzen duen Il Gardellino Baroque Orchestra. María Joao Pires piano-jotzailea portugesak itxiko du Kontzertu Handien XV. Zikloa, Fumiaki Miura biolin-jotzaileak lagundurik. Ekainaren 3an izango da.

XXI. Mendeko Flamenkoa zikloaren 23. edizioan, bestetik, hauek bisitatuko dute Hegoalde gizarte etxeko Teatro Jesús Ibáñez de Matauco antzokia: Rafael Riqueni, otsailaren 1ean; Pedro ‘El Granaíno’, otsailaren 15ean; Marina Heredia, otsailaren 29an; David Palomar, martxoaren 14an, eta Cancanilla de Málaga, martxoaren 28an.

Ziklo horien osagarri, bisita gidatuak programatu dira Principal antzokian, euskaraz eta gaztelaniaz, urtarrilaren 18an eta 19an.

Eta azken ezusteko gisa, Les Luthiers Gasteizera itzuliko dira 14 urteren buruan, ‘Viejos Hazmerreíres’ ikuskizunarekin. Martxoaren 20an eta 21ean arituko dira, Principal antzokian.

 

ABONAMENDU ETA SARREREN SALMENTA

 

– LES LUTHIERS: azaroaren 12an (asteartea), 18:30ean hasita, ohiko bideetan.

– GABONETAKO PROGRAMAZIOA

AURREKO SALMENTA: azaroaren 27an (asteazkena), 10:00etatik aurrera.

SALMENTA ARRUNTA: azaroaren 28tik (osteguna), ohiko ordutegi eta bideetan, asteartetik larunbatera.

– KONTZERTU HANDIAK ETA XXI . MENDEKO FLAMENKOA

ABONAMENDUEN SALMENTA: abenduaren 12an (osteguna), 10:00etatik aurrera; abenduaren 13tik 16ra, ohiko ordutegian, eta abenduaren 18tik aurrera, bakarrik leihatilan, lehen kontzertuaren bezperara arte.

SARRERA SOLTEEN SALMENTA: abenduaren 18an.

Gabonetako antzerki dosierra

Share