Prentsa Oharren banner

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala abenduaren 16an irekiko da; udal sareko handiena izango da

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala datorren astean irekiko da, abenduaren 16an; udal sareko 16.a izango da, eta handiena.

Podologia, ile-apaindegi eta informazio zerbitzuak jarriko dira martxan; bestetik, osasun-parkearen zerbitzua urrian abiatu zen, eta Piztu zure auzoa programaren talde eragilea azaroaren bukaeran hasi zen biltzen.  Abenduaren 21etik aurrera 1-3 egun irauten duten zenbait jarduera eskainiko dira, hainbat alor lantzeko: teknologia berriak, hezkuntza, osasunaren sustapena, aisialdia, harremanak, eskulanak… Geroago bi eta lau hilabeteko ikastaro eta jarduerak antolatuko dira.

Zentroak zeregin garrantzitsua beteko du San Martinen, auzoan 60 urtetik gorako 3.600 pertsona bizi baitira; baliabide berriaren erabiltzaile potentzial horiei Txagorritxu eta Lovaina inguruko beste pertsona batzuk gehituko zaizkie, horietan ere zentroak izan arren.

“San Martineko zentroarekin auzokoen eskaera historiko bati erantzungo diogu, eta auzoa balio handiko gizarte-baliabide batez hornitzeko helburua betetzen; adinekoak elkartzeko gunea izateaz gain, hainbat zerbitzu eta programa eskainiko dizkie parte hartzeko, osasuna hobetzeko eta segurtasuna emateko. Bestela esanda, zahartze aktiboaren bidezko ongizateaz eta bizi-kalitateaz ari gara“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Hiru areto

San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala jartzeko Udalaren Teknologia Berrien Zerbitzuak erabiltzen zituen bulegoak baliatu dira; 1.300 m2 dira, aparteko hiru aretotan banatuta.

Lehenengoak 68 m2 du, eta jarduera fisikoak egingo dira bertan. Bigarrena da zabalena (740 m2) eta zentroko programazio eta zerbitzuen zatirik handiena hartuko du: lantegiak, prestakuntza-gela, ikus-entzunezkoen gela, informazio zerbitzua, ile-apaindegia eta podologia zerbitzua, baita kudeatzaile-talderako bulegoak ere. Hirugarrenean (488 m2) elkartze-aretoa, kafetegia, mediateka, hemeroteka, hiri-laborategia eta jantokia daude.

Gizarte Politiken zinegotziaren iritziz, “honelako baliabideen bitartez, adinekoek elkartzeko leku bat izan dezaten nahi dugu, ikasteko aukera ematen duen, osasuna eta ongizatea sustatzen dituen eta bizitza soziala eta parte-hartzea ahalbidetzen dituen programazioa eta zerbitzuen karta eskainiz. Hori guztia batuz gero, mendekotasuna prebenitzeko eta autonomia pertsonala sustatzeko errezetarik onena izango dugu”.

Irekitze ekitaldia

Inaugurazioa dela eta, bihar, abenduak 11, informazio-materiala banatzen hasiko da auzoko saltoki eta entitateetan, irekieraren berri emateko.

Hilaren 16an (asteazkena) inauguratuko da, eta egun horretan, baita 17an eta 18an ere, informazio-karpa bat jarriko da zentroaren kanpoaldean, hiru egun horietan programatutako bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek izena eman dezaten. Bisitek 30 minutu iraungo dute, eta gehienez 5 pertsonak osatuko dituzte taldeak.

Auzokideek zein jarduera egin nahi duten iradoki ahalko dute karpan, “gure asmoa delako erabiltzaileek, auzokoek eta gizarte-eragileek definitzea programazioaren zati bat, San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala jarduera-edukiontzi handia izango baita“, gehitu du Armentiak.

Zentro soziokulturalak

Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturalak duela 40 urte baino gehiago sortu ziren. 35.000 erabiltzaile dituzte, hau da, hiriko 60 urtetik gorako pertsonen erdiak dira ohiko erabiltzaile.

2015ean Lakua-Arriagako inauguratu zenetik ateak irekitzen dituen lehen zentroa da San Martinekoa.

Share