Prentsa Oharren banner

Iraunkortasunaren aldeko Gobernu Lokalen Mundu-biltzarrean parte hartzen ari da Gasteiz aste honetan

ICLEIren Batzorde Betearazleko kide da Ana Oregi alkateordea, eta Gobernu Lokalen Sarearen Europako Batzordearen bost ordezkarietako bat

 

ICLEIk Suediako Malmö hirian antolatutako Iraunkortasunaren aldeko Gobernu Lokalen Mundu-biltzarrean parte hartzen ari da Gasteiz aste honetan, online. Gobernu lokalek eta eskualdeetakoek hiri-garapen iraunkorrean nola aurrera egin dezaketen aztertu eta eztabaidatzen ari dira bertan.

Ana Oregi alkateorde eta Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zinegotzia da Gasteizek mundu mailako biltzar horretan duen ordezkaria. Gainera, ICLEIko batzorde betearazleko aholkulari da, eta Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat.

Bazkide estrategikoekin konektatzen ditu biltzarrak sareko kideak, eta gai globalei buruz eztabaidatzeko plataforma bat eskaintzen du. Partaideen artean, ehunka gobernu lokal, eskualdeetako eta nazionalak daude, baita nazioarteko agentziak, sektore pribatuko ordezkariak, akademiko eta ikertzaileak eta planeta osoko talde komunitarioak ere.

50etik gora jardunaldi eta lantegi izango dira gainera, parte-hartzaileei aukera ematen baitiete munduko egungo gertakarien testuinguruan hiri-iraunkortasuna jorratzeko, konpromisoak hartzeko eta ideiak trukatzeko. Iraunkortasunaren arloko ekintza kolektiboan aurrera egiteko —bizkorrago aurrera egiteko— modurik onena aztertuko dute elkarrekin, ICLEIren bost garapen-bide interkonektatuak aintzat hartuta: emisio gutxiko garapena, zirkularra, erresistentea, ekitatiboa eta pertsonengan zentratua.

 “Erakunde horrek pisu handia du nazioartean, eta estu lan egiten du Nazio Batuekin eta Europako hainbat erakunderekin, gobernu lokalen iritzia aintzat hartzen dela ziurtatzeko. Gainera, sare tematikoen eta proiektu zehatz oso interesgarrien bidez esperientziak trukatzeko aukera ematen du”, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak.

 

BIDEOA  https://www.youtube.com/watch?v=OHpNOPam6cc

Share

Iraunkortasunerako Gobernu Lokalen Sarearen erabaki-organoetan sartu da Gasteizko Udala

ICLEIko batzorde betearazleko aholkulari izendatu dute Ana Oregi, eta Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat izango da

Iraunkortasunerako Gobernu Lokalen Sarearen erabaki-organoetan sartu berri da Gasteizko Udala. Izan ere, ICLEIren Batzorde Betearazleko iraunkortasun-konponbideen ikerketa urbanoaren arloko aholkulari izendatu dute Ana Oregi alkateordea, eta orobat izango da Sarearen Europako Batzordeko bost ordezkarietako bat.

Joan den astean aurkeztu ziren gobernu lokalen sare horren zuzendaritza-organoak hautatzeko prozesuaren emaitzak. 1990ean sortua, 1.700 kidetik gora biltzen ditu sareak, 100etik gora herrialdetakoak, hainbat arlotan proiektu berritzaileak garatzeko elkarlanean —biodibertsitateari eta ekosistemei buruzko zerbitzuak, klima-aldaketa arindu eta hartara egokitzea, energia, elikadura, azpiegiturak, kontratazioa, mugikortasuna eta ura, besteak beste—.

“Erakunde horrek pisu handia du nazioartean, eta estu lan egiten du Nazio Batuekin eta Europako hainbat erakunderekin, gobernu lokalen iritzia aintzat hartzen dela ziurtatzeko. Gainera, sare tematikoen eta proiektu zehatz oso interesgarrien bidez esperientziak trukatzeko aukera ematen du”, nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotziak.

Share