Prentsa Oharren banner

(Audioaz eguneratua) Memoriaren plaza berriak aukera emango du oinezkoentzako kalitatezko beste topaketa-eremu bat edukitzeko Gasteizen erdi-erdian, 2,1 milioi inbertitu ondoren

Udalak kanpoko finantzaketako 1,1 milioi lortu ditu proiektua gauzatzeko; Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egongo da, eta jarraipena emango dio Arkupeen eremuaren arestiko eraberritzeari.

Esku hartzeak barne hartuko du Gasteizko bizikleta-aparkalekurik handiena eraikitzea, zeinak 200 plaza gehituko baitizkio VGBiziz sareari.

 

comDOSSIER PLAZA MEMORIA

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Memoriaren plaza berriak, zeina Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egongo baita, aukera emango du oinezkoentzako kalitatezko beste topaketa-eremu bat edukitzeko Gasteizen erdi-erdian. Udalak 2.103.826,50 euro inbertituko ditu lanetan; haietarako, 1,1 milioi euroko kanpoko finantzaketa lortu du (800.000 euro Espainiako Gobernuarenak, eta 300.000 Eusko Jaurlaritzarenak). Urtaranen gobernuak gaur goizean erabaki du lizitaziora ateratzea esku-hartze hori gauzatzeko kontratua, Tokiko Gobernu Batzar berezi batean. Obrak egin beharko dituen enpresak 8 hilabeteko egikaritze-epea izango du, adjudikatzen den egunetik.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua; horretan, koherentzia estetikoari eutsiko zaio San Frantzisko aldaparen eta Arkupeen eremuan egindako eraberritzearekiko (Oroimenezko Zentroaren inguruaren 1. fasea), eta ingurunea erabat birbanatu eta modernizatzea ekarriko du berekin. Plaza berri hori nabarmenduko da kalitatezko espazio publiko moderno gisa, eta oinezkoentzako eta herritarrak elkartzeko izaera nabaria izango du. Halaber, inguruneko zuhaitzak mantenduko dira, eta altzari guztiak aldatu. “Plaza berri eta ikusgarri bat izango dugu Gasteizen erdi-erdian: Memoria plaza”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Udalean erdigunea dinamizatzeko ekimenak bultzatzen ditugu, espazio publikoaren aldaketak sustatzen jarraitzen dugu, adeitsuagoa eta oinezkoen mugikortasunera bideratuagoa den eta, azken batean, Gasteiztarrek beren kale-plazak goza ditzaten helburua duen espazio publiko lortzeko”. Alkatearekin batera Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero izan da ekimenaren aurkezpenean.

 

BIRBANATZEA

Mateo Morazatik datorren trafikoa desbideratu izanari esker egin ahal izango da Memoriaren plaza berria, eraberritzearen lehenengo fasearen ondoren Oroimenezko Zentroaren atzean baitoa. Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen artean libre utzi den espazioan sortu da inguru berri horretan eraikitzeko aukera. Halaber, jarduketak aukera ematen du oinezkoentzako beste ardatz batzuk sortzeko: Posta kaletik Aizkora plazaraino (Plaza Berrian, Postetxean, Espainiako Bankuan eta Arkupeetan zehar), eta eskailera mekanikoen eta igogailuaren bidez San Vicente aldaparen hasieran amaitzen den pasealeku irisgarri berri bat.

 

PLAZA

Proiektua plaza berri bat eraikitzean datza: Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen arteko kota-aldea konpontzen duen plataforma moduko bat izango da. Plaza berri horren azpian egongo da bizikletetarako aparkaleku handia, 200 bat plazakoa.

 

Mendebaldeko alboan, Plaza Berriko mugaren ondoan, tarte txiki batean eskaileren bidez konponduko da plataforma horren eta oinezkoentzako ibilbidearen arteko desnibela. Bizikletak aparkatzeko eraikinaren parean, beste eskailera-maila batzuk jarriko dira, eta jendea eseri ahal izango da haietan (gaur egun San Frantzisko aldapa berrian bezala).

Hegoaldean, berriz, arrapala batek aparkalekura sartzeko bidea emango du.

Eta, ekialdeko alboan, Corten altzairuzko jardinera batek itxiko du plaza Olagibel aldera, eta trafikotik babestuko du.

 

BERDEGUNEAK

Ikuspegi arkitektonikotik, zuhaitzak elementu gako eta zentral bihurtuko dira, eta esparru berria antolatzeko aukera emango dute. Dauden platanoak kalitatekoak dira eta geriza ematen diote plazari, eta haien inguruan banku berriak jarriko dira, haietan jendeak atseden hartu ahal izateko.  Halaber, bizikleta-aparkalekuaren gainean parterre bat egingo da, kolorea emango duten zuhaixkekin, eta, hirugarren parterre bat egingo da heskaiekin, ekialdeko alboan, Olagibel kaletik isolatzeko.

 

KOHERENTZIA ESTETIKOA

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren diseinuak Andre Maria Zuriaren plazako eta azken urteotan egindako beste esku-hartze batzuetako hizkera berari eusten dio, eta granito horiko zoruak egongo dira zoladura gehienetan, eta beste batzuetan, grisa. Eskaileretako harmailak, aldiz, Aldapa aldekoen modukoak dira.

Jardinerak eta bankuak, Corten altzairuzkoak, Andre Maria Zuriaren plazan eta beste jarduketa batzuetan erabilitakoen tipologia bera izango dute.

 

BIZIKLETA-APARKALEKUA

Bizikleta-aparkalekua hiriko handiena izango da, eta aukera emango du 200 ibilgailu aparkatzeko bi alturako bizikleta-aparkalekuetan. Azpiegitura VGBiziz sarean txertatuko da, eta bertan sartzeko kudeaketa-sistema bera erabiliko da. Horrez gain, espazio bat gordeko da cargo-bikeetarako, eta beste bat, bizikleta elektrikoetarako, bi sistema haien aldeko apustua egiten baitu Udalak, bereziki. Lonja berriaren akaberak ageriko hormigoizkoak izango dira.

 

ALTXARIAK ETA INSTALAZIOAK

Horrelako esku-hartzeetan ohikoa den bezala, Udalak hainbat gauza berritzeko aprobetxatuko du: zoladura, instalazioak, drainatze-sarea, ureztaketa, argiteria…

Ildo horretan, led-teknologiadun argi-puntu berri batzuk, iturri apaingarri bat, Gasteiz estilo bankuak, banku luzeak, barandak eta sareta jarriko dira.

AMVISAk ere berrituko du eremuko saneamendu-sarea, 495.406,22 euroko inbertsioarekin (BEZa barne).

 

Share

Trafiko etenak azaroaren 23tik aurrera, Arkupeen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko lanen azken fasea dela eta

Gernikako Estatutuaren kalea, Mateo Moraza kalea eta San Frantzisko kalea asfaltatuko ditu udalak egunotan.

 

Arkupeen inguruko lanak

Arkupeen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren inguruneko obrak azken txanpan sartu dira. Testuinguru horretan, azaroaren 23tik 27ra bitartean Gernikako Estatutuaren kalea, Mateo Moraza kalea eta San Frantzisko kalea asfaltatuko dira. Lan horiek direla eta, trafikorako itxi beharko dira kale horiek. Lanek eragina izango dute zamalanetan, baita jarduera-eremuaren barruan edo inguruan dauden garaje eta aparkalekuetan ere. Horien eragina ahalik eta txikiena izan dadin, aldi horretan aldatu egingo da zirkulazioa aipatutako eremutik hurbil dauden kaleetan, eskema honen arabera:

Prado kalea (Cadena y Eletatik Loma Jeneralaren plazaraino):

Zirkulazioaren noranzko bikoitza.

Bakarrik auzokoak sartu ahalko dira, edo zamalanetarako.

 

Mateo Moraza kalea:

Leku bakarretik egingo dira sartu-irtenak,

Andre Maria Zuriaren plazatik.

Zirkulazioaren noranzko bikoitza.

Zamalanetarako bakarrik sartu ahalko da.

 

Zapatari, Errementari eta Diputazio kaleak:

Andre Maria Zuriaren plazan barrena Hedegile kalera atera ahalko da.

 

Olagibel kalea (Agirre Lehendakariaren kaletik Foru kalera):

Zirkulazioaren noranzko bikoitza.

Bakarrik auzokoak sartu ahalko dira, edo zamalanetarako.

 

San Bizente aldapa:

Itxita

Zamalanak Aiztogile kaletik eta Frai Zacarias Martinez kaletik egingo dira.

 

San Frantzisko aldapa:

Itxita egongo da.

Zamalanak Mateo Moraza kaletik egingo dira.

 

Pintore kalea (San Frantzisko Xabierkoaren kantoitik Errege ateraino):

Leku bakarretik egingo dira sartu-irtenak,

San Frantzisko Xabierkoaren kantoitik.

Zirkulazioaren noranzko bikoitza.

Zamalanetarako bakarrik sartu ahalko da.

 

San Frantzisko kalea:

Itxita.

 

Errege atea:

Itxita egongo da.

Irteerak:           Barnekale Berritik: auzokoak eta zamalanetarako.

Kanpokale Berritik: oro har.

 

Santa Maria kalea:

Zirkulazioaren noranzkoa hegoaldetik iparraldera izango da, kale osoan.

 

 

 

TUVISA

TUVISAren 5., 6., 7. eta 10. lineei ere eragingo die. Prado kaleko eta Olagibel kaleko 20.eko geltokietan ez da zerbitzurik izango azaroaren 23tik 27ra arte.

Share

Urtaranen gobernuak 800.000 euro eskuratu ditu Gobernu zentraletik, Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruneko bigarren faseko lanak finantzatzeko

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek jakinarazi du gaur goizean udal-gobernuak 800.000 euro lortu dituela Gobernu Zentraletik, Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen inguruneko bigarren faseko lanak finantzatzeko. Jarduera honetarako, gutxi-gorabehera, 2,2 milioi euroko aurrekontua dago. “Lehenengo fasea egiteko 1,7 milioi euroko laguntza izan genuen. Eta bigarren faserako, 800.000 euro. Kanpoko finantziazioa funtsezkoa da Udalarentzat, hau bezalako proiektuak martxan jartzeko orduan”, azaldu du Gasteizko alkateak.

Proiektua gaur egun burutzen ari den lehen fasearen jarraipena da. Horren bidez plaza berri bat egingo da postetxearen eta Oroimenezko Zentroaren artean: Oroimenaren plaza. Leku ireki eta berriztatua izango da, abegikorra oinezkoekin, eta berdegune batez hornitua.

Gainera, espazio berri horren azpian Udalak hiriko bizikleta-aparkaleku handiena egiteko asmoa du, 500 bizikleta hartzeko aurreikusten baita. Aparkaleku horretan egoiliarrentzako lekuak eta txandakakoak egongo dira.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua, ia-ia amaitzear dagoena.

Dosierra

 

Share