Prentsa Oharren banner

Eroskik 90.000 maskara eman dizkio dohaintzan Udalari, talde ahulenei banatzeko

Eroskik 90.000 maskara eman dizkio Gasteizko Udalari, hiriko talde ahulenei banatzeko, haiek baitira covid-19ak sortutako krisia gehien nozitzen dutenak eta babesteko material horren behar handiena dutenak.

Ariznabarreko Eroski Center saltokian izan da emateko ekitaldia, alkate Gorka Urtaran eta Eroskiko Erakunde Harremanetarako zuzendari Josean Yela bertan zirelarik. “Oso eskertuta gaude Eroskirekin elkartasun adierazpen honengatik. Dohaintza hau oso baliagarria izango da egoera zailenetan dauden  pertsonei arreta ematen dieten udal zerbitzuentzat”, azaldu du alkateak.

“Eroskik eta proiektu hau osatzen dugun pertsona guztiok oso gogoan dugu nolako eragina duen krisiak herritarren egunerokoan. Pandemia hasi zenetik jarri ditugu ekintzak martxan egoera ahulean dauden familia eta pertsonei eragozpenak arintzen laguntzeko”, adierazi du Josean Yelak.

Share

Gutxienez 700.000 maskara higieniko erosteko tramiteei ekin die Udalak

Maskara higienikoak hornitzeko kontratazio-dosierra onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, hartara udal langileen beharrei erantzuteko, Covid-19aren kontrako babes sanitarioa izan dezaten lanaldian. 228.690 euro inbertituko dira kontratuan, eta, enpresek egiten dituzten eskaintzen arabera, gutxienez 700.000 maskara erosi ahal izatea espero da.

Udalak egiten duen horrelako lehenengo kontratua da. Izan ere, krisi sanitarioaren hasieran, babes-materiala ezohiko moduan erosteko aukera izan zuten administrazioek.

Hilean 100.000 maskara jasotzea aurreikusten da kontratazio-dosierrean, eta, horrenbestez, udal langileei maskarak luzaroan hornituko zaizkiela bermatzen. Egoera sanitarioak hobera egiten badu, eta lan-eremuan maskara erabiltzeko beharra malgutzen, kontratua zirkunstantzia berrietara egokitu ahal izango dela aurreikusten da klausuletan.

Share

Datozen hilabeteetan, Udalak 62.000 maskara baino gehiago banatuko ditu gizarte ahuldade egoeran dauden familien artean

Gaurtik aurrera helaraziko ditu babesak, hiriko 44 entitateren bitartez

 

Datozen hilabeteetan, Udalak 62.000 maskara baino gehiago banatuko ditu gizarte ahuldade egoeran dauden familien artean.  Gaurtik aurrera helaraziko ditu babesak, hiriko 44 entitateren bitartez. Hilero banatuko dira maskarak, azaroan, abenduan eta urtarrilean, 21.000 ale hileko.

Covid-19aren aurkako Udalaren Kontingentzia Planaren barruko ekimena da. Zehazki, Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzak duela gutxi Gasteiz hiriari emandako maskarak dira. Babes-material hori Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren eta Lurralde Politikaren eta Funtzio Publikoaren Ministerioaren ekimenez eman zen. Orotara 12 milioi maskara banatu zituzten estatu osoan, udalerri bakoitzeko biztanle-bolumenaren arabera.

Share

Maskarak jarri ditu Udalak hiriko eskulturetan, erabileraren inguruan sentsibilizatzeko

Gasteizko Udala eta Gasteizko nekazaritza-eremuko emakumeen sarea (EMACOVI) elkarlanean aritu dira, hiriko dozena erdi eskulturatan maskarak jartzeko. Babes sanitarioko elementu horren erabileraren inguruan sentsibilizatzea da helburua da, funtsezkoa baita Covid-19aren pandemia geldiarazteko.

Eskultura ezagunei jarri zaizkie maskarak, hala nola Florida parkeko lau errege godoei, Amarika plazako Casto Solanoren ortzadar-gizonari eta San Prudentzioren irudiari.

Gasteizko nekazaritza-eremuko emakumeen sareak (EMACOVI) egin ditu oihalezko maskara horiek, modu guztiz altruistan. “Kontzientziazio-neurri hau aurrera eramateko erakutsi duten prestutasuna eta konpromisoa eskertu nahi dizkiegu nekazaritza-eremuko emakumeei”, azaldu du Nekazaritza Eremuaren zinegotzi Miren Fernández de Landak. “Errespetu- eta babes-adierazgarria da maskara erabiltzea; ahaztu gabe distantzia fisikoa gorde eta eskuak maiz garbitzeko premia”, adierazi du.

Share

Maskara erabiltzeari dagokionez erantzukizun handiagoa eskatu die alkateak herritarrei

 

  • Sentsibilizazio-kanpaina bat jarri da abian babes-neurri horren derrigortasuna gogoratzeko
  • “Maskara jartzea da agurtu behar izan ditugun pertsonei eta osasun arloko langileei egin diezaiekegun omenaldirik onena”, esan du Gorka Urtaranek

 

Gorka Urtaran audioa

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek kontzientziazio eta erantzukizun handiagoa eskatu die herritarrei maskara erabiltzeari dagokionez. Gaur Estatuko omenaldia egingo zaie pandemiaren biktimei, osasun arloko langileei eta COVID-19aren kontra borrokan ari diren guztiei. Testuinguru horretan, “maskara jartzea da agurtu behar izan ditugun pertsonei eta bizitzak salbatzen eta gure ongizatearen alde lan egiten hilabeteak daramatzaten osasun arloko eta funtsezko zerbitzuetako langileei egin diezaiekegun omenaldirik onena. Babes neurri hori, distantzia fisikoa eta eskuen higienea zaintzearekin batera, funtsezkoa da oraindik gertatzen ari diren kutsatzeei aurre egiteko“, gogoratu du alkateak.

Mezu hori indartzeko, Udalak sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi du gaur; horren osagai ikusgarriena udaletxeko fatxadan eta Iradier Arenan jarritako bi olan handi dira, non lema hau irakur baitaiteke: “Zugatik. Nigatik. Errespetuagatik. Maskara erabili“. Herritarrei babes-neurri hori erabiltzeko derrigortasuna gogorarazi nahi diete euskarri horiek, erabilera publikoko espazioetan maskara erabiltzea nahitaezkoa dela ezartzen duen Osasun sailburuaren agindua indarrean jartzearekin batera.

“Guztiz ados nago neurri horrekin. Pandemiak zuhurrak izatera behartzen gaitu txertorik ez dugun bitartean. Ezin dugu karel gainetik bota kutsatzea geldiaraztea eta osasun sistemaren egoera arintzea ahalbidetu digun ahalegin kolektiboa.  Norberaren erantzukizuna eskatzea ez da nahikoa eta, horregatik, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da gaurtik aurrera“, adierazi du alkateak.

Orobat, euskal udalerrietan kutsatzeak prebenitzeko gomendioen dekalogoaren garrantzia azpimarratu du Gorka Urtaranek, zeina EUDELek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adostu baitute. Gaur ezagutarazi den dekalogoak antolakuntza jarraibideak ematen ditu udalen zuzeneko jarduna bideratu eta indartzeko, herritarren beren eta udalerriko gizarte-eragileen laguntzarekin.

Informazio gehiago: Maskararen erabilerari buruzko sentsibilizazio-kanpaina

 

 

Share

Herritarrei arreta eskaintzeko lekuetan maskara erabiltzeko obligazioa ezarri du Udalak

Gasteizko Udalak ezarri duenez, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da zuzeneko arreta ematen den udal instalazioetan sartzen diren pertsona guztientzat, baita jende ugari bildu daitekeela aurreikusten den lekuetan ere. Neurria ekainaren 8an (astelehena) jarriko da indarrean, gero eta gehiago baitira berriro aurrez aurreko arreta eskaintzen hasi diren udal zerbitzuak, hitzordua eskatuta gehienetan.

Maskara erabiltzeko obligazioak  hartzen joan diren prebentzio-neurriak indartzea du helburutzat, batez ere aurreikusten delako gero eta jende gehiago joango dela arreta eskaintzeko guneetara. Edonola ere, segurtasun distantzia gordetzeko eta eskuak garbitzeko eskatzen jarraituko da, eta horretarako gel hidroalkoholiko gehiago jarriko da behar den lekuetan.

Orobat, jende ugari sartzen den lekuetara doazen erabiltzaileei tenperatura ausaz hartzen hasiko da hemendik gutxira, garraio publikoan egiten den bezala. Udalak kontzientziazioaren beharra azpimarratzen jarraitzen du, eta koronabirusarekin lotutako sintomarik izanez gero pertsonak biltzen diren lekuetara ez joateko eskatzen.

 

 

Share

(Audioz eguneratuta) Udalak 300 euroko isunak jarriko ditu bide publikoan maskarak eta eskularru higienikoak uzteagatik

Cesar Fernandez de Landaren adierazpenak

Udalak 300 euroko isunak jarriko ditu bide publikoan maskarak eta eskularru higienikoak uzteagatik. Hori iragarri du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landak.

Maiatzaren hasieran jada jarri zuen abian kontzientziazio-kanpaina bat Udalak, horrelako hondakinak ugaltzen ari zirelako, eta orain isunak gogortzea erabaki da maskara eta eskularru higienikoei dagokienez.

Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa Zerbitzua, besteak beste, espazio publikoak garbitu eta desinfektatzeaz arduratzen da, eta berriro eskatu die herritarrei garbiketa eta higiene neurriak zorrozteko eta bereziki eskularrurik eta maskararik ez botatzeko lurrera edo paperontzietara. Horrela, herritarrak oro har eta garbitzaileak berak kutsatzeko arriskutik babestu nahi dituzte.

Udalak gomendatzen du eskularruak eta maskarak norberaren etxeko zabor-poltsara botatzea, eta gero poltsa hori edukiontzira eramatea. Orobat gogorarazten du osasun-krisialdi honetan gure osasuna eta gure bizilagunena babestea guztiz lehentasunezkoa dela, eta guztion erantzukizuna.

Share