Prentsa Oharren banner

Lau lursail esleitu dituzte Mendiolan eta Arkaian guztira 765.000 euroan

Tokiko Gobernu Batzarrak Udalarenak ziren lau bizitegi-lursailen salmenta esleitzea onetsi du, bi Mendiolan eta beste bi Arkaian, guztira 765.077 euroan, zergak kanpo; horrela, Udalak lizitazio horretarako oinarri gisa markatu zuen balio ekonomikoa % 22,9 hobetu du.

Arkaiako bi jabetzak dira handienak (1.125 metro karratu ditu bakoitzak) eta adjudikazio-prezio handiena izan dutenak, 174.440 eta 250.012 euro. 26. sektorean daude biak. Mendiolako lursailei dagokionez, 40. sektoreko urbanizazioan daude; 648 metro karratuko lurzatia 168.525 euroan saldu da eta 612 metro karratukoa 172.100 euroan.

Irabazi duten eskaintzetan erabakigarriak izan dira bai eskainitako prezioa, bai eraikitzeko proposatutako jasangarritasun eta eraginkortasun energetikoko baldintzak. Lau lursail horiek besterentzeko 18 eskaintza jaso ziren guztira. Jasotako diru-sarrerek 2021eko aurrekontuan lurzoru-salmentatik lortutako diru-sarrera ekonomikoen aurreikuspena betetzen lagunduko dute.

 

 

Share

Erabiltzen ez zen lursail berreskuratu bat saldu du 21 Zabalguneak, 2,2 milioi euroan, eta beste bat salgai jarri, Larreinen

Bestalde, Aretxabaleta-Gardelegiko 4 lursail jarriko ditu salgai udal sozietateak.

 

13 sektoreko (Larrein) RC-11 lursaila 2,2 milioi euroan Najera Novoa enpresari saltzea onetsi du gaur 21 Zabalgunea sozietatearen kontseiluak. Bi etxebizitza-dorre egongo dira lursail horretan;  guztira, babes ofizialeko 80 etxebizitza izango dira —76 hiru logelakoak eta 4 bi logelakoak—.  Horrez gain, Larreineko beste lursail bat salgai jartzea ere erabaki du kontseiluak, 2,1 milioi euroko prezioan.

Irailean iragarritako akordioaren parte dira bi lursail horiek; Larrein eta Aretxabaleta-Gardelegin hamaika lursail berreskuratu zituen Udalak horri esker, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko. Izan ere, geldirik egon dira azken hamarkadan.

PNV, PSE-EE, PP eta Elkarrekin taldeek lortutako akordio hark 24 milioi eurotik gorako irabaziak ekarriko dizkio udal sozietateari, 13. eta 19. sektoreetako lursailak lehiaketa publikoaren bidez saltzen direlarik. Elkarrekin taldeak proposatuta, eta udal gobernuaren eta PP taldearen babesa tarteko, lursailen salmentatik lortzen den dirua hiriko auzoen biziberritzea sustatzeko erabiliko da.

21 Zabalguneko zerbitzu teknikoek bere garaian azaldu zutenez, akordioak urte askotan ezin konpondu izan den arazo bat desblokeatzen du. Aurkeztutako eskaintzak onuragarriak dira 21 Zabalgunearentzat, formula horren bidez lursailen jabetza udal sozietatearen eskuetara itzultzen delako eta sozietateak aukera duelako horiek esleitzeko beste prozesu batzuk egiteko.

 

Lau lursail salgai, Aretxabaleta-Gardelegin

Bestalde, Aretxabaleta-Gardelegiko lau lursail salgai jartzea erabaki du 21 Zabalguneak —deialdi publikoaren bitartez—. 150.000 eurotik 174.600 eurora artekoak izango dira hasierako prezioak, bakoitzaren aprobetxamendu urbanistikoaren arabera.

 

Share

Maite Zuñiga kaleko bizitegi-lursail bat esleitu da

Tokiko Gobernu Batzarrak Maite Zuñiga kalean dagoen bizitegi kolektiborako lursail bat Serpens Property SL enpresari esleitzea onetsi du. Lursaila erosteko bost eskaintza aurkeztu dira, eta irabazleak 1.075.000 euro proposatu ditu, zergak kanpo, hau da, lizitaziorako hasierako aurrekontua baino 313.165 euro gehiago. Lehiaketara aurkeztu diren proposamenen balioespen teknikoan prezio hobekuntzak, ordaintzeko baldintzak eta eraikitzeko aurreikusitako epeak hartu dira kontuan.

Lursaila Baskonia-Alavés egoitzaren ondoan dago, eta 1.889 metro koadroko azalera du, horietako 750, eraikigarriak. Bizitegi-erabilera askekoa da lurzorua, eta “lorategi hiri mistoa” hirigintza-ordenantzaren araberako etxebizitzak eraiki ahalko dira bertan.

Esleipendunak gehienez bederatzi hilabeteko epea izango du eraikuntza-lizentzia eskatzeko eta beste sei lanei ekiteko; lanek, berriz, gehienez bi urte iraungo dute.

 

 

Share