Prentsa Oharren banner

20 herrialdetako 100 emakumetik gora lehiatuko dira Gasteizen Araba World Tennis Tour txapelketaren bigarren edizioan

Uztailaren 12tik 18ra bitartean Araba World Tennis Tour Vitoria-Gasteiz 2021 “Araba en femenino” txapelketa jokatuko da Peña Vitoria-ren instalazioetan;  ITF 60000 kategoriako txapelketa da, eta Euskadiko hiriburua erreferente egiten du proba hauetan nazio mailan. 20 herrialdetako 120 jokalari inguruk —zeinak WTA sailkapenaren 100 zenbakitik aurrera baitaude— hartuko dute parte munduko zirkuiturako puntuagarria izango den proban, eta ITF-Nazioarteko Tenis Federazioak ikuskatuko du.

Kirol eta Osasun arloko zinegotzi Livia Lopezek hartu du parte ekitaldiaren aurkezpenean. Iaz bertan behera geratu zen pandemia zela eta, eta aurten jarraipenaren eta sendotzearen aldeko apustua egin du, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesari esker.

Azalera gogorreko lau pistatan jokatuko dira partidak, b banakako eta binakako kategorietan. Banaka multzo nagusian 32 jokalari arituko dira: 17, zuzenean onartuak; 6, aurretiazko fasean sailkatuak; 5, ITFren sailkapena dutenentzat erreserbatuak, eta 4, “Wild card” bidez antolakuntzak gonbidatuak, horien artean, Arabako sailkapeneko 1. lekua duen Marta García. Banakako aurretiazko fasean 24 jokalari izango dira: 20, zuzenean onartuak, eta 4,  “wild card” bidezkoak. Binakakoetan 16 bikotek osatuko dute txapelketaren multzo nagusia.

20 bat herrialdetako jokalariek hartuko dute parte; gehienak leku hauetatik etorriko dira: Espainia, Grezia, Paraguai, Argentina, Austria, Alemania, Errusia, Holanda, Frantzia, Norvegia, Brasil, Mazedonia, Venezuela, Italia, Erresuma Batua, Belgika eta Mexiko.

Ekitaldia Gasteiz hirira zabaltzeko asmoz, jarduera bat antolatuko da Andre Maria Zuriaren plazan, mini tenis-pistak erabiliz; Peña Vitoriana-ko entrenatzaileekin eta txapelketako jokalariren batekin aritu ahal izango da. Horrekin batera, jarduera paraleloak izango dira; horien artean, Proam txapelketa, gurpildun aulkiko tenis-erakustaldia eta umeekin clinic bat, Peña Vitoria-ren instalazioetan.

Share

Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioa izango da otsailaren 25ean, Europa jauregian

  • Kirolari lokal handiak eta kirol-kudeaketaren arloko profesionalak bilduko dira, Covid-19aren aurrean seguru izateko asmoz diseinatutako biltzarrean

 

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Valek eta Meta Finalen zuzendari fundatzaile Juan Canterok aurkeztu dute Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioa. Otsailaren 25ean izango da, ostegunez, Europa biltzar-jauregian, eta kirolaren kudeaketa profesionala izango du ardatz.

Ekitaldi presentzial seguru gisa diseinatu da, entzuleentzako berariazko babes-neurriekin — 350 eserlekutara murriztutako edukiera, akreditazio-aplikazioa, tenperatura-kontrolak eta beste—. Hizlarientzako eta laguntza-langileentzako neurririk ere izango da —distantzia, lan-eremu seguruak eta beste—.

Lehen edizioko eskemari eutsiko zaio: mahai-inguruak, hitzaldiak eta solasaldiak izango dira, eta hainbat gai jorratzeko, hala nola eliteko kluben kudeaketa, berrikuntza —saskibaloiko Euroligan, kasu—, marken trataera kirolean, edo datuen erabilera, kirolaren arloko profesionalei laguntzeko tresna gisa.

Modu paritarioan egindako 29 hizlariren zerrendan bertako hainbat kirolari izango dira: Iván Fernández —Ruth Brito triatletarekin solasean—, Tania Calvo, Tania Lamarca, Laura Pardo eta Patxi Peula. Era berean, aipatzekoa da FIFAren, Euroligaren, Espainiako Futbol Federazioaren, Euskaltel Fundazioaren, futbol-ligako negozio-eskolaren eta Lehen Mailako lau euskal kluben ordezkariak bertan izango direla.

Berrikuntza gisa, otsailaren 25eko jardunaldiak jarraipena izango du, kirol-entitate eta federazio lokalei zuzendutako hiru prestakuntza-lantegiren bitartez. Martxoaren 9an (Babesa), 16an (Komunikazioa) eta 23an (Ekitaldien kudeaketa) izango dira. Tailerretan izena ematea doakoa izango da toki-erakundeentzat.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek eskertu egin du Gasteiz Sport Business biltzarraren antolatzaileek bigarren edizio hori posible egiteko erakutsi duten kemena. “Gauzak ez dira errazak orain. Zail dago kirola egitea, eta zail biltzarrak egitea. Baina kirolak erakusten digun balio nagusietako baten erakusgarria dugu hau, zailtasunei aurre egiteko nahiarena”, nabarmendu du.

Joan den astetik dago zabalik izena emateko epea, eta webgune honetan egin daiteke: http://www.gasteizsportbusiness.com/

 

Share