Prentsa Oharren banner

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuaren azterlan baten arabera, 6 eta 9 urte artean hasten da Gasteizko adingabeen % 49 bideo-jokoetan

% 40 bere adinean baimenduta ez dauden jokoetan aritzen da.

% 20k baino gehiagok nahiago izaten du sarritan bideojokoetan aritzea adiskideekin ateratzea edo familia giroko jardueretan aritzea baino.

 

Udalaren Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak Gasteizko hau nahiz nerabeen artean bideojokoen erabilerari buruzko inkesta bat argitaratu berri du , 9 eta 17 urte arteko 347 pertsonek parte hartu dutelarik.

Ikerlana Movimiento Contra la Intolerancia elkartearekin batera egin da, eta zenbait alderdi aztertzen ditu (bideojokoetan hasteko adina, jokoan emandako denbora, online jokoen erabileraren arriskua, etab.), eta bideojokoen erabilera hobetzeko proposamenak planteatzen ditu.

Emaitza nagusienetako bat da adingabeen % 49 oso goiz hasten direla bideojokoekin harremanetan, 6 eta 9 urte bitartean. “Hasiera goiztiar horrek adinarekin bat ez datozen jokoetan aritzeko arrisku handia dakar. Izan ere, inkestatuen % 40k onartzen du bere adinean baimenduta ez dauden jokoetan aritzen dela”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Jokoari eskaintzen dioten denbora-tarteari dagokionez, adingabe inkestatuen % 22k bi ordu baino gehiago ematen ditu bideojokoetan, eta % 20k dio berandu joaten dela lotara sarritan, jokoan geratzen delako.

“Menpekotasun” horren ondorioz, inkestatuen % 23k uko egiten dio adiskideekin sarritan kalera irteteari, hartara etxean jokoan geratzeko, eta % 20k nahiago izaten du jokoan geratzea,familiakoekin jardueretan aritzea baino.

Antzeko zerbait gertatzen da etxekolan eta bideojokoen arteko harremanean: % 27k behin baino gehiagotan alboratzen du ikasteko edo etxekolanak jokoagatik, eta horrek eragin zuzena izan dezake beren eskola-errendimenduan.

Zer gertatzen da familiak mugak ipintzen dizkionean bideojokoei eskainitako denborari? Jokatzeko debekuaren aurrean, adingabeen inkestatuen % 20k desadostasuna adierazi maiz, urduri jartzen dira, baita erasokor ere (% 7).

 

Gailuak eta online jokoak

Nahiz eta bideojokoetan aritzeko gailurik erabiliena kontsola den, oso gertutik dauka atzetik sakelako telefonoa; haririk gabeko konexioak ate irekia eskaintzen dio erraz jaitsi daitezkeen bideojoko multiplataformetan aritzeko, gurasoen kontroletik at.

Beste pertsona batzuekin aritzea da online bideojokoen erakargarrietako bat. % 43k onartzen du ezezagunekin aritzen dela jokoan, % 21ek erantzuten dietela ezezagunen mezuei, eta % 10ek mezu iraingarriei erantzuten diela.

“Zifra horien aurrean, pentsatu behar dugu handia dela grooming, sexting, ciberbullying edo antzeko egoerak gertatzeko probabilitatea. Izan ere, inkestatuen % 13k argi eta garbi onartzen du jazarpena pairatu duela online bideojokoren batera ari zelarik”, dio Jon Armentiak.

 

Proposamen eta gomendioak

Emaitza horien aurrean, txostenak adingabeek eurek emandako hobetzeko proposamenak planteatzen ditu: herritarrei bideojokoek behar ez bezala erabiltzeak dituen arriskuei buruzko informazioa ematea; indarkeria handiaren edo jokoan ordu gehiegi ibiltzeko arriskuaren aurrean babes-neurriak sustatzea; aisialdi-alternatibak planteatzea, bideojokoez apartekoak; prebentzio-eta sentsibilizazio-lanei ekitea eskolatik; eta pertsona helduen zaintza sustatzea.

Bestalde, “komeni da gurasoek jakitea zein bideojokotan aritzen diren euren seme-alabak, eta zenbat denboraz aritzen diren. Neurriz gaineko erabilerak arazo larria eragin dezake, gazteak eraman baititzake euren bidekontsoletan baino ez dagoen errealitate alternatibo bat bizi nahi izatera”, ohartarazi du Haurtzaro eta Senitartelko zinegotziak.

Ildo horretati, inkesta familia eta hezitzaileei zuzenduriko gomendio batzuekin amaitzen da:

  • Informatu ondo bideojokoaren gainean, hura deskargatu edo erosi aurretik, eta beti pertsona helduren baten esku utzi zeregin hori.
  • Sormena pizten duten bideojokoak hautatzea, edo taldeko lana eta irakurmena sustatzen dutenak.
  • Bideokontsoletan gurasoen kontrola
  • Adingabeak eskura dituen gailuez egiten duen erabilerari erreparatzea.
  • Kontuz mikro-ordainketekin: online bideojokoetako asko doan jaistekoak diren arren, jokoaren zenbait alderdi eskuratzeko edo jokoaren elementuak erosteko ordaintzea eskatzen dute.
  • Arau garbi eta adostuak ezartzea jokoan aritzeko denbora eta ordutegiei buruz, bai eta beste jarduera batzuen aurreko lehentasunen inguruan ere.
  • Aisialdirako alternatiba erakargarriak
  • Adingabeei gogoraraztea ez diotela inori datu pertsonalik eman behar, ez eta irudirik bidali behar.
  • Eta beste.

 

Haur eta Nerabeentzako Udal Plana.

“Haurtzaroa eta bideojokoen erabilera 2020” azterlana Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak Movimiento Contra la Intolerancia elkartearekin batera egiten dituen jardueren artean dago, hitzaldi, lantegi, jazarpena eta ziberjazarpena prebenitzeko mahai informatibo eta abarrekin batera

Haur eta Nerabeentzako Tokiko Planak (HANUP) ohartarazten du teknologia digital berriei eta horien aplikazioei loturiko nahasmenduez; horiek, nahiz eta gaur egun ez diren adikzio gisa hartzen, portaera konpultsiboak eta mendekotasuna eragin dezakete.

Share

15 ikastaro eta lantegi programatu ditu Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak ikasturte berrirako

15 jarduera programatu ditu Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak, 2020-2021 denboraldirako Udalaren ikastaro- eta lantegi-eskaintzaren barruan.

Irailaren 7tik, zabalik dago izena emateko epea, eta urriaren 7an hasiko dira jarduerak. Gai ugari jorratuko dira bertan; esaterako, nola bizi duten seme-alabek gurasoen banaketa, edo nola landu pazientzia, seme-alaben heziketan.

010 telefonoan eman daiteke izena, edo Udalaren webgunearen bitartez.

Astean klase bana izango da ikastaro guztietan, salbu eta Senidegune familientzako gunean, horretan bi izango baitira.

Hasiera batean, aurrez aurre egiteko pentsatuta daude jarduerak. Hala ere, egoera sanitarioa eta Covid-19aren kontrako babes-neurri espezifikoen direla eta aurrez aurre egiterik ez badago, formatu birtualean egiteko aukera izango da, baita material didaktikoa eta laguntza-bideoak erabiltzeko aukera ere.

Ikastaro eta jarduerak:

  1. Emozioak lantzen (6 urtetik 8ra bitarteko seme-alabak dituzten gurasoak).
  2. Emozioak familia barruan (gurasoak).
  3. Emozioak eta mindfulness familia giroan (3 urtetik 5era eta 6 urtetik 8ra bitarteko seme-alabak dituzten gurasoak).
  4. Nola bideratu emozioak (6 urtetik 8ra eta 9 urtetik 1ra bitarteko haurrak).
  5. Senidegune, familientzako gunea, 3 urtera arteko nahiz 4 urtetik 6ra bitarteko seme-alabak dituzten gurasoentzat. Haurdun dauden emakumeak eta bilobak zaintzen dituzten aiton-amonak ere joan daitezke bertara.
  6. Modu positiboan hezten (4 urtetik 6ra bitarteko seme-alabak dituzten gurasoak).
  7. Bihotzez eta zentzuz hezten (6 urtetik 11ra bitarteko seme-alabak dituzten gurasoak).
  8. Pazientziaren giharra entrenatzen (gurasoak).
  9. Nola bizi dute seme-alabek gure banaketa? (gurasoak).
  10. Nerabezaroa: gurasoak ahaldunduz (gurasoak).
  11. Atxikimendu segurua sustatzeko lantegia (2 urtera arteko seme-alabak dituzten gurasoak).
  12. 9 gako hezteko (6 urtetik 9ra bitarteko seme-alabak dituzten gurasoak).
  13. Autozainketa eta indarkeriarik gabeko komunikazioa (18 eta 65 urte bitartekoak).
  14. Gurasoentzako erresilientzia (gurasoak).
  15. Txikientzako erresilientzia (6 urtetik 9ra bitarteko haurrak).

 

Share

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak bere zortzi zentro sozioedukatiboak irekiko ditu, eta aurrez aurreko esku-hartzeari ekingo dio berriro zenbait programatan

Ekainaren 1ean (astelehena), Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak beste urrats bat egingo du deskonfinamenduan covid-19ak eragindako baliabide eta programetako batzuen funtzionamenduari dagokionez.

Izan ere, datorren astetik aurrera berriro ekingo die alarma egoera dela eta geldiarazitako esku-hartze batzuei; dena dela, erabiltzaileei arreta ematen jarraitu dute, bide telematikoz eta telefonoz.

Astelehenetik aurrera udalaren zortzi zentro sozioedukatiboak irekiko dira, zeinetan laguntza eta esku-hartze psikosoziala eskaintzen baitzaie babesgabetasun-arriskuan dauden haur eta nerabeei eta horien familiei. Edukiera mugak ezarriko dira, eta higiene eta antolakuntza neurriak hartuko, distantzia soziala bermatzearren.

Martxoaren 11n itxi behar izan arren, zentro horietako profesionalek haur, nerabe eta familien % 100arekin jarraitu dute lanean, psikologia, gizarte eta hezkuntza alorretako sostengua emanez. Bideo-deiei eta telefono bidezko esku-hartzeei esker lortu dute.

Gurasoen aurkako indarkeria egoeretan garaiz esku hartzeko programan ere hasiko dira aurrez aurre esku hartzen; pandemiaren hasieratik une honetan programan parte hartzen ari diren zortzi familiei eman zaie arreta, online. 2017an abian jarri zenetik, 140 pertsona —nerabeak eta gurasoak— igaro dira programatik, hau da, orotara 47 familiak jaso dute psikologoen laguntza terapeutikoa eta aholkularitza.

Banantzeak eta dibortzioak

Egokitzen programan ere berriro ekingo diote taldeko esku-hartzeak aurrez aurre egiteari, lekuak mugatuta eta behar diren segurtasun-neurriak hartuta; banaketa eta dibortzio gatazkatsuetan gurasokidetasun positiboa lantzea da programaren helburua.

Guraso-trebetasunak hobetzen laguntzen die familiei eta, horretarako, aitekin eta amekin talde-saioak egiten dira (bikote ohiko kide biak ez dira talde berean egongo), eta haurrekin, berriz, egoera berrira modu egokian ohitzeko jarduerak.

Azkenik, adineko pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programan ere taldeko prestakuntza-jardueraren bat jarriko da abian ekaina hasieran, lekuak mugatuta, distantzia soziala gordeta eta osasunaren arloko agintariek gomendatutako babes-neurriak hartuta.

Share