Prentsa Oharren banner

ERAKUNDE ADIERAZPENA, BIDEZKO MERKATARITZA ETA KONTSUMO ARDURATSUA SUSTATZEKO GASTEIZEN

ATARIKOA

Mundu honetan globalizazioa, interkomunikazioa eta interdependentzia gero eta handiagoak dira, distantziak egunez egun laburtzen direla dirudi, baina, hala eta guztiz ere, herrialde aberatsen eta herrialde txiroen arteko tartea gero eta zabalagoa da.

Mundu honetan elikadurari eskubide izaera kendu egin zaio, eta salgai huts bihurtu da; hala, nazioarteko merkataritzaren arauek, oro har, eta nekazaritzako merkataritzaren arauek, bereziki, txirotasunetik ateratzeko dituzten aukerak murrizten dizkiete landa eremuko nekazariei eta lehengaiak esportatzen dituzten txirotutako herrialdeei.

Mundu honetan COVID-19 pandemiak agerian utzi du elikadura nekazarien ezinbesteko lanaren mende dagoela; beren egoerak okerrera egin du, ordea, banaketa-enpresa handiei mesede egiten dieten neurriek nekazari txikiei merkaturatzea eragozten baitiete.

Munduan kontsumitzen diren produktu manufakturatu gehienak, Hegoalde Globaleko langileek egiten dituzte (ehungintza edo teknologia, besteak beste); hala eta guztiz ere, kasu gehienetan ez dira beren lan-eskubideak errespetatzen eta ez dute jasotzen pobreziaren atalasetik gora mantentzeko soldatarik.

Klima-aldaketak bizkor aurrera egiten duen mundu honetan, mugarik gabeko ekoizpen- eta kontsumo-sistema batek bultzatuta, Hegoalde Globaleko biztanleria zaurgarrienak dira, batik bat, muturreko klima-fenomenoek eragindako kalte handienak jasaten dituztenak.

Mundu honetan zainketek eta etxeko lanek pertsonen bizitzari eusten dioten arren, horiek ez dute ez balio ekonomikorik ez sozialik, eta batez ere emakumeek egiten dituzte, horietako asko migratzaileak, pobreziaren eta migrazioen feminizazioa betikotuz.

ADIERAZPENA

VITORIA-GASTEIZKO UDALAK, azken urteotan egindako lan guztia eta 2020an Zentzuz sarearekin sinatutako Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua sustatzeko JARDUERA-PROTOKOLO OROKORREAN jasotako konpromisoak kontuan hartuta, eta honako hauek jakin badakizkiela:

– Pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko eta giza garapen iraunkorra sustatzeko bide eta tresnak gero eta zabalagoak direla, eta pertsona, elkarte, enpresa, udal eta erakunde orok bere eguneroko jardunean arduraz joka dezan behar dutela.

– Administrazio publikoek eragin handia izan dezaketela merkatuetan, erosketa publikoen bolumena dela medio.

– Administrazioek dinamika mesedegarriagoak sor ditzaketela nazioarteko merkataritzaren arau bidegabeek eta krisi klimatikoak gehien eragiten dieten herrialdeentzat, Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak baliatuz.

– Administrazioek Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak bere egiten badituzte, hori eredu izan daitekeela bai enpresa hornitzaileentzat, bai mota guztietako enpresentzat, bai herritar guztientzat, eguneroko jardunean ingurumenari begira gizartean dagokien ardura bere gain har dezaten.

BERRESTEN DU:

– Munduko pobreziaren eta desberdintasunaren jatorriei aurre egiteko prozesuetan laguntzeko konpromisoa; hala, bat egiten du pobreziaren eta klima-aldaketaren kontra eta Giza Garapen Iraunkorraren alde aritzeko helburua duten mota guztietako ahaleginekin.

ADIERAZTEN DU:

– Bere nahia dela munduko pobreziari aurre egiteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko abiarazi diren jarduera guztiak egiaz aberats eta osa daitezen herrialde txiroenekiko eta planetarekiko arduratsuagoak diren jarrera eta praktika berrien bidez.

– Bere nahia dela dagokion ardura bere gain hartzea eguneroko funtzionamenduan, bere jarduera eremuan, pixkanaka eta beste ekimen batzuei uko egin gabe, ondasun eta zerbitzuen erosketa publikorako irizpide berriak sartuz.

BERE EGITEN DU:

– Ondasun eta zerbitzuen Kontsumo Arduratsua printzipio gisa.

– Erosketa Publiko Etikoa, erreferentzia esparrutzat, horren barruan pobreziaren eta klima-aldaketaren aurka jarduteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko jarduera berriak aurrera eramateko, hala nola Bidezko Merkataritzako produktuak erosketa politiketan sartzea eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko ekimenak bultzatzea.

– Bidezko Merkataritza  eta Ekonomia Sozial eta Solidarioa, Garapenerako Lankidetzako tresna baliagarritzat, Giza Garapen Iraunkorrerako, genero berdintasunerako, ekoizleen aurrerapen sozial eta ekonomikorako, aberastasuna era bidezkoagoan banatzeko, ingurumen orekarako eta kulturen errespeturako egin duen ekarpena aitortuta.

ADITZERA EMATEN DU:

– Pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko eta Giza Garapen Iraunkorra sustatzeko aurrera eramaten dituen jardueren eragina zabaltzeko moduko bideak abiarazi edo sendotzeko konpromisoa; bide horiek Garapenerako Lankidetzan ditugun betiko politiken osagarri izango dira, Erosketa Publiko Etikoaren eta Bidezko Merkataritzaren irizpideak ondasun eta zerbitzuen gure eguneroko kontsumo-jardunean erabiliz, betiere.

BERE GAIN HARTZEN DITU:

– Erosketa Publiko Etikoaren irizpideak erabiltzen hasteko jarduerak abian jarri edo sendotzeko konpromisoa, arlo horretarako ildo estrategikoak eta epe labur, ertain nahiz luzerako jarduerak izango dituen lan plan bat taxutuz.

– Udalaren Zerbitzu ezberdinetako erosketa politiketan Bidezko Merkataritzako produktuak eta Ekonomia Sozial eta Solidarioko zerbitzuak sar daitezen bultzatzeko konpromisoa; hain zuzen, Erosketa Publiko Etikorako lehen jarduera zehatzetako bat izango da.

– Garapenerako Lankidetza eta Hezkuntzari dagozkien ildo estrategikoen barruan, Bidezko Merkataritzaren inguruko jarduerak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa; horretarako, beharrezko aldaketak egingo dira bai ildo estrategikoetan, bai Garapenerako Lankidetzako eta Hezkuntzako proiektuak diruz laguntzeko egiten diren deialdietan.

– Herritarrak informatzeko eta sentiberatzeko konpromisoa, Erosketa Publiko Etikoak eta Bidezko Merkataritzak, baita ondasun eta zerbitzuen kontsumo arduratsuak ere, pobreziari eta klima-aldaketari aurre egiteko, genero berdintasuna lortzeko eta mundu bidezkoago eta iraunkorrago bat izateko duten eragin positiboaz.

– Ondasun eta zerbitzuen kontsumo arduratsua bultzatzea, bereziki, zainketen eta etxeko lanen demokratizazioarekin zerikusia dutenak.

– Azken urteotan bezala, Udaleko hainbat zerbitzutatik (Garapenerako Lankidetza, Merkataritza, Herritarren Parte-hartzea, Berdintasuna …) Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsua sustatzen duten gizarte-erakundeen lana babesten jarraitzea.

Share