Prentsa Oharren banner

Udalak elikadura-establezimenduetan COVID-19ren aurkako segurtasun-neurriak kontrolatzeko kanpaina hasi du

Gasteizko Udalak, Osasun Publikoko zerbitzuaren bidez eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, elikadura-establezimenduen ikuskapen-erronda hasi zuen atzo, COVID-19ren transmisioa geldiarazteko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak behar bezala betetzen direla egiaztatzeko. Aldi berean, gomendio horiei buruzko informazio difusioa indartzen ari da, establezimenduetako langileei, instalazioei eta bezeroei eragiten baitie.

 

Segurtasun-gomendioek honako alderdi hauek jorratzen dituzte: eskuen higienea (nola eta zein egoeratan egin behar den), laneko eskularruak erabiltzeko jarraibideak, maskara erabiltzea komeni den ala ez, laneko arropa garbitzea, establezimenduaren beraren higienea (gomendatutako produktuak eta zer azaleratan jardun behar den), garbiketa- eta desinfekzio-maiztasunak, manipulatzaileen sintomak zaintzea eta kasu positibo bat detektatzeko jarraibideak.

 

Bezeroei dagokienez, establezimenduaren eta erostera joaten direnen erantzukizuna da gehienezko edukiera errespetatzea, bai barruan, bai kanpoan, pertsonen arteko 1,5 metroko prebentzio-distantzia bermatzeko. Ahal den neurrian, saihestu egin behar da bezeroek elikagaiak zuzenean manipulatzea, bereziki ontziratu gabeak. Autozerbitzuko establezimenduen kasuan, erabilera bakarreko erabili eta botatzeko eskularruak erabiltzea gomendatzen da, beti erabiltzeko moduan egon beharko dutenak.

 

“Egungo pandemia-egoeran elikadura-establezimenduek gomendio horiek betetzea oso garrantzitsua da. Batetik, birusa kutsatzeko eta zabaltzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzeko, eta, bestetik, elikagaien hornikuntza bermatzeko, produktu horien hornikuntza oinarrizko zerbitzua baita, egungo egoeretan huts egin ezin duena “, gogorarazi du Livia Lopez Kirol eta Osasun zinegotziak.

 

Sektoreko elikadura-establezimenduei eta elkarteei egindako jakinarazpenaz gain, Udal webguneak elikadura-establezimenduetako segurtasun-neurriei buruzko informazio guztia sartu du esteka honetan.

 

+INFO: vitoria-gasteiz.org/koronabirus

Share