Prentsa Oharren banner

Pamela Palencianori babesa eskaintzeari buruzko Adierazpen Instituzionala

Pamela Palenciano eta bere inguruko zein familiako kide batzuk jasaten ari diren gorroto, jazarpen eta eraso matxisten kanpaina irmoki deitoratzen eta gaitzesten du Gasteizko Udalak “Ulertezina” da Pamela Palencianoren aurkako salaketa bat jarri izana, kereila gisa, gizonekiko ‘tratu iraingarriagatik’, eta Madrilgo Instrukzioko 15. Epaitegiak salaketa izapidetzea onartu izana, are gehiago jakina denean jazarpena sare sozialetan jasaten ari dela eta elkarte zein talde jakin batzuen aldetik etengabeko boikota egiten zaiola bere bakarrizketari.

 

“No Sólo Duelen los Golpes” bakarrizketa ezagunaren bidez, emakumeek egunero jasaten duten indarkeria matxista ikusarazi eta salatu nahi da, bizipen pertsonalaren bidez, eta maitasun erromantikoari buruz hitz egiten digu, gazteei tratu txarren lehen zantzuak antzematen laguntzen dien bitartean. Abusu matxistaren lehen zantzuak detektatzen laguntzeko eta “benetako maitasunak ez duela minik ematen” eta “indarkeriak ez dituela bi bertsio” nabarmentzeko, institutu, unibertsitate eta gizarte-zentroetan zehar dabilen bakarrizketa hunkigarri horrek gure udalerriko ahalduntze feministarako eskola inauguratu zuen 2019-2020 ikasturtean, eta oso eskertuta gaude horregatik.

 

Gogoan izan dezagun, gainera, profil publikoa duten emakume feminista ekintzaileen kontrako indarkeria matxistak esponentzialki egin duela gora azken urteotan. Eta horrekin lotuta, eremu digitalean emakumeen aurkako indarkeriak bizi duen gorakada. Pikara magazineak 2018an argitara eman zuen txosten sakon bat, sareko genero-indarkeriari buruzkoa, eremu horrek eskaintzen duen anonimotasunean ezkutatzen den indarkeria mota, alegia. Emakumeen eskubideak defendatzeagatik ezagun izanik, asko dira behin eta berriro jazarriak eta erasotuak diren emakume ekintzaileak. Euskal Herrian badira horren adibide ugari, Pikara bera, edo Irantzu Varela, esate baterako. Premiazkoa da baliabideak eta estrategiak jartzea jazarpen horiei aurre egiteko. Konpromiso irmoa geureganatu behar dugu, geure ingurunetik hasita, geure hiritik bertatik.

 

Gure udalerrian ez dago indarkeria matxistarako lekurik, eta gure helburua horren aurka etengabe borrokatzea da, indarkeria desagerrarazteko, eta, helburu horrekin, Gasteizko Udaletxeak eta udalbatzak, babes eta elkartasun osoa erakutsi nahi dio Pamela Palencianori eta beste hainbat euskal ekintzaile feministari, bai eta gure gaitzespen irmoa adierazi ere, emakumeen aurka egiten den genero-indarkeria publikoki salatzeagatik haren aurka egin zaizkion eraso guztiak direla eta. Halaber, Udalak gaitzetsi egiten du indarkeria lgtbifobikoaren gorakada, Samuel Luiz zenaren hilketa gogora ekarriz.

Share

Udalak emakume trans batek jasandako erasoa gaitzesten du

Vitoria-Gasteizko Udalak Alde Zaharrean emakume trans batek jasandako erasoa eta irainak gogor gaitzesten eta arbuiatzen ditu. Gertaera horiek LGTBI+ kolektiboaren aurkako gorroto-adierazpen argia dira, eta ez dituzte inola ere ordezkatzen udalerri honen nortasun-ezaugarriak, hau da, bizikidetza, tolerantzia eta aniztasunarekiko errespetua.

Vitoria-Gasteizko Udalak gertutasun eta babes osoa eman nahi dio biktimari.

Vitoria-Gasteizko Udalak dei egiten die herritarrei udalerriko gizarte mugimenduek deitu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko, prebentzio-neurri sanitarioak errespetatuz.

Share

ERAKUNDE ADIERAZPENA, BIDEZKO MERKATARITZA ETA KONTSUMO ARDURATSUA SUSTATZEKO GASTEIZEN

ATARIKOA

Mundu honetan globalizazioa, interkomunikazioa eta interdependentzia gero eta handiagoak dira, distantziak egunez egun laburtzen direla dirudi, baina, hala eta guztiz ere, herrialde aberatsen eta herrialde txiroen arteko tartea gero eta zabalagoa da.

Mundu honetan elikadurari eskubide izaera kendu egin zaio, eta salgai huts bihurtu da; hala, nazioarteko merkataritzaren arauek, oro har, eta nekazaritzako merkataritzaren arauek, bereziki, txirotasunetik ateratzeko dituzten aukerak murrizten dizkiete landa eremuko nekazariei eta lehengaiak esportatzen dituzten txirotutako herrialdeei.

Mundu honetan COVID-19 pandemiak agerian utzi du elikadura nekazarien ezinbesteko lanaren mende dagoela; beren egoerak okerrera egin du, ordea, banaketa-enpresa handiei mesede egiten dieten neurriek nekazari txikiei merkaturatzea eragozten baitiete.

Munduan kontsumitzen diren produktu manufakturatu gehienak, Hegoalde Globaleko langileek egiten dituzte (ehungintza edo teknologia, besteak beste); hala eta guztiz ere, kasu gehienetan ez dira beren lan-eskubideak errespetatzen eta ez dute jasotzen pobreziaren atalasetik gora mantentzeko soldatarik.

Klima-aldaketak bizkor aurrera egiten duen mundu honetan, mugarik gabeko ekoizpen- eta kontsumo-sistema batek bultzatuta, Hegoalde Globaleko biztanleria zaurgarrienak dira, batik bat, muturreko klima-fenomenoek eragindako kalte handienak jasaten dituztenak.

Mundu honetan zainketek eta etxeko lanek pertsonen bizitzari eusten dioten arren, horiek ez dute ez balio ekonomikorik ez sozialik, eta batez ere emakumeek egiten dituzte, horietako asko migratzaileak, pobreziaren eta migrazioen feminizazioa betikotuz.

ADIERAZPENA

VITORIA-GASTEIZKO UDALAK, azken urteotan egindako lan guztia eta 2020an Zentzuz sarearekin sinatutako Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua sustatzeko JARDUERA-PROTOKOLO OROKORREAN jasotako konpromisoak kontuan hartuta, eta honako hauek jakin badakizkiela:

– Pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko bide eta tresnak gero eta zabalagoak direla, eta pertsona, elkarte, enpresa, udal eta erakunde orok bere eguneroko jardunean arduraz joka dezan behar dutela.

– Administrazio publikoek eragin handia izan dezaketela merkatuetan, erosketa publikoen bolumena dela medio.

– Administrazioek dinamika mesedegarriagoak sor ditzaketela nazioarteko merkataritzaren arau bidegabeek eta krisi klimatikoak gehien eragiten dieten herrialdeentzat, Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak baliatuz.

– Administrazioek Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak bere egiten badituzte, hori eredu izan daitekeela bai enpresa hornitzaileentzat, bai mota guztietako enpresentzat, bai herritar guztientzat, eguneroko jardunean ingurumenari begira gizartean dagokien ardura bere gain har dezaten.

BERRESTEN DU:

– Munduko pobreziaren eta desberdintasunaren jatorriei aurre egiteko prozesuetan laguntzeko konpromisoa; hala, bat egiten du pobreziaren eta klima-aldaketaren kontra eta Giza Garapen Iraunkorraren alde aritzeko helburua duten mota guztietako ahaleginekin.

ADIERAZTEN DU:

– Bere nahia dela munduko pobreziari aurre egiteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko abiarazi diren jarduera guztiak egiaz aberats eta osa daitezen herrialde txiroenekiko eta planetarekiko arduratsuagoak diren jarrera eta praktika berrien bidez.

– Bere nahia dela dagokion ardura bere gain hartzea eguneroko funtzionamenduan, bere jarduera eremuan, pixkanaka eta beste ekimen batzuei uko egin gabe, ondasun eta zerbitzuen erosketa publikorako irizpide berriak sartuz.

BERE EGITEN DU:

– Ondasun eta zerbitzuen Kontsumo Arduratsua printzipio gisa.

– Erosketa Publiko Etikoa, erreferentzia esparrutzat, horren barruan pobreziaren eta klima-aldaketaren aurka jarduteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko jarduera berriak aurrera eramateko, hala nola Bidezko Merkataritzako produktuak erosketa politiketan sartzea eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko ekimenak bultzatzea.

– Bidezko Merkataritza  eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa, Garapenerako Lankidetzako tresna baliagarritzat, Giza Garapen Iraunkorrerako, genero berdintasunerako, ekoizleen aurrerapen sozial eta ekonomikorako, aberastasuna era bidezkoagoan banatzeko, ingurumen orekarako eta kulturen errespeturako egin duen ekarpena aitortuta.

ADITZERA EMATEN DU:

– Pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko aurrera eramaten dituen jardueren eragina zabaltzeko moduko bideak abiarazi edo sendotzeko konpromisoa; bide horiek Garapenerako Lankidetzan ditugun betiko politiken osagarri izango dira, Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak ondasun eta zerbitzuen gure eguneroko kontsumo-jardunean erabiliz, betiere.

BERE GAIN HARTZEN DITU:

– Erosketa Publiko Etikoaren irizpideak erabiltzen hasteko jarduerak abian jarri edo sendotzeko konpromisoa, arlo horretarako ildo estrategikoak eta epe labur, ertain nahiz luzerako jarduerak izango dituen lan plan bat taxutuz.

– Udalaren Zerbitzu ezberdinetako erosketa politiketan Bidezko Merkataritzako produktuak eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko zerbitzuak sar daitezen bultzatzeko konpromisoa; hain zuzen, Erosketa Publiko Etikorako lehen jarduera zehatzetako bat izango da.

– Garapenerako Lankidetza eta Hezkuntzari dagozkien ildo estrategikoen barruan, Bidezko Merkataritzaren inguruko jarduerak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa; horretarako, beharrezko aldaketak egingo dira bai ildo estrategikoetan, bai Garapenerako Lankidetzako eta Hezkuntzako proiektuak diruz laguntzeko egiten diren deialdietan.

– Herritarrak informatzeko eta sentiberatzeko konpromisoa, Erosketa Publiko Etikoak eta Bidezko Merkataritzak, baita ondasun eta zerbitzuen kontsumo arduratsuak ere, pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko, genero berdintasuna lortzeko eta mundu bidezkoago eta iraunkorrago bat izateko duten eragin positiboaz.

– Ondasun eta zerbitzuen kontsumo arduratsua bultzatzea, bereziki, zainketen eta etxeko lanen demokratizazioarekin zerikusia dutenak.

– Azken urteotan bezala, Udaleko hainbat zerbitzutatik (Garapenerako Lankidetza, Merkataritza, Herritarren Parte-hartzea, Berdintasuna …) Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua sustatzen duten gizarte-erakundeen lana babesten jarraitzea.

Share

Erakunde Adierazpena: Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 45. urteurrena

Otsailaren 27a oso data esanguratsua da saharar herriarentzat, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren urteurrena baita. Aurten, Espainiak Mendebaldeko Sahara Marokori eta Mauritaniari era lotsagarrian entregatu eta lurraldea utzi eta hurrengo egunean Bir Lehluko kanpamentuan ospatutako aldarrikapen horren 45. urteurrena ospatzen da.

Ospakizun garrantzitsu hau dela eta, Sahara Euskadi Mugimenduak herri anai honekiko gure gertutasun eta elkartasun sakona adierazi nahi du.  Orain, inoiz baino gehiago, herri honek gure babesa behar du, 2020ko azaroaren 13an gerra-egoera deklaratu ondoren, Marokoko armadak Guerguerat-eko legez kanpoko arrakalan su-etena urratzearen ondorioz bizi duen egoera larriaren aurrean

Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetan dauden herritarrak elikagai eta osasun gabezia larriak jasaten ari dira mugak ixtearen ondorioz, Covid-19ren pandemiaren ondorioz, nazioarteko eta nazioko laguntza sartzea zailtzen baitu, desnutrizio- eta anemia-arazo larriak eraginez.

Gainera, sahararrek eta Mendebaldeko Saharako Lurralde okupatuetan bizi diren ekintzaileek egunero jasaten duten jazarpena eta giza eskubideen urraketa areagotu egin da Marokoko agintarien aldetik, modu baketsuan agertu direlako eta autodeterminaziorako eta askatasunean bizitzeko eskubideak aldarrikatu dituztelako, 45 urteko erresistentzia eta borroka baketsuaren ondoren.

Horregatik guztiagatik:

  • Gasteizko Udalak, saharar herriari elkartasuna adierazteko mugimendutik, giza eskubideen babesaz eta justiziaz kezkatuta, bat egiten du Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 45. urteurrenaren ospakizunean.
  • Gasteizko Udalak herri honi, saharar herriari, ematen dion babesa erakusteko.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko otsailaren 19an.

Share

Azaroaren 30a – Hiri Hezitzailaren Nazioarteko Eguna

30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen mundu hobeago baten alde”

Egun inork ez du zalantzan jartzen hiriak, handi zein txiki, funtsezko agertokiak direla gizateriari bere konplexutasun osoan eragiten dioten erronkei aurre egiterakoan. Hirietan adierazten dira espezie gisa gure biziraupenari desafio egiten dioten arazoetako asko, esaterako klima aldaketan eragiten duen kutsadura edo pertsonen garapen potentzialari eragiten dieten desberdintasun sozialak. Horiek guztiek murriztu egiten dizkigute bizitzeko ditugun aukerak eta, beraz, zaurgarriago egiten gaitu kolektibo modura.

Erronka horiei erantzuna emateko apustua da Hiri Hezitzaileak egitasmoa, heziketa hartuta aldaketarako nahitaezko tresnatzat hirietan testuinguru jasangarriagoak, inklusiboagoak, kohesionatuagoak eta engaiatuagoak sortzeko. Engaiatuta gaude bizitza osoko hezkuntzaren ikuspegi zabal batekin, ikasgela barruan zein ikasgelatik kanpo, eta gure udaletik bultzatzen ditugun politikek hezkuntzan duten inpaktua areagotzearekin; hiria birpentsatuz heziketa-ekosistema inklusibo eta dinamikoa izateko, bertan bizi diren pertsonekin elkarrizketa etengabean dena.

Hiri Hezitzaileak osatzen dugunok jakitun gara aurre egin beharrean garen erronkei ezin diegula heldu aldebakarreko konponbide soil batzuez; aitzitik, kontraesanentzat lekua izango den espazioak sortzea eskatzen du, eta bizi dugun ziurtasunik gabeko garai honetan elkarre kin bizitzeko erarik behinenentzat ezagutza, elkarrizketa eta parte-hartze prozesuak proposatzen dituztenentzat ere egon behar du.

Norabide bikoitzeko bide bat da, tokiko gobernuek eta tokiko gizarte-eragile guztiek (antolatutako gizarte zibila, sektore pribatua, herritarrak, etab.) zeharkatu behar dutena joan-etorri iraunkor, parte-hartzaile eta inklusiboan.

SARS-CoV-2k sortutako krisi soziosanitarioaren ondorioz, hezkuntza-eremuan nabarmenago antzeman daitekeen errealitateetako bat, arrakala, digitala deritzona da. Gertakari horrek eragina du bai ikasleengan baita familiengan ere.

Arrkala digital hori informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien eskuragarritasunean, erabileran eta erabilera-kalitatean zehaztu daiteke. Alderdi horiei guztiei gizarte gisa eta hiri hezitzaile gisa heldu behar zaie, hezkuntzaren garapenean, eskola-arrakastan eta ikasle guztien aukeretan sortzen dituen desberdintasunak arintzeko, ahaztu gabe haurren seguntasunarekin lotutako gai guztiak.

Hiri Hezitzaileen Nazioarte Egunaren bosgarren edizioak “30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen mundu hobeago baten alde” du lema, 1990ean Bartzelonan burutu zen I. Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Biltzarrean onartutako Hiri Hezitzaileen Gutunaren 30. urteurrenari keinu eginez. Tokiko gobernuek Hiri Hezitzailea eraikitzeko duten geroz konpromiso handiagoa da 30 urteotako lanaren eta hobekuntzaren isla. Konpromiso hori berritu eta eguneratu egingo da aurten, Hiri Hezitzaileen Gutun berriarekin.

Vitoria-Gasteizko Udalak bere egin zuen Gutun hori hasieratik bertatik, 1990ean. HHNE Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Erakundearen kide da hasiera-hasieratik, eta Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (HHES) 8 hiri sortzaileetako bat da. Lan horri eskainitako ibilbideak erronka berri bat ekarri digu 2020-2022 aldirako, Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko Hiri Koordinatzaile izendatu dute eta (gaur egun, Espainiako Estatuko 221 hiri biltzen ditu). Gainera, aldi horretan garatzen diren gaikako 4 sareetako baten buru da: “Hiri inklusiboa, Hiri hezitzailea”.

Horregatik guztiagatik, herritarrengandik hurbilen den administrazioa garenez, konpromisoa hartzen dugu komunikaziorako eta parte hartzeko kanalak ezartzeko eta indartzeko, elkarren artean urratsak emateko Hiri Hezitzaileago bat lortze aldera, pertsonak ardatz izango dituena eta XXI. mendeko erronkei erantzun berritzaile eta eraginkorrak emango dizkiena.

Vitoria-Gasteizetik bat egiten dugu Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunarekin, uste bat partekatuta: entzute aktiboaren alde eginez gero aukera dugula komunitate-loturak sendotzeko, pertenentzia-sentimenduak indartzeko eta alde guztiak, nor bere erantzukizunen talaiatik, Hiri Hezitzailearen eraikuntzan era aktiboan parte hartzea ziurtatzeko.

Ordezkatzen dudan erakundetik eta bertako alkate gisa, konpromiso argi eta garbia hartzen dugu aurtengo edizioaren lemaren (“30 urte pertsonak eta hiriak eraldatzen mundu hobeago baten alde”) sakonean den edukia berritzeko, eraikitze demokratiko eta parte-hartzailerako espazioak zabaltzeko helburuarekin, ahots guztiak bilduko dituztenak eta inor atzean utziko ez duen hiria sortzea ahalbidetuko digutenak.

Horrenbestez, bat egiten dugu mundu osoan ospatuko den Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunarekin, sinetsirik beste hiri askorekin batera eskuz esku joanez urrats irmoak emateko eta horrelako hiriaren aldeko gure ahotsa entzuteko aukera eskaintzen zaigula.

Adierazpen hau izan dadila Udalaren Osoko Bilkuraren konpromisoaren erakusle Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzaile bezala eraikitzeko eta gure hiri-egitasmoaren zeharkako ardatz izateko, hiriko bizitza osoan eta bertan bizi garen guztiongan eraginez, onerako eragin ere.

 

 

Share

Haurtzaroaren Egun Unibertsala, 2020

Hiriek eta erkidegoek funtsezko rola dute beren haurren eta nerabeen eskubideen sustatzean eta gauzatzean. Egoera berezia bizi dugu egun eta egoera hori gizarte gisa erantzuteko dugun gaitasuna probatzen ari da, ez bakarrik COVID-19aren ondoriozko larrialdiari baizik eta baita etorkizunean etorriko diren berreskuratze-erronkei ere, bai eta guztion artean 2030 Agendari, 17 Garapen Iraunkorreko Helburuei eta Parisko Akordioari eman behar diegun bultzadari ere, krisialdi honetatik hobe atera gaitezen, iraunkortasun eta ekitate handiagorekin eta guztiok aurrera egiteko aukera berdinak ditugula.

Inflexio-unea bizi dugu, haurrentzat nahi dugun etorkizuna guztion artean birpentsatzeko unea, garapen iraunkorraren aldeko ekintza-hamarkada hastear baitugu gainera. Egungo haur eta nerabeek ikasi, jolastu, heziketa jaso, garatu eta hazteko bitarteko guztiak badituzte, horrek esan nahiko du etorkizuneko gizartea arrakastatsua izango dela.

Haurren Lagun den Hiri bateko kide garen heinean, haur eta nerabeen eskubideekiko egun dugun konpromisoa berretsi nahi dugu bidezkoago, zuzenago eta iraunkorragoa den etorkizun bat bermatzeko. Horrexegatik, ondokoak xede izango dituzten neurriak bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu:

  • Krisialdiari erantzuteko eta bertatik ateratzeko xedearekin Erakunde honek hartzen duen erabaki guztietan, beti ere eragina badute haur eta nerabeetan, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren ardatz diren printzipioak aintzat hartuko dira; hau da: haurraren interes gorena, bizitzeko, bizirauteko eta garapenerako eskubidea, parte hartzeko eta bereizkeriarik ez pairatzeko eskubidea.
  • Tokiko gobernuaren arlo guztiek haurren eskubideen bultzatzean parte hartuko dute. Haur eta Nerabeentzako Tokiko Planaren helburuak partekatuak izan daitezen eta ekintzak era koordinatuan gauza daitezen udalbatza honen baitan.
  • COVID-19ak gure udalerriko haur eta nerabeetan izan duen eragina aztertuko dugu, gizarte-egoera ahulenean dauden taldeetako horietan bereziki eta, horren ostean, Haur eta Nerabeentzako Tokiko gure Plana egokituko dugu.
  • Beren mende adingabeak dituzten familiek jasotzen dituzten gizarte-larrialdietarako laguntzak indartuko ditugu. Gizarte-egoera ahulenean dauden familiek edo guraso bakarreko familiek, besteak beste, lehentasuna izango dute.
  • Eskola uzteko arriskuan dauden haurrak, desgaitasunen bat dutenak edo arrakala digitalaren haurrak xede dituzten hezkuntza-programak indartuko ditugu.
  • Iraunkortasunaren eta haurren aldeko ikuspegia hiria antolatzeko eta mugikortasunaren arloko estrategietan txertatuko dugu.
  • Gure hiria kirola eta jolasa bultzatzen dituen espazioa bilakatuko dugu.
  • Ingurumenaren babesa eta zaintza, kutsadurarik gabeko berdegune osasuntsuen erabilera eta aire zabalean eta naturan gauzatutako jardueren garapena bultzatuko ditugu.
  • Babesguneak sortuko ditugu (ludoteka, gaztegune, kirol zentro, kanpalekuak, etab.), non haurrek beren emozioak ulertzen, partekatzen eta kudeatzen ikasiko duten eta indarkeria moda guztien aurrean babesteko protokoloak aurkituko dituzten.
  • Etxebizitza eta/edo bizitegi-alternatiba duinak eskainiko ditugu, familien tamaina eta egoeretara egokituta. Jolastu, mugitu eta sozializatzeko espazio komunak izango dituzte.
  • Bitartekoak jarriko ditugu, familien esku, gurasotasun positiboa sustatu eta familian gauzaturiko jarduerak errazteko.
  • Haur eta nerabeek tokiko erabakietan eta haur eta nerabeen elkarrekintza hartzen duten arlo guztietan (kirol zentro, liburutegi, ludotekak, etab.) duten parte-hartzea bultzatuko da.

Neurri horien guztien eskutik, gertuago egongo gara gure udalerriko herritarrengandik eta beren beharrengandik eta haurtzaroa COVID-19aren krisia gainditzeko eta krisi horretatik ateratzeko estrategiaren erdi-erdian kokatuko dugu. Aldi berean, Agenda 2030 ekimenak datozen 10 urteetarako ezarri dizkigun helburuak lortzeko gure konpromisoa sendotu egingo dugu ere.

Gaur, 2020ko azaroaren 20an, konpromisoa hartzen dugu Gasteizko haur eta nerabeekin eta gure udalerriaren etorkizunarekin, inor atzean ez uztearren.

Share

Erakunde-adierazpena, COVID-19ak eragin duen krisialdian aurrera egin ahal izateko beren apurra eman duten pertsona guztien –nork bere arloan– ahalegina aintzatesteko  

Martxoaren 15etik aurrera #geratuetxean lelo ospetsu hari men egin behar izan genionetik, hiri guztietan balkoietara ateratzen hasi zen jendea, berez, modu espontaneoan, beste pertsona batzuen lana eta ahalegina eskertzeko. Gure ingurukoak eta nork bere burua zaintzeko unea zen.

Gaur egun, aldatu egin da dena, gure errealitatea bera. Guzti-guztiok astindu gaituen krisi batek jo gaitu, alderik beltzenean lagun asko eraman dituen krisi batek, Euskadin 1.500 pertsonatik gora. Ez dira zenbakiak, pertsonak dira. Eta pertsonekin, familia kaltetu asko.

Baina krisi honek balio garrantzitsuak ere atera ditu argira: Elkartasuna, elkarrenganako laguntza, publikoaren garrantzia, beste errealitate batzuk ikusten ikasi beharra, laguntza- eta babes-sareak sortu dira… Labur esanda, krisiak komunitatea sortu du. Eta, beste ezeren gainetik, pertsonen balioa erakutsi du.

Heroi berriak ditugu gure artean, kapa eta ezpatarik gabeko heroiek, super-botereen beharrik gabeak. Izan ere, beren super-botereak jarrera, babesa, kezka eta ardura, inplikazioa, zaintzeko gaitasuna eta abar izan dira. hitz bitan esateko: egindako bakoitzean arimaren zati bat uzteko gaitasuna. Lan-betebeharretatik harago. Kalitatea eta berotasuna beren lanean. Laguntzeko jarrera, enpatia… Begiratu egin duten, eta begiratzean alboan zuten pertsona ikusi duten pertsona horiek guztiak, pertsonak ikusi dituztenak, gizatasunaren balioa.

Horrenbestez, asko dira eskertu bharreko kolektibo eta pertsonak: garbitzaileak, osasun alorreko langileak, segurtasunekoak, hezkuntzakoak, kulturakoak, elkarteetakoak, merkataritzakoak, autonomoak, garraiokoak…

Erakunde-adierazpen batean ezin ditugu egunerokoan behar gehien zutenei laguntzeko beren apurra eman duten pertsona guztiak izendatu. 20:00Etako txaloak ere ez dira nahikoa hainbete eta hainbeste jenderi beren lan ona eskertzeko.

Eskertu egin nahi ditugu jarrera horiek, gauzak bide onean jartzen laguntzen duten keinu txiki horiek. Eskertu egin nahi ditugu gauza txiki horiek, gure udalerriko pertsona askoren jarrera hori da Planik onena, tresnarik baliotsuena inor atzean utzi gabe krisi honetatik ateratzeko.

Maila desberdineko erakundeetatik asko eskatu diegu gure hiri eta herrietako bizilagunei konfinamenduko hilabetetan eta denontzako hain ezezaguna zaigun eta ziurtasun ezako sentsazioa pizten digun errealitate berrirantz joateko konfinamendua arintzeko prozesuan.

Horregatik, orain, Gasteizko Udalak eskerrak emateko unea da. Eskerrak presente egon diren pertsona guztiei, nork bere apurra emanez, balio erantsi ederra guztien artean. Garrantzia emanez inportantea den horri, bizitzari.

Horregatik, Gasteizko Udalak erakunde-adierazpen hau ematen du ezagutzera:

Erakunde Adierazpena

Gasteizko Udalak gogoan ditu COVID-19aren pandemiaren ondorioz zendu diren pertsona guztiak. Horregatik, irailaren 21ean bihotzetiko omenaldia egingo zaie Euskal Autonomia Erkidegoko zenduei, gizarteak zein instituzioek agur egiteko ekitaldi solemne baten bidez.

Ekitaldi horren bidez zendutako pertsonak gogoratu nahi dira, bai eta elkartasuna horien senideei eta pertsona kuttunak nahi luketen moduan agurtzerik izan ez duten pertsona guztiei.

Era berean, Gasteizko Udalak aintzatetsi egin nahi du azken denbora benetan zail honetan beren onena eman duten pertsona guztiei, eta eskerrak eman nahi dizkie krisitik irteten laguntzeko kalitate eta berotasun apurragatik.

Beraz, osasun-inguruabarrek aukera ematen dutenean, Gasteizko Udalak ekitaldi bat egingo du, aintzatesteko bai herritarren portaera orokorra, bai eta guztion artean aurrera ateratzen la.

Ekitaldi horretan hain jardunbide eredugarria izan duten Gasteizko herritar ugari biltzea espero da, horien konpromisorik gabe ezin izango genuke eta krisitik ateratzerik izango.

 

Gasteizen, 2020ko uztailaren 24an

 

Share