Prentsa Oharren banner

San Prudentzio egoitzan izango da San Anton eguneko zozketa, urtarrilaren 17an

Udalaren Folklore Akademiak antolatutako San Anton Txikiren zozketa Musika Etxean izango da, hilaren 15ean, ostiralez

 

San Prudentzio egoitzan izango da San Anton eguneko zozketa, urtarrilaren 17an, arratsaldeko seietan. Txartelak salgai daude dagoeneko, 0,60 euroan, eta jasotzen den dirua zentro horretarako izango da. Guztira 30.000 txartel jarri dira salgai.

Gaur, astelehena, zurezko saltoki bat jarriko da Zeledonen plazan. Urtarrilaren 11tik 17ra bitartean egongo da zabalik, ordutegi honekin:

  • Urtarrilaren 11tik 16ra bitartean, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara.
  • Urtarrilaren 17an, 11:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:00etara.

Hiriko gizarte-etxeetan ere erosi ahal izango dira txartelak, baita San Prudentzio egoitzan bertan, Azoka plazan, Peña Dulce gozotegian eta La Unión-BÝRA tabernan.

Hauek izango dira sariak aurten: ezkur txerri iberikoaren produktu sorta bat; bi lagunentzako bidaia, Tenerifera; sei gaueko zirkuitua, bi lagunentzat, Extremaduran barrena; gau bateko relax egonaldia, bi lagunentzat, Orduña Plaza bainuetxe-hotelean; hiriko bizikleta bat; Principal antzokiko denboraldiko abonamendua, bi lagunentzat; 10.1 tablet pc bat; Bluetooth bozgorailu bat; liburuak erosteko bonu bat, eta Laboral Kutxa Plus urtebeteko etxebizitza-asegurua.

Egoera sanitarioa dela eta, aurten ez da jai-ekitaldirik egingo Espainia plazan.

“Udalaren Folklore Akademiak antolatutako San Anton Txikiren zozketa, berriz, urtarrilaren 15ean izango da, Musika Etxean, 12:15ean”, jakinarazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

Zuzenean eskainiko du ekitaldia Radio Vitoriak, ‘Radio Vitoria Gaur’ saioaren barruan.

Share

Gizarte Politiken Sailak San Prudentzio egoitzan 25 lagunentzako komunitate-etxebizitza bat egokituko du eta eguneko zentroan 11 plaza, eta asteburuan arnasa hartzeko 10 plaza izango ditu erabilgarri

Udal-baliabide berriak 2021ean iritsiko dira eskumenak eskualdatzeko Arabako Foru Aldundiaren eta Udalaren artean adostutako akordioari esker

Udalak eta Arabako Foru Aldundiak gizarte-zerbitzuen arloan oraindik egin gabe dauden eskumenak transferitzeko akordioa adostu dute. Hala iragarri du gaur Jon Armentiak, Gizarte politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotziak, prestazio eta zerbitzuen Kartera Dekretua izenekoarekin lotutako gaien inguruan talde politikoek egindako galderei erantzun dien udal-batzordean.

Bi erakundeek adostutako itunari esker, udaleko gizarte-zerbitzuek San Prudentzioko udal-egoitzan (ALZI) 25 egoiliarrentzako komunitate-etxebizitza egokituko dute. Gainera, eguneko zentroan 11 plaza eta baliabide berean asteburuan arnasa hartzeko zerbitzuan beste 10 plaza izango ditu.

“Akordioa oso positiboa da; izan ere, guretzat horren garrantzitsua den biztanleriaren sektore baterako, adinekoentzat, arreta-zerbitzuetan plaza berriak sortu ahal izango ditugu eta, hala, itxarote-zerrendak gutxituko ditugu”, adierazi du Armentiak.

Plan horiek gauzatu ahal izateko, San Prudentzio ALZIko hirugarren solairua udaleko komunitate-etxebizitza bihurtuko da 1 graduko mendekotasuna duten pertsonentzat, 25 plazarekin. Bertan jarriko dira bizitzen egoitzan eskuragarri dauden beste plaza batzuetan gaur egun solairu horretan bizi diren pertsonak.

Ez da egoiliarren lekualdaketarik izango Aldundiak gaur egun Frantzia kaleko eraikinean beteta dituen eta Gasteizko Udalak kudeatzen dituen 75 plazak Udalarekin adostuko baititu.

Bestalde, San Prudentzio Eguneko Zentroa Aldundiaren eta Udalaren plazak dituen baliabide misto bihurtuko da. Hala, Aldundiarekin itunduta ez dauden 11 plaza libreak (40 plaza guztien artean) eta gerora liberatzen joango direnak berehala esleituko zaizkie udaleko eguneko arreta-zerbitzuen hartzaile diren adinekoei.

Horrekin lotuta, Jon Armentiak aurreratu du “udaleko eguneko arreta-zerbitzu berri hori narriadura kognitiboa edo dementziak dituzten adinekoei bideratuko diegu; izan ere, profil hori duten pertsonei arreta ematen dieten kolektiboek aipatu izan diguten beharra da hori”.

San Prudentzio ALZIn ere kokatuta dagoen astebururako Arnasa Hartzeko Eguneko Zentroari dagokionez, Udalak erabilgarri izango ditu 40 plazetatik 10. Gainerako 30ak Foru Aldundiarekin itunduko dira.

Gizarte politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren asmoa da zerbitzu horiek guztiak 2021eko lehen hilabeteetan ia berehala eskuragarri izatea.

 ELZ eta gizarte-bazterkeria

Lankidetzako esparru-hitzarmen berriak beste baliabide batzuk kudeatzeko garaian ere ondorioak izango ditu. Horrekin lotuta, erakundearteko itunak ezarritakoaren arabera, 2022ko urtarrilaren 1ean, Udalak Etxeko Laguntza Zerbitzuaren (ELZ) kudeaketa osoa hartuko du bere gain.

Era berean, Jon Armentiak azaldu duenez, Aldundiak udal-erakundeari 360.000 €-ko zenbatekoa ordainduko dio 2021ean “Foru Aldundiaren eskumenekoak diren arren, beharrezko arreta-zerbitzuak oraindik eskuragarri ez dituenez Aldundiak oraingoz eskaini ezin dituen gizarte-bazterkeria arloko zerbitzuen truke kontraprestazio ekonomiko gisa”.

Akordioaren edukia

Foru Aldundiaren eskumeneko zerbitzuak:

  • Mendekotasuna duten adinekoentzako egoitza-zentroa, eguneko zentroa eta San Prudentzio ALZIn Arnasa hartzeko zerbitzua.

Gaur egun, Foru Aldundiak, Gizarte Ongizateko Foru Erakundearen (GOFE) bidez, 75 egoitza-plaza eta eguneko zentroko 29 plaza ditu beteta, eta ez du erabiltzaile gehiago bideratuko. Dena den, gaur egun han bizi diren pertsonak mantenduko ditu, eta ez dituzte beste baliabide batzuetara eramango. Libre geratzen diren guneei esker, Udalak udal-baliabide bihurtu ahal izango ditu. Bestalde, GOFEk, orain arte bezala, arnasa hartzeko asteburuko eguneko zentroko 30 plazak bere horretan mantenduko ditu.

Bi erakundeek adostu dute San Prudentzio ALZIn Aldundiaren eguneko zentroa eta egoitza-eredua bertan behera uzteko bideari ekitea pixkanaka.

  • Gizarte-bazterkeria arloko zerbitzu eta prestazioak

Gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei arreta ematen jarraituko du Udalak nahiz eta arreta hori Foru Aldundiaren eskumenekoa izan. Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiak 36.000 €-ko konpentsazio ekonomikoa emango dio 2021ean. Era berean, bazterkeria baloratzen duen foru-zerbitzura bideratuko ditu zerbitzuetan jarraipen handienarekin arreta ematen ari diren pertsonak. Bestalde, bi erakundeen artean elkarlanean aritzea adostu dute laguntza eman eta lankidetza sustatu ahal izateko.

  • Gizarte Larrialdien koordinazio-zerbitzua

Bi erakundeek zerbitzua aztertzeko mahai teknikoa sortzea adostu dute. Gasteizko Udalak, gaur egun, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua du eta Foru Aldundiak, lankidetza-hitzarmenaren bidez, zerbitzuaren kostuaren % 50 ematen du gehienez 247.443,00 euroko zenbatekora arte.

Udal-eskumeneko zerbitzuak:

  • Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ)

Arabako Foru Aldundiak arreta eskaintzen dien Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen bolumena eta kontratazio publikoaren konplexutasuna direla eta, Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kudeaketa osoa 2022ko urtarrilaren 1ean hartuko du bere gain Gasteizko Udalak.  Horregatik, banakako espedienteen transferentziarekin eta kontratazio-espedientearekin lotutako gai guztiak argitu ahal izateko urtebeteko trantsizio-aldia adostu dute. Bien bitartean, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, GOFEk 1. graduko mendekotasunaren balorazioa duten pertsonei arreta emateko eta haiek bideratzeko prozedura geldiaraziko da, eta ELZ proposatuko da arreta emateko banakako programaren zerbitzu bakar gisa ELZ Gasteizko Udalak oso-osorik bere gain hartzen duen arte.

Transferentzia-prozesu honek duen hedapena dela eta, bi erakundeek 2024ko abenduaren 31ra arteko trantsizio-aldia adostu dute. Hitzarmenak 2021eko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arteko eragina izango du eta alderdi sinatzaileek gehienez beste lau urtez luzatzeko aukera itundu ahalko dute.

Share

Hidroaraba Obras Hidráulicas enpresak berrituko du San Prudentzio egoitzako sorospen-eremuko ur bero sanitarioa hornitzeko sarea

Hidroaraba Obras Hidráulicas enpreari esleitu dio Tokiko Gobernu Batzarrak San Prudentzio egoitzako sorospen-eremuan ur bero sanitarioa hornitzeko sarea ordezteko obra-kontratua, 104.397,31 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

“Etengabe gertatzen ziren ur-isuriak San Prudentzio egoitzako ura hornitzeko sarean. Izan ere, egoera txarrean daude hodiak, legionellaren kontrako tratamenduak direla eta karga eta talka handiak jasan behar izaten baitituzte”, azaldu du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodriguezek.

Ur bero sanitarioa hornitzeko eta itzulerako sare osoa ordeztea da proiektuaren helburua, horiek baitira arazoak ematen ari diren bi sareak. Horretarako, altzairu herdoilgaitzezko hodiak jarriko dira, gaur egun daudenen diametro berekoak.

Hodiak ordeztu ahal izateko, sabai faltsuak eraitsi beharko dira, eta, ondoren, berregin. Armstrong motako sabai faltsu erregistragarriak izango dira berriak, aurrerantzean instalazioak eskurago egon daitezen.

“Bidez batez, korridoreetako argiteria ere aldatuko da, eta LED argi-panelak jarriko. Horrenbestez, erakinaren energia-gastua nabarmen murriztea lortuko dugu, eta gure lehentasunetako bat da hori, ingurumenaren aldeko konpromisoa dela eta”, nabarmendu du zinegotziak.

Proiektuan zehaztutako lanak gauzatzeko epea hilabetekoa izango da, obraren zuinketa egiaztatzen denetik kontatuta.

 

 

 

 

 

Share