Prentsa Oharren banner

(Audioaz gaurkotua) Hitzarmen berria sinatuko du Urtaranen gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin, eta 40 milioi euroko hiriburu-kanona jasoko

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Eusko Jaurlaritzarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, eta, horren haritik, 40 milioi euro emango dizkio Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalari 2024ra bitartean, hiriburu-kanona dela eta, hau da, 10 milioi euro urtean. Funtsezko bi xede izango ditu ekarpen ekonomiko horrek: hiriburua sustatzea —7,5 milioi euro urtean— eta azpiegituretan eta ekipamenduetan inbertsioak egitea —2,5 milioi euro urtean—, guztia ere Gasteizek bizi-kalitatearen erreferente izaten jarraitu dezan. Horrez gain, berritasun gisa, Vitoria-Gasteiz Green Deal ituna garatzen laguntzen duten ekimenak ere bultzatuko dira.

Mugikortasun iraunkorraren arloko inbertsioetan, hiri-azpiegitura berdeetan eta proiektu logistikoak garatzeko ekimenetan islatuko da Eusko Jaurlaritzak hiriburu-kanonaren bitartez Vitoria-Gasteiz Green Deal itunari emango dion laguntza hori. Era berean, hiria iraunkortasun-irizpideekin biziberritzeko jardueretara ere zabalduko da lankidetza —hobekuntzak hainbat ekipamendutan, ingurumenaren arloko inbertsioak, enplegu-programak eta politika sozialak—, baita garapen ekonomiko, industrial eta teknologikoko hainbat ekimenetara ere.

“Albiste ona da Gasteizentzat” Eusko Jaurlaritzak hiriburu-kanonaren bidez hartutako konpromiso berria, Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez. “Tranbiaren, autobus elektriko adimentsuaren eta osasun- eta hezkuntza-azpiegitura berrien gisako proiektu handietatik harago doa Eusko Jaurlaritzak hiriarekin duen inplikazioa. Lankidetza hori Euskadiko hiriburua zerbitzu publikoetan, lehiakortasun ekonomikoan eta ingurumen-iraunkortasunean erreferente bihurtzen duten esparru guztietara hedatzen da, hau da, Gasteiz Europako superhiri bihurtzen duen orora”, azpimarratu du alkateak.

 

Urte honetarako aurreikusitako hiriburu-kanonaren banaketari dagokionez, hainbat proiektutan inbertsioak egitera bideratuko da parte bat, guztira 2.500.000 euro. Honela banatuko da kopuru hori:

  • Hilerrietako inbertsioak
  • Gasteiz antzokia
  • Kirol instalazioetako inbertsioak
  • Ariznabarreko zelaiko aldagelak bukatzea
  • Ikastetxeetako obrak.
  • Hainbat zentro eta lokaletako inbertsioak
  • Udal eraikinetako inbertsioak
  • Eraberritze eta asfaltatze integralak

 

Munta handiko beste inbertsio-bloke bat espazio publikoa birgaitzeko aurreikusitakoa izango da, eta leku handia hartuko du bertan mugikortasun iraunkorrak. 1.000.000 euro bideratuko dira lan-ildo horretara; zehazki, esku-hartze hauetara:

  • Ariznabarreko parkinga
  • Julian Arrese kalean aparkalekua eraikitzea, eta Forondako Atean oinezkoen iragazkortasuna hobetzea
  • Auzoetako argiteria hobetzea
  • Hiriko azpiegitura berdeak
  • “Haurren Auzoa” proiektua
  • Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurunea eraberritzeko bigarren fasea (Oroimenaren plaza)
  • Bidegorrietako inbertsioak
  • Trafikoa lasaitzeko eta bide-segurtasuneko inbertsioak

Azkenik, bestelako hainbat jarduera ordaintzeko izango da 6.500.000 euroko hirugarren blokea: argiteria publikoa, bideak eta bide-azpiegiturak mantentzeko lanak, garbiketa, garraio publikoa eta herritarren segurtasuna.

 

Share