Prentsa Oharren banner

43.000 euro bideratuko ditu Udalak Gasteiz Antzokia martxan jartzera

Lazarraga Kultur Elkarteak definituko ditu Ruiz de Bergaratarren jauregiko kultur programazioaren ildoak.

 

Gema Zubiaurre, adierazpenak

Lazarraga Kultur Elkartearekin duen lankidetza-hitzarmena zabaldu du Gasteizko Udalak, elkarteak bere gain har dezan 2022an Gasteiz Antzokia martxan jartzea. 43.000 euro gehituko zaizkio hasierako kontratuari —214.992,80 euro, BEZ barne—, udal-gobernuak Elkarrekin taldearekin aurrekontuen inguruan lortutako akordioari esker.

Horri esker, Lazarraga Kultur Elkartea arduratuko da proiektuaren egoitza izango den Ruiz de Vergara jauregian garatuko den kultur programaren ildoak landu eta definitzeaz. Elkarte horretako kideek planifikatu eta programatuko dituzte kultur jarduera eta ekintzak, komunikazio-plan integrala landu eta ezarriko, eta proiektua kudeatuko.

“Beste pauso bat da, Gasteiz Antzokia martxan jartzera begira. Euskararentzako espazio bat. Euskarazko kultur sorkuntza eta aisialdirako elkargune bat. Joan den otsailean hasi ziren eraikineko obrak. Hartara, XXI. mendeko erabilera anitzeko espazio bat egokituko da Erdi Aroko jauregi horretan. 500 lagun baino gehiagorentzako ikuskizunak hartuko dituen areto nagusi bat izango du, eta erakusketak, hitzaldiak eta proiekzioak egiteko areto multifuntzional bat, lantegiak, ludoteka, bilera-gelak eta abar. Eta edukitzailea prest edukitzen saiatzen garen bitartean, edukia planifikatu beharra daukagu. Eta horretan ari gara”, adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, programa aurkezteko prentsaurrekoan.

Elkarrekin Gasteiz taldeko zinegotzi Gema Zubiaurre zinegotziak, berriz, azaldu du: “Euskararen erabileraren normalizazioa defendatzen dugu Elkarrekin taldetik, eragile euskaltzaleen kohesioa eta espazio euskaldunen sorrera tarteko. Esparru horretan, funtsezkoa da Gasteiz Antzokia garatzea, euskarazko kultur eta gizarte-eskaintza handitzeko. Lazarraga Kultur Elkartearekiko hitzarmena zabalduz, aurrera egiten jarraitu ahal izango dugu, Gasteiz Antzokia errealitate bihur dadin eta Gasteizek gure hizkuntzaren sustapenean aitzindari izango den espazio bat izan dezan”.

Montehermoso kulturunean dago, 2014az geroztik, Euskararen Etxea, Gasteiz Antzokiaren ernamuina izango dena. Ordudanik, jauregi horretan garatzen da Lazarraga Kultur Elkarteak kudeatzen duen kultur programa egonkorra. Musika, erakusketak, ikastaroak, proiekzioak, deialdiak…

Zapatari kaleko Ruiz de Bergaratarren jauregiko Gasteiz Antzokia zabaltzen denean, bertara aldatuko da Euskaren Etxea, Montehermoso kulturunetik.

“Hezkuntza eta Kultura Sailetik, eta Elkarrekin Podemosen taldearen laguntzari esker, arraunean jarraitzen dugu, euskaltzale askoren ametsa errealitate bihur dadin. 2022an jarriko dugu martxan Gasteiz Antzokia”, gehitu du Cantok.

 

 

Share