Prentsa Oharren banner

Iraunkortasunerako Gobernu Lokalen Sarearen erabaki-organoetan sartu da Gasteizko Udala

ICLEIko batzorde betearazleko aholkulari izendatu dute Ana Oregi, eta Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat izango da

Iraunkortasunerako Gobernu Lokalen Sarearen erabaki-organoetan sartu berri da Gasteizko Udala. Izan ere, ICLEIren Batzorde Betearazleko iraunkortasun-konponbideen ikerketa urbanoaren arloko aholkulari izendatu dute Ana Oregi alkateordea, eta orobat izango da Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat.

Joan den astean aurkeztu ziren gobernu lokalen sare horren zuzendaritza-organoak hautatzeko prozesuaren emaitzak. 1990ean sortua, 1.700 kidetik gora biltzen ditu sareak, 100etik gora herrialdetakoak, hainbat arlotan proiektu berritzaileak garatzeko elkarlanean —biodibertsitateari eta ekosistemei buruzko zerbitzuak, klima-aldaketa arindu eta hartara egokitzea, energia, elikadura, azpiegiturak, kontratazioa, mugikortasuna eta ura, besteak beste—.

“Erakunde horrek pisu handia du nazioartean, eta estu lan egiten du Nazio Batuekin eta Europako hainbat erakunderekin, gobernu lokalen iritzia aintzat hartzen dela ziurtatzeko. Gainera, sare tematikoen eta proiektu zehatz oso interesgarrien bidez esperientziak trukatzeko aukera ematen du”, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak.

Share