Prentsa Oharren banner

Gizarte Politiken Sailak MIKASA programa jarriko du abian, familiei dituzten baliabide ekonomikoak kudeatzen irakasteko eta etxebizitza gal dezaten eragozteko

Arrisku-faktoreak antzematen dituen bizikidetza-unitateekin esku hartuko du.

Elkarrekin taldearekin lotutako aurrekontu-akordioaren barruko proiektua da.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak programa bat jarriko du abian irailean, familiei dituzten baliabide ekonomikoak kudeatzen irakatsiko diena, beren oinarrizko premiei erantzun diezaieten eta etxebizitza gal ez dezaten.

Gaur aurkeztu dute MIKASA izeneko proiektu berria Gizarte Gaien arloko zinegotzi Jon Armentiak eta Elkarrekin-eko zinegotzi Gema Zubiaurrek, udaletxean; aipatutako udal taldeak proposatu zuen aurrekontu-proiektuan programa hori sartzea.

MIKASA programaren helburua da baliabideen kudeaketa txar batek ekar dezakeen bizitegi-bazterketa prebenitzea, pertsonek edo familiek diru-sarrera txikiak dituztenean edo baliabide ekonomiko aski izan arren horiek oker erabiltzen dituztenean.

“Etxebizitzarik ez izateak estresa, ziurgabetasuna eta babesgabetasun-egoerak sortzen ditu familiengan. Hori dela eta, beharrezkoa da familiaren ekonomia ongi kudeatzea, oinarrizko premien estaldura bermatzearren“, azaldu du Armentiak.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotziak zehaztu duenez, “bi prebentzio-maila izango dira: bata, arrisku-egoeran dauden familientzat, alarma pizten duten egoerak antzeman direnean, esaterako, aurrekontuaren % 50etik gora etxebizitza ordaintzeko erabiltzea edo oinarrizko zerbitzuen ordainketan zorrak izatea; bigarrena, kudeaketa ekonomiko eskas baten ondorioz etxea utzarazteko jakinarazpena jaso duten edo aurretik etxebizitza galdu zuten bizikidetza-unitateentzat”.

Horrelakoetan, udalaren gizarte-zerbitzuek gizarte-integratzaile baten laguntza eskainiko diete familiei, zeinak aurrekontua egoki administratzeko behar diren gaitasunak irakatsiko baitizkie.

MIKASA programaren bidez, ikasiko dute

  • Familia-aurrekontua lantzen eta doitzen.
  • Oinarrizko erosketak egiteko prezioak alderatzen.
  • Telefono- eta aseguru-konpainien eta abarren prezioak alderatzen.
  • Etxebizitzaren bilaketa aktiboan jarduten, baldintza ekonomiko onenak aurkitzeko.
  • Mailegu pertsonalen sistema ezagutzen.
  • Familiaren gastua kontrolatzeko doako aplikazio mugikor bat erabiltzen.

Familientzako prestakuntzak menuak lantzea ere hartuko du barne, “haien elikaduran eragin positiboa izan dezan“.

Elkarrekin taldeko zinegotzi Gema Zubiaurreren iritziz, “baliabide ekonomikoen kudeaketa okerrak eragindako ahultasun-egoerak eta etxea galtzeko arriskua goiz antzematea oinarrizkoa da etxe-kaleratzeak prebenitzeko. Elkarrekin-ek bultzatu duen jarduera-ildo hori udal gobernuarekin aurrekontu-akordioaren barruan adostu genituen beste batzuei gehitzen zaie, Gasteizen bizi diren pertsona guztien bizi-kalitate duina bermatzearren. Azpimarratu beharra dugu etxebizitza duina eta egokia izatea legeak aitortutako eskubide subjektiboa dela, eta administraziook hori bermatzeko betebeharra dugula“.

Familiekiko esku-hartzea banakakoa izango da batez ere, helduei zuzendua eta lau hilabetez gehienez, baina taldekako jarduerak ere antolatuko dira.

Esaterako, Kontsumobidek 6-15 pertsonarentzako bi prestakuntza saio eskainiko ditu, erosketa-saskiari eta etxeko ekonomiari buruz, eta Goienerrek energia-hornikuntzaren fakturak aztertzen irakatsiko du taldeka.

MIKASA programa garatzeko aurrekontua 100.000 euro da.

Share

43.000 euro bideratuko ditu Udalak Gasteiz Antzokia martxan jartzera

Lazarraga Kultur Elkarteak definituko ditu Ruiz de Bergaratarren jauregiko kultur programazioaren ildoak.

 

Gema Zubiaurre, adierazpenak

Lazarraga Kultur Elkartearekin duen lankidetza-hitzarmena zabaldu du Gasteizko Udalak, elkarteak bere gain har dezan 2022an Gasteiz Antzokia martxan jartzea. 43.000 euro gehituko zaizkio hasierako kontratuari —214.992,80 euro, BEZ barne—, udal-gobernuak Elkarrekin taldearekin aurrekontuen inguruan lortutako akordioari esker.

Horri esker, Lazarraga Kultur Elkartea arduratuko da proiektuaren egoitza izango den Ruiz de Vergara jauregian garatuko den kultur programaren ildoak landu eta definitzeaz. Elkarte horretako kideek planifikatu eta programatuko dituzte kultur jarduera eta ekintzak, komunikazio-plan integrala landu eta ezarriko, eta proiektua kudeatuko.

“Beste pauso bat da, Gasteiz Antzokia martxan jartzera begira. Euskararentzako espazio bat. Euskarazko kultur sorkuntza eta aisialdirako elkargune bat. Joan den otsailean hasi ziren eraikineko obrak. Hartara, XXI. mendeko erabilera anitzeko espazio bat egokituko da Erdi Aroko jauregi horretan. 500 lagun baino gehiagorentzako ikuskizunak hartuko dituen areto nagusi bat izango du, eta erakusketak, hitzaldiak eta proiekzioak egiteko areto multifuntzional bat, lantegiak, ludoteka, bilera-gelak eta abar. Eta edukitzailea prest edukitzen saiatzen garen bitartean, edukia planifikatu beharra daukagu. Eta horretan ari gara”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, programa aurkezteko prentsaurrekoan.

Elkarrekin Gasteiz taldeko zinegotzi Gema Zubiaurre zinegotziak, berriz, azaldu du: “Euskararen erabileraren normalizazioa defendatzen dugu Elkarrekin taldetik, eragile euskaltzaleen kohesioa eta espazio euskaldunen sorrera tarteko. Esparru horretan, funtsezkoa da Gasteiz Antzokia garatzea, euskarazko kultur eta gizarte-eskaintza handitzeko. Lazarraga Kultur Elkartearekiko hitzarmena zabalduz, aurrera egiten jarraitu ahal izango dugu, Gasteiz Antzokia errealitate bihur dadin eta Gasteizek gure hizkuntzaren sustapenean aitzindari izango den espazio bat izan dezan”.

Montehermoso kulturunean dago, 2014az geroztik, Euskararen Etxea, Gasteiz Antzokiaren ernamuina izango dena. Ordudanik, jauregi horretan garatzen da Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatzen duen kultur programa egonkorra. Musika, erakusketak, ikastaroak, proiekzioak, deialdiak…

Zapatari kaleko Ruiz de Bergaratarren jauregiko Gasteiz Antzokia zabaltzen denean, bertara aldatuko da Euskaren Etxea, Montehermoso kulturunetik.

“Hezkuntza eta Kultura Sailetik, eta Elkarrekin Podemosen taldearen laguntzari esker, arraunean jarraitzen dugu, euskaltzale askoren ametsa errealitate bihur dadin. 2022an jarriko dugu martxan Gasteiz Antzokia”, gehitu du Cantok.

 

 

Share