Prentsa Oharren banner

Alkatea, ONCEko kriskitin Lasterketaren 25. edizioan

Lehen aldiz modu birtualean egin da pandemiaren ondorioz

 

Gasteizen egin da gaur ONCEk antolatzen duen kriskitin lasterketaren 25. edizioa, lehen aldiz modu birtualean. Webgune ugarik dituzten irisgarritasun-arazoak frogatzea izan da aurtengo ekimenaren helburua. Gizarteak gero eta sarriago jo behar du baliabide horietara, are gehiago pandemia-egoera honetan.

’Gizarte inklusiboaren alde’ lelopean, alkateak ONCEk antolatutako jardunaldian parte hartu du. Gorka Urtaranek azaldu duenez, lasterketaren aurreko bertsioa, oinez edo korrika, eta gaurkoa, Internet bidez, “Enpatiaren eta sentsibilizazioaren aldeko lasterketa” dira. Hori dela eta, ONCE eta itsuak zoriondu ditu; izan ere, inguru digitalean egunerokotasunean dauden era guztietako zailtasunak agerian utzi dituzte saioan. Alkateak oztopo horiek ezabatzen laguntzeko konpromisoa hartu du, eta aldarrikapenak helarazten jarraitzeko deia egin die.

Jardunaldian zehar, ONCEko lau pertsona itsu ibili dira hainbat webgunetan nabigatzen, eremu irisgarri eta inklusiboak lortzearen garrantziaz sentsibilizatzeko, baita online ere.

Share

ONCErekin eta “Corazón Sin Fronteras” elkartearekin duen konpromisoa berritu du Urtaranen gobernuak, hitzarmen banaren bidez

ONCErekin eta “Corazón Sin Fronteras” elkartearekin lankidetza-hitzarmen bana sinatzea onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak, bi entitate horiek sustatzen dituzten informazio-, sentsibilizazio- eta laguntza-proiektuak garatzen laguntzeko. Guztira, 15.000 eurotik gorako laguntza ekonomikoa emango zaie bi kolektibo horiei, esparru soziosanitarioan egiten duten lanerako. Hartara, beste behin ere, osasun-politiken arloko aurrekontu osoari eusteko konpromisoa beteko da Urtaranen gobernuak, hori izaki “Orain Gasteiz” planeko hiru ildo estrategikoetako bat.

ONCErekin sinatuko den hitzarmenaren bitartez, 8.598,60 euroko ekarpena egingo dio Udalak organizazio horri, nagusiki itsuen, ikusmen-urria dutenen eta desgaituen gizarte-integrazioa sustatzera zuzendutako jarduerak bideratzen laguntzeko. Horretarako, hainbat jardunaldi eta topaketa tematiko sustatuko dira, eta bisitak egingo, ONCEren zentroetara.

Corazón Sin Fronteras elkartearen kasuan, gaixotasun kardiobaskularra dutenentzako eta horien senideentzako autolaguntza-taldeen programan lagunduko du Udalak. Hain zuzen ere, 7.242 euroko ekarpena egingo du ekimen horretarako, zeinen helburu nagusi gaixotasun kardiobaskularra dutenen eta horien senideen bizi-kalitatea hobetzea baita. Gogoratu beharra dago gaitz hori dela mundu osoko heriotza-kausa nagusia, heriotza guztien herena eragiten baitu.

Apasos elkartearekiko hitzarmena

Orobat onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak animaliak babesteko SOS Vitoria elkartearekiko lankidetza-hitzarmena, animalien adopzioa sustatu eta animaliak abandonatzearen kontra jarduteko. Ekimen horri esker, albaitaritza-tratamenduak eta beste hainbat lan egingo dira, Animaliak Babesteko Zentroan hartutako animalien ongizatea hobetzeko, eta harrera-etxeen programa eta adopzioari buruzko sentsibilizazio- eta sustapen-jarduerak bultzatuko. 15.300 euroko laguntza ekonomikoa emango dio Udalak elkarte horri.

 

 

Share