Prentsa Oharren banner

Araba Ekinean ekimenak “Etorkizuneko elkarrizketak” jarri ditu abian: ekintzaileei egindako elkarrizketen bideo sail bat, haien proiektuak ezagutarazteko, eta lurraldean ekintzailetza sustatzeko

-Elkarrizketetako lehenengoa Manu Muñozekin izan da; bera I+MED enpresaren CEOa da, zeina Arabako Teknologia Parkean kokaturiko punta-puntako enpresa bat den. Nanohidrogelen aldeko bere apustuarekin langile kopurua ia bikoiztea lortu du 2020an

-Bideoak webgunean esekiko dira, eta Araba Ekinean ekimenaren sare sozialen bidez partekatuko dira; haietan, zenbait ekintzaileren soslaietara hurbilduko gara Arabako ekonomiako zenbait sektoretan egiten ari diren lana ezagutarazteko

Araba Ekinean ekimenak beste ekintza bat jarri du abian “Etorkizuna Sortuz” goiburuarekin egiten ari den 2021eko bere egitarauaren barruan. Araba Ekinean, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak SPRI taldearen eta BIC Araba bidez, eta Fundación Vital Fundazioak antolatzen dute. Gaur hasita eta datozen hilabeteetan zehar, https://www.alavaemprende.com webguneak “Etorkizuneko elkarrizketak” bilduko ditu, Andrés Goñi tokiko kazetariaren eta Arabako ekonomiako hainbat alorretan lan egiten duten ekintzaileen arteko elkarrizketen bideo sail bat. Lehen topaketak Manu Muñoz du protagonista, I+MED enpresaren CEOa eta kide fundatzailea. Biomedikuntzaren alorrean lan egiten duen Arabako enpresa horrek “Araba Ekiten” saria jaso zuen 2019an eta goitik behera aldatu du merkatua produktu berri batekin: hidrogelak.

Bideoan zehar, Muñozek enpresa arabar horren ibilbidea kontatzen du; izan ere, azken urteotan aitzindari izan da nanoteknologiaren esparruan, eta kalitate handiko nanomaterialak hornitzen dizkio komunitate zientifikoari eta industriari. Bestalde, azpimarratzekoa da konpainiak iaz izan zuen hazkundea, pandemia gorabehera, 25 langiletik 47ra igaro baitzen. Arabako Teknologia Parkean kokatutako enpresaren CEOak dioenez, taldea osatzen duten langileak eta haien talentua dira enpresa bere lehiakideengandik bereizten dituen elementua. Manu Muñozek aipatu du, halaber, ezagutzaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egin dutela beren merkatu-nitxoan, hidrogelak, eta puntako ikertzaileak dituztela bertan.

I+MED enpresako arduradun nagusiaren ustez, Arabak ezaugarri guztiak ditu biofarmaziaren esparruan oso gune garrantzitsua izateko: “talentu handiko enpresak, EHUko Farmazia Fakultatea eta Bioaraba ditugu, bai eta etorkizun handiko proiektu baten buru izateko abiapuntu ona diren beste hainbat ekimen ere”.

“Etorkizuneko elkarrizketak” programak Arabako ekintzaileekin egindako 3 bideo gehiago izango ditu, eta Ekin Day izan arte argitaratuko dira. Ekin Day Araba Ekinean ekimenaren jardunaldi nagusia da, eta urriaren 5ean egingo da Europa jauregian. Elkarrizketak webgunean ikusi ahalko dira, eta sare sozialen bidez ere zabalduko dira. Aldi berean, “ekintzailetza-katea” ekimena gauzatzen ari da: alavaemprende.com webgunearen barruko eremu bat, ekintzailetza-proiektu batzuek beste batzuk gomendatzen dituzten Arabako ekintzailetza-ekosistema hobeto ezagut dadin. Edozein sar daiteke eremu horretara, eta inprimakia bete, lurraldeko ekimen ekintzaileren bat gomendatzeko.

Share