Prentsa Oharren banner

Udalak 65.000 euroko laguntza emango dio Gasteizko Jazzaldiari

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi duen hitzarmen baten bitartez, Hezkuntza eta Kultura Sailak 65.000 euroko laguntza emango dio Gasteizko Jazzaldiari; COVID-19a dela eta, lekuz aldatu eta Iradier Arenan egingo da, uztailaren 14tik 18ra.

“Jazzaldia gure hiriaren ikurra da, zeinari esker herritarrek goi mailako egitarau batez gozatzeko aukera baitute uztailero. 44. edizioa bertan behera utzi behar izan zen pandemia dela kausa, baina 2021ean berreskuratuko da, Iradier Arenan, osasunaren arloko agintariek ezarritako segurtasun-neurriak bermatu ahal izateko. Arratsaldeko kontzertuak Principal antzokian egiten jarraituko dira, leku segurua baita”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

2021erako egitarauan, Jazzaldiak aurreko urterako aurreikusitako bi izen mantendu ditu: Anne Paceo eta Antonio Sánchez bateria-jotzaile birtuosoak; haiek izango dira protagonista arratsaldeko programazioaren amaieran.

Bestetik, Gasteizko Jazzaldia izango da Itamar Borochoven zuzenekoaz gozatzeko aukera izango den agertoki bakarra estatu mailan. Tronpetista israeldarrak Letter One Rising Stars jazz sari garrantzitsua irabazi berri du.

 

Hona hemen egitarau osoa:

 

UZTAILAK 14, ASTEAZKENA.

12:00. Luis Aranburu musika eskola + Fran Serrano Quintet. Iradier Arena.

17:30. Miguel Salvador Quartet. Principal antzokia.

19:30. Itamar Borochov + Atlantic Bridge. Iradier Arena.

 

UZTAILAK 15, IGANDEA

12:00. Jesus Guridi musika kontserbatorioa + Dan in a Box. Iradier Arena.

17:30. Gonzalo Del Val Trío eta Benet Palet. Principal antzokia.

19:30. Pablo M. Caminero Trío + Thumbscrew (Tomas Fujiwara, Michael Formanek eta Mary Halvorson). Iradier Arena.

 

UZTAILAK 16, OSTIRALA

12:00. Nafarroako goi-mailako musika kontserbatorioa + Spa. Iradier Arena.

17:30. CMS (Colina, Miralta eta Sambeat). Principal antzokia.

19:30. Catherine Windfeld + Moisés Sánchez. Iradier Arena.

 

UZTAILAK 17, LARUNBATA

12:00. The Sey Sisters + Dora. Iradier Arena.

17:30. Lucía Martínez & The Fearless. Principal antzokia.

19:30. Anne Paceo + Antonio Sánchez Special Quartet with Donny McCaslin, Miguel Zanon & Scott Colley. Iradier Arena.

 

UZTAILAK 18, IGANDEA

17:30. Maciej Obara Quartet. Principal antzokia.

Informazio gehiago

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Gasteizko Jazzaldiak JAZZ VG CLUB 2020 antolatu du

Udalak laguntza emango dio zikloari, zeina uztailaren 16tik 19ra egingo baita, The Garage eta Santa Katalina lorategi botanikoan

Gasteizko Jazzaldiak Jazz VG Club aurkeztu du, The Garage aretoan eskainiko den jazz kluba, Jazzaldiaren 44. edizioa atzeratu eta gero zaleen gosea asetzeko.

Ekimena aurkezteko prentsaurrekoan Gasteizko Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Kultura diputatu Ana del Valek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiriak, Vital Fundazioen zuzendari exekutibo Axier Urrestik eta Jazzaldiaren presidente Iñigo Zaratek hartu dute parte.

Hezkuntza eta Kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie ekitaldiaren antolatzaileei. “Jazz VG Club 2020 opari bat izango da generoa maite dutenentzat, alegia, osasun-krisia dela-eta Jazzaldia 2021era atzeratu ondoren, uztail ezohiko honetan beren musika gustukoenaz ezin gozatu izatea deitoratzen zutenentzat. Ekimen honekin beren jazz egarria asetuko dute.”

Foru diputatu Ana del Valek, berriz, adierazi du “betiko jaialdi peto-petoa” ez bada ere, “omenaldi ederra” egiten diola, eta “herritarrei musika eta kulturaren, programazioaren eta normaltasunaren zatitxo bat berreskuratzen laguntzen diela, Araban kultura inoiz baino biziago baitago“.  Kulturako foru arduradunak erantsi duenez, lorategi botanikoko kontzertuarekin “pandemiaren aurretik genuen ideia bat gauzatzen dugu, jaialdia Araban ere erreferentziazko izanik lurralde osora zabaldu nahi genuen eta“.

Gasteizko The Garage aretoa (San Anton plaza, 5) aukeratu dute antolatzaileek 20:00etatik aurrera saio bikoitzak izango dituen ziklo bat egiteko, eta, horrez gain, hilaren 16an beste saio bat eskainiko dute Santa Katalina lorategi botanikotik.

Triology bandaren jazz berriztatzailea eta Lara Vizuete musikari balioaniztunaren proposamena izango dira Santa Katalina lorategi botanikoan egingo den kontzertu bereziaren protagonistak,  Jazz VG Clubaren atariko gisa. Kontzertu horretara bakarrik gonbidapenarekin joan ahalko da. David Juarezek, Aitor Bravok, Jon Cañaverasek, Charles Cooperrek, Alberto Maldonadok eta Alfonso Junguituk osatzen dute Triology. Lara Vizuete, berriz, lekua lortzen ari da estatuko jazzaren munduan, Miranda de Ebrotik New Yorkera eraman duen prestakuntza ibilbide oso bati esker (ahots-jazza, pianoa eta biolontxeloa).

Ostiralean, hilak 17, emango diote jarraipena zikloari The Garage aretoan, Ruben Salvador buru duen laukotearekin. RS4 proiektua aurreko proiektuetan parte hartu duten eta beren esperientziak partekatzeko gogoz dauden musikari talde baten kezkatik sortu da. Salvadorren tronpetari Iosu Izagirreren kontrabaxua, Iker Uriarteren bateria eta Koldo Uriarteren pianoa batuko zaizkio. Errepertorioak konposizio propioak eta klasiko zaharren moldaketak barne hartuko ditu.

Bigarren zatian, Jazz VG Clubak omenaldia egingo dio Charlie Parkerri haren mendeurrenean, Europako eta nazioarteko jazz saxofoi-jotzaile garrantzitsuenetako baten eskutik: Ernesto Aurignac. Aurignac buru duen laukotean Juan Galiardok (pianoa), Joan Masanak (kontrabaxua) eta Juanma Nietok (bateria) ere jotzen dute. Laukoteak aparteko kontzertua proposatuko du, lirismoz eta intentsitatez betea, konposaketa propioekin eta Parkerren abestien moldaketekin.

Larunbatean, hilak 18, Noa Lur abeslari bilbotarrak hartuko du lekukoa. Estoniako Nomme Jazz Nazioarteko Jaialdian Europako jazzeko ahots gazte onenetakotzat saritua, Noa Lurrek zaleen babes handia lortu zuen Badakit diskoko “Moody ‘s Mood For Love” singlearekin. Kantaria Bobby McFerrinen atariko gisa abestu du, eta entzuleek oso harrera ona egin diote haren bigarren diskoari (Troublemaker).

Javier Moreno kontrabaxu-jotzailearen In Sides diskoan oinarritutako kontzertuarekin jarraituko du gauak, jazz garaikidea eta inprobisazioa oinarri dituen argazki bizia, iparraldearen eta hegoaldearen arteko mugimenduaren eta bidaiaren esentzia biltzen duena. Laukotean, lekuen eta espazioen artean etengabe banatuta egotearen dualtasunaz hausnartzen du Javier Morenok. Maikel Vistelek (saxoa), Albert Boverrek (pianoa) eta Ramon Pratsek (bateria) lagunduko diote bidaia honetan.

Igandean, hilaren 19an, amaituko da zikloa, bi musikari galiziarrekin. Abe Rábade piano-jotzaile eta konpositoreak irekiko du gaua, eta ondoren, Baldo Martinezen taldeak Vientos Cruzados proiektua aurkeztuko du. Kontrabaxu-jotzaileak folkloretik eta iturri garaikideetatik edaten du, eta Espainiako jazz garaikideko musikaririk adierazgarrienetako bat da. Baldo Martinezek David Herrington (tronpeta eta fliskornoa), Juan Saiz (flauta eta saxo tenorra) eta Pedro Lopez (bateria eta perkusioa) izango ditu lagun.

Kontzertuak berme sanitario guztiekin egingo dira, bai musikarientzat bai bertaratzen direnentzat, baita aretoko langileentzat ere. Hori dela eta, edukiera 200 pertsonatara mugatuko da, distantzia soziala bermatzeko. Hala ere, joateko aukerarik ez duten zaleentzat, emanaldiak streaming bidez emango dira  www.jazzvitoria.com webgunean.

Sarrerak uztailaren 10etik aurrera erosi ahal izango dira www.jazzvitoria.com webgunean.

Gasteizko Jazzaldiak antolatu du Jazz VG Club zikloa, hauen babesarekin: Iberdrola, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Vital Fundazioa, Radio Vitoria, El Correo, RTVE, EITB, La Salve eta The Garage.

PRENTSA DOSIERRA

 

PLAY LIST SPOTIFY

 

 

 

 

 

 

Share