Prentsa Oharren banner

Erdi Aroko hiriguneko berdeguneak areagotzeko azterlan bat enkargatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak

Berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udala —auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera— gaur egun lantzen ari den Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

 

Laguntza teknikoa kontratatzea onetsi du gaur Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko kontseiluak, Erdi Aroko hirigunearen naturalizazioan aurrera egiteko, esku hartzea bideragarria den bide publikoko eta ondare eraiki publiko nahiz pribatuko espazioak identifikatuko dituen eta bertan azpiegitura berdeen arloko esku-hartzeak planteatuko dituen lan baten bitartez. Hainbat jarduketa izan litezke posible, hala nola zuhaitzak eta igokariak landatzea, lorategiak eta loreontziak jartzea, besteak beste.

2004. urtean Gasteizko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia onetsi zenetik, esku-hartze ugari egin dira hiriko natura eta berdeguneak bultzatzeko. “Jarduketa horiei esker, hiriko biodibertsitatea eta horri lotutako ekosistema-onurak handitzea lortzen ari gara: airearen kalitatea hobetzea, klima-erosotasuna, euri-uraren iragazketa areagotzea eta abar. Bertako hirigintza-taxuera berezia dela eta, biztanle bakoitzeko espazio berdeen ratiorik txikiena duen auzoetako bat da Erdi Aroko hirigunea, eta, horregatik, lorategi-eremu txikiek eta beste elementu berde batzuek garrantzi handia dute”, azaldu du IGIko lehendakari Ana Oregik. Hain zuzen ere, berdea eta biodibertsitatea areagotzea da Udalak, auzoko eragileekin eta kolektibo sozial eta ekonomikoekin batera, gaur egun lanean diharduen Erdi Aroko hirigunea osorik berroneratzeko estrategian jasotako jarduketa-proposamen nagusietako bat

Espazioak eta jarduketak proposatu aurretik, azpiegitura-sareekin, trafikoarekin, eraikitako ondarearekin, hirigintza-bilbearekin, jabetzarekin, zuhaiztiekin eta berdeguneekin lotutako baldintzatzaile fisiko eta legalak aztertuko dira.  Era berean, planteatutako esku-hartzeen onarpen soziala eta horiek garatzeko eta mantentzeko herritarren inplikazio- eta partaidetza-maila hartuko dira kontuan, arrakasta bermatzeko faktore gisa.

Espazioen eta esku-hartzeen hainbat katalogo egingo dira —espazio eta esku-hartze bakoitzeko planoak, zirriborroak eta azalpen-txosten bana—, eta kudeaketa- eta mantentze-beharrak zehaztuko, baita aktore lokalen jarrera eta inplikazio-maila ere.

Azterketarekin batera, auzoa naturalizatzeko egokienak diren landare-espezieen katalogo bat aurkeztuko da, haien mantentze-lanen, etorkizuneko garapenaren eta horrek dakartzan ekosistema-onuren arabera. Halaber, azpiegitura berdearen kudeaketa partekatzeko proposamen bat egingo da.

  1. urtearen hasieran azterlana prest egotea aurreikusten da.
Share

Superetxadien proiektuak Zabalgana eraldatuko du, Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan trafikoaren igarobidea eteteko berdeguneak jarriko baitira

Ibilgailurik gabeko “lotune” naturalizatu horiek oraingo oinezkoen ibilbideetatik igarotzea bermatuko dute, eta herritarrak egoteko eta aisialdiko jarduerak egiteko lekuak izango dira  

“Autoentzako 7.500 metro koadro zoladura pertsonentzako gune bihurtuko ditugu”, azaldu du alkateak 

Ekintza horiei esker handitu egingo da auzoko bide-segurtasuna, trafikoaren abiadura motelduko baita superetxadien barruan  

Zabalganean aurten bertan 2 milioi euro inbertitzeko asmoa du udal gobernuak, eta lanean ari da plana beste auzo batzuetara hedatzeko

 

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

DOSSIER SUPERETXADIAK ZABALGANA

Gasteizko Udalak, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, Zabalgana auzoa eraberrituko du, superetxadietan oinarritutako proposamen ausart batekin. Alkateak iragarri duenez, udal gobernuak bi milioi euro inbertituko ditu aurten bertan espazio publikoan hamar bat esku-hartze burutzeko, orain autoentzako zoladura dagoen lekuetan berdegune berriak sortu ahal izateko. Herritarrak egoteko eta elkartzeko aukera emango dute espazio horiek, eta Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan trafikoaren igarobidea eteteko balioko dute, dauden oinezkoentzako pasealekuei jarraitutasuna emanez. Gaur arratsaldean aurkeztuko zaie proposamena auzokoei, Zabalganeko gizarte-etxean egitekoa den auzogunean, 18.00etan.

“Superetxadia Gasteizen apustua da nazioarte mailan abangoardian jartzeko. Urteak daramatzagu eredu hori lantzen, eta beste bultzada emateko unea iritsi da. Zabalganean hiri-diseinu berritzailea baliatuko dugu, oinezko eta bizikletazko joan-etorriak sustatuz, kaleak bizigarriago eginez eta bide-segurtasuna indartuz, ibilgailu pribatuentzat zen espazio publikoa pertsonentzat berreskuratuz, berdegune berriak egokituz, eta inguruneko merkataritza dinamizatuz”, aletu du Gorka Urtaran alkateak. Gasteizko alkateak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderorekin batera aurkeztu du proposamena; azken horrek “hiria eraldatzeko garrantzitsutzat” jo du proiektua.

Superetxadia da hiriko espazio publikoa birdiseinatzeko oinarrizko pieza, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planak ezarritakoari jarraituz. Auzoen barrualdea ibilgailuen trafikotik babestea da helburua. Nola? Abiadura nabarmen murriztuz (orduko 20 eta 10 kilometrora), trafikoa etenez eta kaleak oinezkoentzat utziz.

Orain Zabalganerako proposatzen den esku-hartze eredua harago doa, hiriko bideen sarearen babesa —Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean jasoa— hartu baita abiapuntutzat. Udalaren helburua da oinezkoen ibilbide horiek babestea. Hori dela eta, Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan berdegune berriak sortzea proposatzen da. “Autoentzako 7.500 metro koadro zoladura eraldatuko dugu, pertsonei emateko“, azaldu du alkateak.

Espazio horiei esker, batetik, oraingo oinezkoentzako bideak lotu ahalko dira, jarraitutasuna emanez; bestetik, eragindako zirkulazio-bideak joan-etorrikoak bihurtuko dira, eta hartara, auzotik abiadura handiz igarotzen den trafikoa desagerraraziko da. “Igarotzeko kaleak izateari utzi eta egoteko kaleak bihurtuko dira”, azaldu du alkateak.

Aurreikusitako esku-hartzeen bidez, asfaltoaren ordez parke txikiak egokituko dira; horretarako, herritarren iritzia ezagutu nahi da, auzoak eskatzen dituen proiektuak garatze aldera: piknikerako guneak, xakean aritzeko mahaiak, haurrentzako jolasak, mahai-tenisa… Mediterraneoaren hiribidean, Gurutze Gorriaren ibilbideko parketik datorren ibilbide naturala jarraitu nahi da. Ilustrazioaren hiribidearen kasuan, bi lotune berde sortzea aurreikusi da. Bestetik, auzoko garaje komunitarioetarako sarbidea une oro bermatuko da.

Ilustrazioaren hiribidean eta Mediterraneoaren hiribidean egin nahi diren esku-hartze deigarrienez gain, Udalak esku har daitekeen hamar gune identifikatu ditu (Labastida, Salvador Dalí, Iruña Veleiako hiru eremu… Proposamenetako bat da superetxadien barruko kaleetan sarbidea errei batera murriztea, parterre txikiak jarriz. Neurri horiek dagoeneko probatu dira hiriko beste leku batzuetan, eta baliagarriak dira inguru horietara sartzean ibilgailuek abiadura moteldu dezaten.

Share