Prentsa Oharren banner

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak bere zortzi zentro sozioedukatiboak irekiko ditu, eta aurrez aurreko esku-hartzeari ekingo dio berriro zenbait programatan

Ekainaren 1ean (astelehena), Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak beste urrats bat egingo du deskonfinamenduan covid-19ak eragindako baliabide eta programetako batzuen funtzionamenduari dagokionez.

Izan ere, datorren astetik aurrera berriro ekingo die alarma egoera dela eta geldiarazitako esku-hartze batzuei; dena dela, erabiltzaileei arreta ematen jarraitu dute, bide telematikoz eta telefonoz.

Astelehenetik aurrera udalaren zortzi zentro sozioedukatiboak irekiko dira, zeinetan laguntza eta esku-hartze psikosoziala eskaintzen baitzaie babesgabetasun-arriskuan dauden haur eta nerabeei eta horien familiei. Edukiera mugak ezarriko dira, eta higiene eta antolakuntza neurriak hartuko, distantzia soziala bermatzearren.

Martxoaren 11n itxi behar izan arren, zentro horietako profesionalek haur, nerabe eta familien % 100arekin jarraitu dute lanean, psikologia, gizarte eta hezkuntza alorretako sostengua emanez. Bideo-deiei eta telefono bidezko esku-hartzeei esker lortu dute.

Gurasoen aurkako indarkeria egoeretan garaiz esku hartzeko programan ere hasiko dira aurrez aurre esku hartzen; pandemiaren hasieratik une honetan programan parte hartzen ari diren zortzi familiei eman zaie arreta, online. 2017an abian jarri zenetik, 140 pertsona —nerabeak eta gurasoak— igaro dira programatik, hau da, orotara 47 familiak jaso dute psikologoen laguntza terapeutikoa eta aholkularitza.

Banantzeak eta dibortzioak

Egokitzen programan ere berriro ekingo diote taldeko esku-hartzeak aurrez aurre egiteari, lekuak mugatuta eta behar diren segurtasun-neurriak hartuta; banaketa eta dibortzio gatazkatsuetan gurasokidetasun positiboa lantzea da programaren helburua.

Guraso-trebetasunak hobetzen laguntzen die familiei eta, horretarako, aitekin eta amekin talde-saioak egiten dira (bikote ohiko kide biak ez dira talde berean egongo), eta haurrekin, berriz, egoera berrira modu egokian ohitzeko jarduerak.

Azkenik, adineko pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programan ere taldeko prestakuntza-jardueraren bat jarriko da abian ekaina hasieran, lekuak mugatuta, distantzia soziala gordeta eta osasunaren arloko agintariek gomendatutako babes-neurriak hartuta.

Share