Prentsa Oharren banner

TUVISAk bertako dendetara hurbiltzeko garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du, ‘Orain, erosketak autobusez’ kanpainaren bidez  

 

Garraio publikoak eta tokiko merkataritzak eskua eman diote elkarri TUVISAk sustatutako kanpaina berrian. Izan ere, udalaren garraio enpresak ekimen bat abiatu du gaur Gasteizen mugikortasun iraunkorra eta gertuko merkataritzaren dinamizazioa batzeko. “Gasteizen erosten badugu, eta dendetara joateko mugikortasun-aukera iraunkorragoak erabiltzen baditugu, hau da, garraio publikoa, onura bikoitza da. Udalerriko merkataritzari sostengu ematen diogu eta karbono-aztarna murrizten laguntzen dugu“, azaldu du TUVISAko lehendakari eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

Udal enpresak kanpaina bat diseinatu du, ‘Orain, erosketak autobusez: TUVISAk zure dendara hurbilduko zaitu’ lemaren pean. Autobusetan, TUVISAren eta Udalaren pantailetan eta beste udal baliabide batzuetan jarriko da mezua. Hainbat helburu lortu nahi dira horren bidez: hiri- eta gizarte-eredua agerian jartzea, gizarte eta ingurumenari dagokienez kontsumo-eredu iraunkorra sustatzea, gizartearen beharrei erantzutea eta, aldi berean, auzo biziak eta hiri iraunkorrago bat sustatzea.

Bide batez, herritarrek garraio publikoarekiko konfiantza berreskuratu dezaten lortu nahi du kanpainak, osasun krisialdian nabarmen gutxitu baitzen bidaiarien kopurua. Izan ere, autobus publikoa garraiobide segurua eta jasangarria da, segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen dituena. TUVISAk astero aztertzen du zerbitzuaren eskaintza eta eskaria, eta 150.000 eurotik gora inbertitu ditu COVID-19aren kontrako berariazko zerbitzuetan: norbera babesteko ekipoak, garbiketa-produktuak, gel hidroalkoholikoak, berariazko garbiketak eta beste. Gainera, birusa agertu zenean ezarri ziren neurri sanitarioei eutsi zaie gerora ere: garbiketak, birizidekin; berariazko garbiketak, kontaktu lekuetan; maskarak; aireztapena; autobusaren barruan jateko debekua, eta abar.

 

Share

Udalak tokiko merkataritzari laguntzeko “Haien ilusioak mugiarazten gaitu” kanpainan laguntzen du

Gaur hasiko da, Andre Maria Zuriaren plazan argi-bola handi bat piztearekin.

 

Gasteizko Udalak ‘Su ilusión nos mueve-Haien ilusioak mugiarazten gaitu’’ kanpainan laguntzen du – Gasteiz-On-en merkatari-elkarteak sustatua–, bertako merkataritzari laguntzeko. Aurkezpen ekitaldian izan dira Gasteizko Enpleguaren, Prestakuntzaren eta Merkataritzaren zinegotzi Igor Salazar, Arabako Foru Aldundiko Merkataritza zuzendari Felipe García, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza zuzendari Elena Moreno, Vital Fundazioaren zuzendari Arantxa Ibañez de Opacua eta Gasteiz On elkarteko lehendakari Diego Martínez de San Vicente.

“Haien ilusioak mugiarazten gaitu” lema ona da, pandemian ere bizirik mantendu behar baititugu ilusioa eta itxaropena”. Kanpaina honek sektorea dinamizatzeko balio izango duelakoan gaude. Eguberrietan bertako saltegietan erostera gonbidatzen ditugu gasteiztarrak” adierazi du Igor Salazarrek.

Eguberrietako kanpaina asteburu honetan hasiko da, Andre Maria Zuriaren plazan argi-bola handia eta Arka plazan argi-zuhaitz bat pizterekin batera. Bi egitura horietan segurtasun-protokoloa zorrotza beteko da; bolaren barruan lau pertsona egon ahalko dira gehienez, perimetroan hesiak jarriko dira, distantziak adierazteko markak lurrean…

Gasteiz Onek etxolak izango ditu hiriko bi plaza horietan, eta hiriko saltegietako 20 eurotik gorako erosketa-tiketak erakutsiz gero, opariak eskuratzeko aukera izango da. Halaber, opariak modu iraunkorrean biltzeko eta kontsignan erosketak gordetzeko aukera emango du doan.

Kanpainaren indargunea “Argiztatu egiten duten ideiak” katalogoa da; bertako 158 saltokien 220 proposamen dira, eta  www.suilusion.eus webgunean eta sare sozialetan kontsultatu ahalko dira.

Horretaz gain, sustapen-produktuak ere egingo dira. Horien artean nabarmen daiteke parte hartzen duten saltokiek poltsa zuriak eta pinturak emango dituztela, txikienek eguberrietako ilusiorik handiena marraz dezaten etxean. Marrazkiaren argazkia Instagramen -hastag #SuIlusiónNosUne hastag, @gasteizon ere aipatu behar da–jartzen duten guztien artean 50 euroko 10 txartel zozketatuko dira Gasteizko saltokietan erabiltzeko.

Informazio gehiago* (esteka jarri) 

https://www.gasteizon.eus/es

 

Share