Prentsa Oharren banner

Erabiltzen ez zen lursail berreskuratu bat saldu du 21 Zabalguneak, 2,2 milioi euroan, eta beste bat salgai jarri, Larreinen

Bestalde, Aretxabaleta-Gardelegiko 4 lursail jarriko ditu salgai udal sozietateak.

 

13 sektoreko (Larrein) RC-11 lursaila 2,2 milioi euroan Najera Novoa enpresari saltzea onetsi du gaur 21 Zabalgunea sozietatearen kontseiluak. Bi etxebizitza-dorre egongo dira lursail horretan;  guztira, babes ofizialeko 80 etxebizitza izango dira —76 hiru logelakoak eta 4 bi logelakoak—.  Horrez gain, Larreineko beste lursail bat salgai jartzea ere erabaki du kontseiluak, 2,1 milioi euroko prezioan.

Irailean iragarritako akordioaren parte dira bi lursail horiek; Larrein eta Aretxabaleta-Gardelegin hamaika lursail berreskuratu zituen Udalak horri esker, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko. Izan ere, geldirik egon dira azken hamarkadan.

PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeek lortutako akordio hark 24 milioi eurotik gorako irabaziak ekarriko dizkio udal sozietateari, 13. eta 19. sektoreetako lursailak lehiaketa publikoaren bidez saltzen direlarik. Elkarrekin taldeak proposatuta, eta udal gobernuaren eta PP taldearen babesa tarteko, lursailen salmentatik lortzen den dirua hiriko auzoen biziberritzea sustatzeko erabiliko da.

21 Zabalguneko zerbitzu teknikoek bere garaian azaldu zutenez, akordioak urte askotan ezin konpondu izan den arazo bat desblokeatzen du. Aurkeztutako eskaintzak onuragarriak dira 21 Zabalgunearentzat, formula horren bidez lursailen jabetza udal sozietatearen eskuetara itzultzen delako eta sozietateak aukera duelako horiek esleitzeko beste prozesu batzuk egiteko.

 

Lau lursail salgai, Aretxabaleta-Gardelegin

Bestalde, Aretxabaleta-Gardelegiko lau lursail salgai jartzea erabaki du 21 Zabalguneak —deialdi publikoaren bitartez—. 150.000 eurotik 174.600 eurora artekoak izango dira hasierako prezioak, bakoitzaren aprobetxamendu urbanistikoaren arabera.

 

Share