Prentsa Oharren banner

Ekonomia Sustapenak 13,2 milioi euro inbertituko ditu gizartea eta ekonomia bultzatzeko

 

  • Aurrekontuaren % 60 Gasteizen kalitateko enplegua sustatzera bideratuko da

 

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxebarriak eta Enpleguaren eta Merkataritzaren zinegotzi ordezkari Igor Salazarrek agerraldia egin dute, gaur goizean, sailaren 2022ko aurrekontua aurkezteko.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak 13,2 milioi euroko aurrekontua izango du, guztira, datorren urterako, hau da 2021ean baino % 1,4 gehiago. Hirugarren urtez jarraian egin du gora legegintzaldi honetan; 2019ko aurrekontua 7,2 milioi eurokoa izan zen; 2020an 11,9 milioikoa, eta 2021ean 13 milioikoa. Beraz, % 83ko igoera izan da orain arte legegintzaldi honetan. 

“Iaz ez bezala, aurten sentsazio onak ditugu arlo ekonomikoan. Zuhur jokatu behar dugu, eta birusaren bilakaera zaindu, baina ikus dezakegunez, gobernuak pandemiari aurre egiteko egindako kudeaketak lagundu egin du enpleguko datuak, enpresen itxaropenak eta kontsumitzaileen konfiantza hobetzen. Bizitza gehiago dago kalean, ekitaldi gehiago, baina badira erronka ugari ere. Hori dela eta, 2022. urtea gakoa izango da, eta horregatik oso argi dugu erresistentzia-etapa bazter uzteko eta berraktibazio-etapan aurrera egiteko balio behar duela aurrekontuak.

Lehen alkateordeak adierazi duenez, enpleguak izango du, berriz ere, zuzkidurarik handiena, 7,9 milioiko aurrekontua izango baitu 2022an. Hau da, Ekonomia Sustapenerako aurrekontuaren % 60  enplegua sustatzera bideratuko da. Kopuru horretan sartuko dira Lanbide bidez kontratatzeko partidak, eragile ekonomikoekiko hitzarmenak eta enplegua egonkortzeko udal deialdia.

Merkataritza eta Ostalaritzak Zerbitzurako ere bada igoerarik Etxeberria eta Salazar zinegotziek aurkeztutako proiektu ekonomikoan, 1,5 milioi euro esleitu baitzaizkio, hau da, 2021ean baino % 13,5 gehiago. Sustapen-kanpainetarako laguntzak zein hitzarmen eta Eguberrietako argiak sartzen dira kapitulu honetan. Partiden artean azpimarratzekoa da merkatuen arloko inbertsioei dagokiena, lehengo halako bost baita, 125.000 eurora iritsita.

Bestetik, Biltzar eta Turismo Zerbitzura bideratuko dira sailaren aurrekontuko 1,4 milioi, beraz, % 11 gehiago. “Beti defendatu izan du Gasteizko potentzial turistikoa, ikur jasangarria delako eta ondareaz eta gastronomiaz harro ager daitekeelako” gogorarazi du Etxebarriak. 2022ko aurrekontuko partidek sektorearen lehiakortasuna hobetzea, turismoa sustatzea, Umbara Light Festival bezelako ekitaldiak, Europa eta Goiuri jauregiak hobetzea eta sektorearekiko lankidetza barne hartzen dute, baita biltzar, ekitaldi edo kanpoko kanpainen bitartez hiria promozionatzeko proiektuetarako laguntzak ere.

“Aurrekontu honen bitartez, enpresak sortzeko eta finkatzeko, merkataritza eta ostalaritza ezarri, modernizatzeko eta digitalizatzeko laguntzak finkatzen ditugu. Enpleguan egonkortasuna sustatzeko eta ekonomia-zirkularrerako proiektuetarako laguntzak ere handitu dira. Kasu guztietan, irekita uzten da deialdietarako zenbatekoak handitzeko aukera, aurten egin den bezala, baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiek udalaren babesa izan dezaten. Inor atzean ez uztea da helburua” azpimarratu du lehen alkateordeak.

Halaber adierazi du krisia gainditzeko Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek “indarrak batu” beharra, bai eta erakundeen arteko harremanak estutzekoa ere. “Iradokizunak jasotzeko eta guztiekin adosteko prest gaude. Akordio ona lortzea espero dugu, ulertezina izango litzatekeelako hiriak aurrekontu-luzapena izate 2022an, biziberritzeko urte gakoan” nabarmendu du Etxebarriak.

 

 

Share

Urriaren 2an (ostirala) amaituko da epea coronavirusari aurre egiteko materiala erosteko laguntza berriak eskatzeko

  • Gelak, maskarak eta manparak erosteko deialdi honetan, Udalak malgutu egin ditu betekizunak, saltegi eta enpresa gehiagotara iristearren

Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailak urriaren 2ra arte (ostirala) izango du zabalik epea saltoki eta enpresek osasun krisialdiak sortutako gastuei aurre egiteko laguntza berriak eskatzeko. Bigarren deialdi honek 200.000 euroko aurrekontua du babes- eta higiene-materiala eskuratzeko. Programa Ekonomia Suspertzeko Planean sartuta dago, zeinak COVID-19ak tokiko sare ekonomikoan duen eragina arintzeko asmo handiko laguntzak eta ekimenak biltzen baititu.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatzen dira, baita itxialdian eraldaketa digitalarekin lotuta egin diren inbertsioak ere. Jarduera eten zelarik, ekipoak eta makinak martxan jartzeko beharrezko gastuak ere barne hartzen ditu. Aurkezten diren proiektuek gutxienez 500 euroko inbertsioa aurreikusi beharko dute saltoki, taberna, jatetxe eta ile-apaindegien kasuan, eta 1.000koa gainerako sektoreetan.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak adierazi duenez, “laguntza hauek funtsezkoak dira hiriko sektore ekonomikoen eskari nagusietako bati erantzuten baitiote. Lehen deialdian 300 eskaeratik gora jaso ziren eta orain, elkarteen eskaria aintzat hartuta, malgutu egin ditugu betekizunak, dirulaguntzak merkatari, ostalari eta enpresari gehiagorengana irits daitezen.”

Sektorearen iradokizunek hainbat betekizun egokitzeko balio izan dute. Hala, bigarren deialdian 50 langile baino gutxiago (lehen deialdian 10 langile baino gutxiago) eta urteko negozio-bolumena 10 milioitik beherakoa duten enpresak aurkez daitezke (aurrekoan 2 milioitik beherakoa izan behar zuen). Halaber, kendu egin da negozioaren antzinatasunaren muga (lehen bi urtekoa zen).

Share