Prentsa Oharren banner

Iradier Arenak Azkena Rock Special Edition 2021 jaialdia hartuko du gaurtik urriaren 3ra bitartean

Besteak beste, Loquillo, El Drogas, Carolina Durante, Lendakaris Muertos, M Clan, Kaotiko, Ray Collins Hot Club, Los Estanques eta Liher arituko dira

Gaur goizean aurkeztu dute Azkena Rock Special Edition jaialdia prentsaurrekoan, eta bertan parte hartu dute Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek, Kutxabankeko Red Araba-ko zuzendari Jose Luis Bastarricak eta jaialdiko zuzendari Alfonso Santiagok.

Gaurtik, irailak 22, urriaren 3ra arte egingo da Azkena Rock Special Edition, Iradier Arenako Kultur Bizia gunean. Orotara 21 artista arituko dira, hamar rock gautan: besteak beste, Loquillo, El Drogas, Carolina Durante, Lendakaris Muertos, M Clan, Kaotiko, Ray Collins Hot Club, Los Estanques eta Liher.

“Osasun krisialdiko 18 hilabete hauek gauza ugari irakatsi dizkigute, maila guztietan. Horien artean, kultura segurua dela. Horregatik, rockaren jaiarekin bat egitera animatzen ditugu gasteiztarrak. Aurten, Iradier Arenan”, adierazi du Estíbaliz Cantok.

Cantok eta Del Valek nabarmendu dute udal ekipamendu hori segurua dela kulturarako, Kultura Bizia proiektuak erakutsi duen bezala. “Horren alde egitean asmatu dugula frogatu da, eta proiektua hilabete batzuk luzatzea erabakitzean ere asmatu dugulakoan nago, kultura programatzen jarrai dezan eta Kultura Biziak testuinguru jakin honetan eskaintzen dituen aukeren beharra duten eragileek ere horretan jarraitzerik izan dezaten“, azpimarratu du Ana del Valek.

Alfonso Santiagok, bestalde, Azkena Rock Special Edition-en programazioa aletu du; kontzertuak 19:30ean hasiko dira, eta oraindik bada sarrerarik emanaldi batzuetarako.

Lendakaris Muertos eta Ezpalak taldeek inauguratuko dute Iradier Arenako agertokia, gaur arratsaldean. Ondoren, Los Enemigos eta Liher (osteguna, hilak 23), El Drogas eta The Lizards (ostirala, hilak 24), Carolina Durante eta Biznaga (larunbata, hilak 25) eta Johnny Burning eta The soul Jacket (igandea, hilak 26) igoko dira agertokira.

Azkena Rock Special Edition-en emanaldien bigarren multzoa irailaren 29an (asteazkena) hasiko da, Kaotiko, Puraposse eta The Wax taldeekin; ostegunean, hilak 30, Ray Collins Hot Club eta Micky & The Buzz taldeek joko dute; ostiralean, urriak 1, Loquillok eta Sedak; larunbatean, urriak 2, Los Cigarros eta Los Estanques taldeek, eta igandean, urriak 3, M Clan eta Razkinek.

Kontzertuen edukiera indarrean dagoen araudiaren arabera kontrolatuko da, eta COVID-19aren aurreko prebentzio-neurri guztiak beteko dira.

Informazio gehiago

 

Share

Azkena Rock jaialdiaren edizio berria babestea onetsi du udalak

20 rock talde baino gehiagoren emanaldiak izango dira laster Iradier Arenan

Irailaren 22tik urriaren 3ra bitartean Iradier Arenan egingo den Azkena Rock jaialdiaren edizio berezia babestea onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Antolatzaileek 20 rock talde baino gehiagoren emanaldiak antolatu dituzte, nazioko zein nazioarteko taldeenak, eta Hezkuntza eta Kultura Sailak 150.000 euroko laguntza emango du.

Iaz ezin izan zen Azkena Rock jaialdirik egin, pandemiaren ondoriozko segurtasun- eta osasun-neurriak zirela eta, eta, aurten ere, ezinezkoa izan da ohiko egunetan eta lekuan (Mendizabalean) antolatu. Alternatiba gisa, eta Kultura Bizian ekimenaren baitan, edizio berezia hartuko du Iradier Arenak, eta kontzertuak izango dira 12 egunez. Talde ezagunek joko dute, besteak beste, Mc Clan, Los Cigarros, Carolina Durante, Loquillo, El Drogas, Los Enemigos, Liher, Kaotiko eta Ray Collins Hot Club alemaniarrak.

Antzokietarako laguntza teknikoa

Halaber, hiriko antzoki sarean laguntza teknikoa emateko eta lan osagarriak egiteko kontratua esleitu du udal gobernuak, ostiraletako bilkuran.

Kultura Zerbitzuak 440.000 euro erabiliko ditu Principal antzokian, eta Jesús Ibáñez de Mataúco, Federico García Lorca, Beñat Etxepare eta Felix Petite antzokietan egiten diren ikuskizun eta ekitaldi kulturaletako elementu eszenografikoak muntatu, desmuntatu, maneiatu eta kudeatzeko, eta argiak, soinua eta bestelako materialak instalatzeko.

Share

Gasteizko Jazzaldiaren 44. edizioa egingo da Iradier Arenan uztailaren 14tik 18ra

Anne Paceo eta Antonio Sánchez bateria-jotzaileek Letter One Rising Stars jazz sariaren irabazleekin batera joko dute Gasteizen

 

Gasteizko Jazzaldiak iaz egin ezin izan zen 44. edizioa berreskuratu du. Jaialdia uztailaren 14tik 18ra egingo da, aurten agertoki berri batean: Iradier Arena. Agertoki horretan kontzertuak goizean eta iluntzean egingo dira, eta uneko osasun baldintzetara egokitzeko aukera izango du Jazzaldiak. Gainera, Principal antzokiak arratsaldeetako kontzertuak hartuko ditu.

“Jazzaldia udako ezinbesteko ekitaldietako bat da gure hirian. Oso pozik gaude berreskuratu ahal izan dugulako, eta Iradier Arenan egiteak segurtasun neurriak bermatzeko aukera ematen digu”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoan.

Prentsaurrekoan Ana del Val Kultura foru diputatuak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Axier Urresti Vital Fundazioetako zuzendari exekutiboak, José Luis Baztarrica Kutxabankeko Arabako sareko zuzendariak eta Iñigo Zárate Gasteizko Jazzaldiaren Elkarteko presidenteak hartu dute parte.

Záratek azaldu du pandemiaren bilakaera pixkanaka hobetzen doanez, nazioarteko hainbat musikarik, hala nola Antonio Sánchez mexikarrak edo Thumbscrew talde iparramerikarrak, Gasteizen aritzeko aukera izango dutela. Arretaz hautatutako nazio mailako hainbat jazz interpreterekin batera, talentu berriak ezagutzera ematea eta musika estilo horri leial izatea lehenesten duen programa osatzen dute.

Iradier Arenan emanaldi bikoitza egingo da eguerdietan, asteazkenetik larunbatera. Saio horietan hiriko eta inguruko musika eskolek tokia izango dute, bai eta jazzaren munduan lekua egiten ari diren talde gazteek ere. Eta gauean ere emankizun bikoitza egingo da, Jazzaldiaren historian egin izan den moduan, ibilbide luzea duten musikariekin.

Principal antzokiko programazioak ere jaialdiaren aurreko edizioetako ildo bera jarraituko du eta hilaren 14tik 18ra egungo jazzaren proposamen berritzaileak bilduko ditu.

Iradierreko gauak

2021erako egitarauan, Jazzaldiak aurreko urterako aurreikusitako bi izen mantendu ditu, eta, hain zuzen ere, haiek izango dira ilunsentiko programari amaiera emateaz arduratuko direnak: Anne Paceo eta Antonio Sánchez, bateria jotzen birtuosoak.

Estilo berezi batekin, Frantziako konpositore eta interprete emankorrak Boli Kostan bizi izandako haurtzaroa islatzen du bere musikan, mugak hausteko. Anne Paceoren ondoren, jazz musikako beste bateria-jotzaile handi batek joko du, Antonio Sánchez mexikarrak. Bost Grammy sariren irabazlea laukotean arituko da Gasteizen Miguel Zenon, Scott Colley eta Donny McCaslin musikariekin, interpretazioei inprobisazio eta sormen ukitu bat emateko.

Gasteizko Jazzaldia izango da estatu mailan entzuleek Itamar Borochoven zuzenekoaz gozatzeko izango duten aukera bakarra. Tronpetista israeldarrak Letter One Rising Stars jazz sari garrantzitsua irabazi berri du, gorabidean dauden musika talentuak aintzatesten dituena. Borochovek hilaren 14an, asteazkenean, joko du Iradier Arenan, eta gaua Atlantic Bridge musika proiektuak osatuko du, jazzaren bitartez kultura iberiarra eta iparramerikarra lotzen dituena. Gasteizera Atlantikoko alde honetako taldea etorriko da: Alberto Conde piano-jotzaile galiziarra Kin García eta Miguel Cabanarekin batera arituko da, Jorge Pardo saxo-jotzailearen laguntzaz, eta gonbidatu berezi batekin, Rosario Giuliano saxofoi tenor italiarra.

Borochovez gain, Letter One Rising Stars sariaren iazko irabazlea ere izango da Gasteizen, Kathrine Windfeld piano-jotzaile daniarra. Uztailaren 16an, ostiralean, Iradier Arenako agertokian joko duen boskote baten buru izango da. Gau hori ixteko Europako jazzaren erreferente den piano-jotzaileetako baten emanaldia egongo da. Moisés P. Sánchez madrildarrak jazza ulertzeko modu berezi batean musika estilo asko txerta daitezkeela erakutsiko du.

Eta Sánchez da, hain zuzen, Al Toque hirukotearen kideetako bat. Pablo Martín Caminero gasteiztarra buru duen hirukote horrek hilaren 15eko saioa irekiko du flamenkoa eta jazza uztartzen dituen proposamen indartsu batekin. Thumbscrew talde iparramerikarrak itxiko du gaua, egungo hirukote berritzaileenetako batek, Mary Halvorsonen gitarra abangoardistarekin.

Antzokiko arratsaldeak

Jazzaldiak Principal antzokiko agertokia ere berreskuratuko du aurten. Arratsaldero, 18:00etatik aurrera, egungo jazz musikarien proposamen berritzaile eta freskoenez gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Miguel Salvador Bilboko gitarra-jotzaileak irekiko du zikloa hilaren 14an, asteazkenean, mendiekin duen harreman emozionala islatzen duen ‘Diez años después’ lana aurkezteko.

Hurrengo egunean Gonzalo del Val bateria-jotzailearen txanda izango da. Bere azken diskoa aurkeztuko du, ‘Cancionero’, Marco Mezquida piano-jotzailearen, David Mengual kontrabaxuaren eta Benet Palet tronpetistaren laguntzaz.

Perico Sambeat, Javier Colina eta Marc Miraltaren CMS Trío taldeak bere 15. urteurrena ospatuko du Principal antzokiko agertokiaren gainean hilaren 16an, ostiralean, eta hurrengo egunean Lucía Martínez musikari polifazetikoaren The Fearless bandak hartuko du lekukoa.

Igandean, 44. edizioa ixteko, programako emanaldi nagusia egingo da Maciej Obara laukotearen eskutik, jazz garaikidearen talde erakargarrienetako bat.

Iradierreko goizak

Iradier Arenako goizeko emanaldiak jazza batez ere publiko gazteenari helarazteko daude pentsatuta, eta interprete gazteak eta proposamen interesgarriak izango dituzte.

Asteazkenetik ostiralera, lehen zatietan Gasteizko eta Nafarroako musika eskolek gailentzen ari den talentua erakusteko aukera izango dute.

Eta bigarren zatietan, Jazzaldiak gaur egungo programa interesgarri bat prestatu du musika estilo horretara hurbildu nahi diren zaleak erakartzeko.

Fran Serrano kontrabaxuak irekiko du programa hilaren 14an, asteazkenean, jazzean eta beste genero batzuetan oinarritutako bere obrekin. Hilaren 15ean, Daniel López de Pariza gasteiztarraren Dan in a Box bandaren txanda izango da, eta, ondoren SPA taldea arituko da, musika talde ugaria eta tokiko musikariak dituena.

Zikloa larunbatean amaituko da. Lehenengo zatian, The Sey Sisters hirukotearen emanaldia egongo da, eta ahots beltz ikusgarri horiek gospela, soula eta musika afrikarra ukituko dituzte. Haien ondoren, DORAren ahots gazteak goizeko saioa itxiko du.

“Herritar guztiak gonbidatzen ditugu Gasteizko Jazzaldiaren edizio honetan parte hartzera. Proposamen oso interesgarriak ditugu, era askotakoak, eta arima elikatzeaz gain, Gasteiz suspertzen lagunduko dute”, esan du Hezkuntza eta Kultura zinegotziak

Sarrerak datorren asteartean, ekainaren 15ean, jarriko dira salgai www.jazzvitoria.com web orrian.

 

Informazio gehiago

 

 

Share

USN World Summer Cup txapelketa hartuko du Gasteizek uztailaren 10ean

 

Iradier Aretoan egingo da rap-kantarien arteko lehia, segurtasun-neurri guztiak beteta

 

Uztailaren 10ean, Unity Stars Nation World Summer Cup txapelketako sailkapen jardunaldietako bat egingo da Iradier Arenan, munduko freestyler rap-kantaririk onenak lehiatzen diren kultur ekitaldia, hain zuzen ere. Ekitaldian osasun agintariek ezarritako neurri guztiak beteko dira parte-hartzaileen segurtasuna bermatzearren.

Espainiako hamar hiritan egingo da txapelketa, eta horietako bat dugu Arabako hiriburua, eta Argentina, Mexiko, Kolonbia, Txile, Peru eta Espainiako rap-dantzariak arituko dira lehian aurten.

“Iradier Arenak kultur -eta aisialdi- programazio heterogeneoaren aldeko apustua egiten du, askotariko hartzaileak erakartzeko. Rap-musikak joan den mendeko 80ko hamarkadan ditu erroak, baina, gure lurraldean orain erakarri ditu gazte gehien. Ekitaldi honekin, Gasteiz estatuko freestyle mapan kokatu da” azpimarratu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, eta ekitaldira joatera animatu du.

Gasteizen errimak egiten trebeenak direnak finalerdietarako sailkapen-probak egingo dituzten beste hirietako irabazleekin lehiatu beharko dira. Hiri hauetan egingo dira gainerako sailkapenak:  Almería (uztailak 9), Murtzia (uztailak 11), Malaga (uztailak 16), Gijón (uztailak 17) eta A Coruña (uztailak 18).

Finalerdikoak Bartzelonan (uztailaren 21ean), Madrilen (uztailaren 23an) eta Alacanten (uztailaren 25ean) egingo dira. Finala, berriz, Valentzian, uztailaren 31n.

Maiatzaren amaieran jakingo da lehen sailkapen-probetan parte hartuko duten taldeen osaera. Guztietan, nazioarteko artista bat, nazioko beste bat, profesional bat eta “rooki” edo talentu berri bat egongo dira. Rap-kantari berri horiek Espainiako hirietan aukeratuko dituzte.

Gasteizko ekitaldiari amaiera emateko, Endika Gutiérrez ‘Invert’ euskal rap-kantariaren emanaldia izango da, ikastetxeetan freestyle bidez bullying-aren aurkako borrokan aritzeagatik kantari ezaguna.

Unity Stars Nation World Summer Cup ekitaldiak Gasteizko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren babesa du.

Sarrerak maiatzaren 26ko (asteazkena) 12:00etatik aurrera erosi ahalko dira.

 

Informazio gehiago

 

 

 

Share

Iradier Arena Kultura Bizi Gunea bihurtuko da, lurraldeko kulturarentzako eta herritarrentzako espazio bat

Erakundeek eta kultur eragileek 600 pertsonentzako ikuskizunak programatu dituzte, segurtasun neurri guztiekin, maiatzetik irailera bitartean

 

Gaur Ignacio Aldecoa Kultura Etxean “Kultura Bizia Gunea” aurkeztu da. Leku horretan, lurraldeko hainbat kultura eragilek, Kultura Bizia elkartearen pean antolaturik, mota guztietako kultura ekitaldiak antolatu ahal izango dituzte 600 pertsonarentzat, apiril honetatik irailaren bukaera arte, erakundeen eta Laboral Kutxaren babesarekin, besteak beste, une bakoitzean behar diren osasun neurri guztiak eta gizarte distantzia gordez.

Hauek parte hartu dute aurkezpenean: Ana del Val, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua; Paco Galve, Gasteizko Udaleko Hezkuntza eta Kultura zurendaria; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Daniel Solana, Basquetour-en zuzendaria; Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako komunikazio arduraduna, eta Javier Sagastume, Kultura Biziaren presidentea.

Gasteizko Udalaren izenean, Paco Galvek adierazi du Iradier Arena oraingoz ez dela “denok nahiko genukeen erabilera anitzeko eraikina, baina etorkizunean hala izango da”. Onartzen du ekipamendu horrek hainbat gabezia dituela, eta gabezia horiek konpondu egin behar direla erabilera anitzeko izaera hori har dezan eta Principal antzokiaren alternatiba izan dadin eraberritze-lanek irauten duten bitartean.

Gune hori erakundeen arteko lankidetzari eta erakundeen eta kultura eragileen arteko entzute aktiboari esker sortu da, beharrezkoa zelarik segurtasun eta entzule kopuruaren aldetik lehendik zeuden beste areto batzuek testuinguru jakin horretan ahalbideratzen ez zituzten baldintzetan programatzeko modua ematen zuen eremu bat izatea.

Horrela, erakundeek azpiegitura eta azpiegiturarako laguntza jartzen dituzte, eta eragileek programatu eta ikuskizunak eskainiko dizkiete herritarrei.

Ekitaldi baieztatuak

San Prudentzioren eta Estibalizko Andra Mariaren omenez apirilaren 27rako eta maiatzaren 1erako erakundeek antolatu eta joan zen astean jada jakinarazitako ekitaldiei, eguna baieztaturik daukaten kontzertu hauek gehituko zaizkie, oraingoz:

  • maiatzaren 15a: La Excavadora + Crim
  • maiatzaren 22a: Talco + The Potes
  • maiatzaren 29a: Gatibu

Kultura Bizia Guneak programazio iraunkorra izango du. Izan ere, itunduta daude, nahiz eta oraindik eguna zehaztea falta izan, The Baboom Show, Mambo Jambo eta Lágrimas de Sangre taldeak, besteak beste, eta haren web orrian eta haren komunikazio zerbitzuaren bitartez, gainerako ekitaldien berri emango da.

Hemen eros daitezke sarrerak: www.kulturabizia.eus

 

 

 

 

 

 

Share