Prentsa Oharren banner

(Audioaz eguneratua) Memoriaren plaza berriak aukera emango du oinezkoentzako kalitatezko beste topaketa-eremu bat edukitzeko Gasteizen erdi-erdian, 2,1 milioi inbertitu ondoren

Udalak kanpoko finantzaketako 1,1 milioi lortu ditu proiektua gauzatzeko; Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egongo da, eta jarraipena emango dio Arkupeen eremuaren arestiko eraberritzeari.

Esku hartzeak barne hartuko du Gasteizko bizikleta-aparkalekurik handiena eraikitzea, zeinak 200 plaza gehituko baitizkio VGBiziz sareari.

 

comDOSSIER PLAZA MEMORIA

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Memoriaren plaza berriak, zeina Postetxearen eta Biktimen Oroimenezko Zentroaren artean egongo baita, aukera emango du oinezkoentzako kalitatezko beste topaketa-eremu bat edukitzeko Gasteizen erdi-erdian. Udalak 2.103.826,50 euro inbertituko ditu lanetan; haietarako, 1,1 milioi euroko kanpoko finantzaketa lortu du (800.000 euro Espainiako Gobernuarenak, eta 300.000 Eusko Jaurlaritzarenak). Urtaranen gobernuak gaur goizean erabaki du lizitaziora ateratzea esku-hartze hori gauzatzeko kontratua, Tokiko Gobernu Batzar berezi batean. Obrak egin beharko dituen enpresak 8 hilabeteko egikaritze-epea izango du, adjudikatzen den egunetik.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatu du proiektua; horretan, koherentzia estetikoari eutsiko zaio San Frantzisko aldaparen eta Arkupeen eremuan egindako eraberritzearekiko (Oroimenezko Zentroaren inguruaren 1. fasea), eta ingurunea erabat birbanatu eta modernizatzea ekarriko du berekin. Plaza berri hori nabarmenduko da kalitatezko espazio publiko moderno gisa, eta oinezkoentzako eta herritarrak elkartzeko izaera nabaria izango du. Halaber, inguruneko zuhaitzak mantenduko dira, eta altzari guztiak aldatu. “Plaza berri eta ikusgarri bat izango dugu Gasteizen erdi-erdian: Memoria plaza”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Udalean erdigunea dinamizatzeko ekimenak bultzatzen ditugu, espazio publikoaren aldaketak sustatzen jarraitzen dugu, adeitsuagoa eta oinezkoen mugikortasunera bideratuagoa den eta, azken batean, Gasteiztarrek beren kale-plazak goza ditzaten helburua duen espazio publiko lortzeko”. Alkatearekin batera Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero izan da ekimenaren aurkezpenean.

 

BIRBANATZEA

Mateo Morazatik datorren trafikoa desbideratu izanari esker egin ahal izango da Memoriaren plaza berria, eraberritzearen lehenengo fasearen ondoren Oroimenezko Zentroaren atzean baitoa. Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen artean libre utzi den espazioan sortu da inguru berri horretan eraikitzeko aukera. Halaber, jarduketak aukera ematen du oinezkoentzako beste ardatz batzuk sortzeko: Posta kaletik Aizkora plazaraino (Plaza Berrian, Postetxean, Espainiako Bankuan eta Arkupeetan zehar), eta eskailera mekanikoen eta igogailuaren bidez San Vicente aldaparen hasieran amaitzen den pasealeku irisgarri berri bat.

 

PLAZA

Proiektua plaza berri bat eraikitzean datza: Oroimenezko Zentroaren eta Postetxearen arteko kota-aldea konpontzen duen plataforma moduko bat izango da. Plaza berri horren azpian egongo da bizikletetarako aparkaleku handia, 200 bat plazakoa.

 

Mendebaldeko alboan, Plaza Berriko mugaren ondoan, tarte txiki batean eskaileren bidez konponduko da plataforma horren eta oinezkoentzako ibilbidearen arteko desnibela. Bizikletak aparkatzeko eraikinaren parean, beste eskailera-maila batzuk jarriko dira, eta jendea eseri ahal izango da haietan (gaur egun San Frantzisko aldapa berrian bezala).

Hegoaldean, berriz, arrapala batek aparkalekura sartzeko bidea emango du.

Eta, ekialdeko alboan, Corten altzairuzko jardinera batek itxiko du plaza Olagibel aldera, eta trafikotik babestuko du.

 

BERDEGUNEAK

Ikuspegi arkitektonikotik, zuhaitzak elementu gako eta zentral bihurtuko dira, eta esparru berria antolatzeko aukera emango dute. Dauden platanoak kalitatekoak dira eta geriza ematen diote plazari, eta haien inguruan banku berriak jarriko dira, haietan jendeak atseden hartu ahal izateko.  Halaber, bizikleta-aparkalekuaren gainean parterre bat egingo da, kolorea emango duten zuhaixkekin, eta, hirugarren parterre bat egingo da heskaiekin, ekialdeko alboan, Olagibel kaletik isolatzeko.

 

KOHERENTZIA ESTETIKOA

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren diseinuak Andre Maria Zuriaren plazako eta azken urteotan egindako beste esku-hartze batzuetako hizkera berari eusten dio, eta granito horiko zoruak egongo dira zoladura gehienetan, eta beste batzuetan, grisa. Eskaileretako harmailak, aldiz, Aldapa aldekoen modukoak dira.

Jardinerak eta bankuak, Corten altzairuzkoak, Andre Maria Zuriaren plazan eta beste jarduketa batzuetan erabilitakoen tipologia bera izango dute.

 

BIZIKLETA-APARKALEKUA

Bizikleta-aparkalekua hiriko handiena izango da, eta aukera emango du 200 ibilgailu aparkatzeko bi alturako bizikleta-aparkalekuetan. Azpiegitura VGBiziz sarean txertatuko da, eta bertan sartzeko kudeaketa-sistema bera erabiliko da. Horrez gain, espazio bat gordeko da cargo-bikeetarako, eta beste bat, bizikleta elektrikoetarako, bi sistema haien aldeko apustua egiten baitu Udalak, bereziki. Lonja berriaren akaberak ageriko hormigoizkoak izango dira.

 

ALTXARIAK ETA INSTALAZIOAK

Horrelako esku-hartzeetan ohikoa den bezala, Udalak hainbat gauza berritzeko aprobetxatuko du: zoladura, instalazioak, drainatze-sarea, ureztaketa, argiteria…

Ildo horretan, led-teknologiadun argi-puntu berri batzuk, iturri apaingarri bat, Gasteiz estilo bankuak, banku luzeak, barandak eta sareta jarriko dira.

AMVISAk ere berrituko du eremuko saneamendu-sarea, 495.406,22 euroko inbertsioarekin (BEZa barne).

 

Share