Prentsa Oharren banner

(Audioaz gaurkotua) Hitzarmen berria sinatuko du Urtaranen gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin, eta 40 milioi euroko hiriburu-kanona jasoko

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, eta, horren haritik, 40 milioi euro emango dizkio Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalari 2024ra bitartean, hiriburu-kanona dela eta, hau da, 10 milioi euro urtean. Funtsezko bi xede izango ditu ekarpen ekonomiko horrek: hiriburua sustatzea —7,5 milioi euro urtean— eta azpiegituretan eta ekipamenduetan inbertsioak egitea —2,5 milioi euro urtean—, guztia ere Gasteizek bizi-kalitatearen erreferente izaten jarraitu dezan. Horrez gain, berritasun gisa, Vitoria-Gasteiz Green Deal ituna garatzen laguntzen duten ekimenak ere bultzatuko dira.

Mugikortasun iraunkorraren arloko inbertsioetan, hiri-azpiegitura berdeetan eta proiektu logistikoak garatzeko ekimenetan islatuko da Eusko Jaurlaritzak hiriburu-kanonaren bitartez Vitoria-Gasteiz Green Deal itunari emango dion laguntza hori. Era berean, hiria iraunkortasun-irizpideekin biziberritzeko jardueretara ere zabalduko da lankidetza —hobekuntzak hainbat ekipamendutan, ingurumenaren arloko inbertsioak, enplegu-programak eta politika sozialak—, baita garapen ekonomiko, industrial eta teknologikoko hainbat ekimenetara ere.

“Albiste ona da Gasteizentzat” Eusko Jaurlaritzak hiriburu-kanonaren bidez hartutako konpromiso berria, Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez. “Tranbiaren, autobus elektriko adimentsuaren eta osasun- eta hezkuntza-azpiegitura berrien gisako proiektu handietatik harago doa Eusko Jaurlaritzak hiriarekin duen inplikazioa. Lankidetza hori Euskadiko hiriburua zerbitzu publikoetan, lehiakortasun ekonomikoan eta ingurumen-iraunkortasunean erreferente bihurtzen duten esparru guztietara hedatzen da, hau da, Gasteiz Europako superhiri bihurtzen duen orora”, azpimarratu du alkateak.

 

Urte honetarako aurreikusitako hiriburu-kanonaren banaketari dagokionez, hainbat proiektutan inbertsioak egitera bideratuko da parte bat, guztira 2.500.000 euro. Honela banatuko da kopuru hori:

  • Hilerrietako inbertsioak
  • Gasteiz antzokia
  • Kirol instalazioetako inbertsioak
  • Ariznabarreko zelaiko aldagelak bukatzea
  • Ikastetxeetako obrak.
  • Hainbat zentro eta lokaletako inbertsioak
  • Udal eraikinetako inbertsioak
  • Eraberritze eta asfaltatze integralak

 

Munta handiko beste inbertsio-bloke bat espazio publikoa birgaitzeko aurreikusitakoa izango da, eta leku handia hartuko du bertan mugikortasun iraunkorrak. 1.000.000 euro bideratuko dira lan-ildo horretara; zehazki, esku-hartze hauetara:

  • Ariznabarreko parkinga
  • Julian Arrese kalean aparkalekua eraikitzea, eta Forondako Atean oinezkoen iragazkortasuna hobetzea
  • Auzoetako argiteria hobetzea
  • Hiriko azpiegitura berdeak
  • “Haurren Auzoa” proiektua
  • Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko bigarren fasea (Oroimenaren plaza)
  • Bidegorrietako inbertsioak
  • Trafikoa lasaitzeko eta bide-segurtasuneko inbertsioak

Azkenik, bestelako hainbat jarduera ordaintzeko izango da 6.500.000 euroko hirugarren blokea: argiteria publikoa, bideak eta bide-azpiegiturak mantentzeko lanak, garbiketa, garraio publikoa eta herritarren segurtasuna.

 

Share

Lanabesek euskarazko praktiken komunitate bat sortuko du eta aholkularitza zerbitzua eskainiko die enpresei

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bat egin dute esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko

Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin bat egin dute Lanabes programari bultzada bat emateko, Arabako enpresaeremuan euskararen erabileran eragiteko sortutako foru ekimenari, hain zuzen ere. Akordio horri esker, hiru erakundeek Lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko giltzarri izan nahi duten bi proiektu abiatuko dituzte laster: aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktika-komunitate bat.

“Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz”, azaldu du Lexuri Ugarte Aretxaga Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak. “Horietako 59k erantzun zuten galdetegia, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien jarrera eta parte-hartze paregabeagatik”.

Erantzun horien bidez, txosten bat egin zen emaitza orokorrekin, eta enpresen beharrak ondorioztatu ziren; gaur iragarritako neurriekin erantzutea espero da.

Alde batetik, Lanabes zerbitzu teknikoa urrian zehar jarriko da martxan, eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak kudeatuko du. Aholkularitza eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskainiko dizkie hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi duten lurraldeko enpresei.

Eta, bestetik, praktika-komunitate bat sortuko da, hizkuntza-kudeaketan duten esperientzia partekatu, batzuengandik ikasi, ezagutza berriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen lagundu nahi duten enpresen foro bat. Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du praktika-komunitate hori, Lanabesen talde eragileko kide baita.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, prentsaurrekoan, erakundeen eta erakunde pribatuen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du, hizkuntza normalizaziorako politiketan. Dobaranek azpimarratu duenez, Lanabes programa elkarlan horren emaitza da eta Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren normalizazioan beste urrats bat ematea da.

Aurkezpenean ere Iñaki Gurtubai Gasteizko izan da, Udaleko Euskara zinegotzia, eta azaldu du hainbat urtez “txikizkako merkataritzan” egin dituela ahaleginak: “Saltoki txiki eta ertainetan”. “Gune handiak alde batera utzi ditugu, merkataritza guneak, frankiziak… beste agente batzuk haien gainean lanean ari zirelako. Industria ere ez dugu gehiegi landu, gure jarduera eremua gainditzen zuelako “, adierazi du,” Orain hiru administraziook indarrak batzen ditugu euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan indartzeko. Hori da garrantzitsuena, maila desberdineko administrazioek bat egitea, denok komunean dugun helburu bati heltzeko “.

Urritik aurrera, Lanabes harremanetan jarriko da interesa agertu zuten enpresekin, eta laguntza eta zerbitzu horiek eskainiko dizkie. Hala ere, Arabako Lurralde Historikoan 50 langile baino gehiago dituen eta egokitzat jotzen duen edozein enpresa harremanetan jarri ahal izango da ekimeneko kideekin, elkarrekin aurrera egiteko.

Share