Prentsa Oharren banner

Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioa izango da otsailaren 25ean, Europa jauregian

  • Kirolari lokal handiak eta kirol-kudeaketaren arloko profesionalak bilduko dira, Covid-19aren aurrean seguru izateko asmoz diseinatutako biltzarrean

 

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek, Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Valek eta Meta Finalen zuzendari fundatzaile Juan Canterok aurkeztu dute Gasteiz Sport Business biltzarraren bigarren edizioa. Otsailaren 25ean izango da, ostegunez, Europa biltzar-jauregian, eta kirolaren kudeaketa profesionala izango du ardatz.

Ekitaldi presentzial seguru gisa diseinatu da, entzuleentzako berariazko babes-neurriekin — 350 eserlekutara murriztutako edukiera, akreditazio-aplikazioa, tenperatura-kontrolak eta beste—. Hizlarientzako eta laguntza-langileentzako neurririk ere izango da —distantzia, lan-eremu seguruak eta beste—.

Lehen edizioko eskemari eutsiko zaio: mahai-inguruak, hitzaldiak eta solasaldiak izango dira, eta hainbat gai jorratzeko, hala nola eliteko kluben kudeaketa, berrikuntza —saskibaloiko Euroligan, kasu—, marken trataera kirolean, edo datuen erabilera, kirolaren arloko profesionalei laguntzeko tresna gisa.

Modu paritarioan egindako 29 hizlariren zerrendan bertako hainbat kirolari izango dira: Iván Fernández —Ruth Brito triatletarekin solasean—, Tania Calvo, Tania Lamarca, Laura Pardo eta Patxi Peula. Era berean, aipatzekoa da FIFAren, Euroligaren, Espainiako Futbol Federazioaren, Euskaltel Fundazioaren, futbol-ligako negozio-eskolaren eta Lehen Mailako lau euskal kluben ordezkariak bertan izango direla.

Berrikuntza gisa, otsailaren 25eko jardunaldiak jarraipena izango du, kirol-entitate eta federazio lokalei zuzendutako hiru prestakuntza-lantegiren bitartez. Martxoaren 9an (Babesa), 16an (Komunikazioa) eta 23an (Ekitaldien kudeaketa) izango dira. Tailerretan izena ematea doakoa izango da toki-erakundeentzat.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek eskertu egin du Gasteiz Sport Business biltzarraren antolatzaileek bigarren edizio hori posible egiteko erakutsi duten kemena. “Gauzak ez dira errazak orain. Zail dago kirola egitea, eta zail biltzarrak egitea. Baina kirolak erakusten digun balio nagusietako baten erakusgarria dugu hau, zailtasunei aurre egiteko nahiarena”, nabarmendu du.

Joan den astetik dago zabalik izena emateko epea, eta webgune honetan egin daiteke: http://www.gasteizsportbusiness.com/

 

Share