Prentsa Oharren banner

Lehiaketara atera du Udalak Iturritxu kalean 101 lekuko aparkaleku berri bat eraikitzeko proiektua

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri du Iturritxu kalean 101 lekuko aparkalekua eraikitzeko kontratua leihaketara ateratzea adostu duela Gobernu Batzarrak. Iturritxu kalean jarriko da, Gasteizko Portuko sarreraren ondoan, A2124 errepidearen ondoan. Azpiegitura hori joan den astean iragarritako Asfaltatze eta disuasio-parkinen Planaren barruan dago, eta Adurtzako bizilagunei eta beste udalerri batzuetatik hirira datozen pertsonei emango die zerbitzua. “Adurzako bizilagunei, elkarteari eta Olarizuko kontseiluari emandako hitza betetzen dugu, inguru hau aparkaleku gehiagoz hornitzeko”, azaldu du alkateak. Lanek sei hilabetetako epea izango dute.

423.663,82 euroko inbertsioa egingo da, eta Gasteizko lehen aparkaleku “naturalizatua” izango da. Zehazki, Iturritxu kalearen eta A2124 errepidearen artean dagoen lursail berde batean sortuko da, Lidl supermerkatuaren ondoan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak aparkaleku berezia diseinatu du, paisaia-integrazioaren aldetik sentiberatasun handikoa.

Lau aparkaleku multzo osatuko dira berdegune baten barruan, 3.000 metro koadroko azalera batean orotara 101 leku sortuz.  Plaza horietatik 3 mugikortasun urriko pertsonentzat bakarrik izango dira, eta lauk karga elektrikoko puntuen aurreinstalazioa izango dute. Lekuak 4,75 metro luze eta 2,40 metro zabal izango dituzte. Mugikortasun murriztua dutenentzat izango direnak, berriz, 4,50eko luzera eta 3,70eko zabalera izango dute.

Autoek belar-lauzen gainean aparkatuko dute, eta ibilgailuek zirkulatzeko bideak baino ez dira asfaltatuko. Iturritxutik sartuko dira. Gainerako zatia lorategi itxurakoa izango da, putzu txikiz hornitua (euri-urak hartzeko), eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, ingurunearen biodibertsitatea kontuan hartuz. Izan ere, Olarizuko lorategi botanikoaren ondoan dago azpiegitura berria. ‘Led’ teknologian oinarritutako argiteria sistema berria ere jarriko da aparkaleku berrian.

 

Share