Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2019 12:04

Gasteizko Udalak hiriko taxi-flotari ibilgailu elektrikoak gehitzen laguntzeko deialdia egin du berriro. Aurreko ekitaldian sortu zen dirulaguntza-ildoaren bigarren edizioa da, sektoreak oso ondo hartu baitzuen. Gaur goizean onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak deialdiaren oinarriak, Amaia Barredo zinegotziak zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustaturik. Urtaranen gobernuak 60.000 euro jarriko ditu horretarako, eta ibilgailu bakoitzeko 10.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko da.

Mugikortasun iraunkorreko politiken barruko deialdi horren bitartez, Udalak gure hiriko airearen kalitatea hobetzen lagundu nahi du, eta kutsadura akustikoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, baita energia-kontsumoa ere. “Gasteizen garraio publikoaren elektrifikazioaren aldeko apustua argia da. BEA abian jartzeko, tranbia-sarea hedatzeko… ari gara lanean, baita taxiaren sektorea modernizatzeko ere”, azaldu du Amaia Barredo zinegotziak.

Gasteizko Udalaren taxi-lizentzia baten jabe diren pertsona fisikoek jaso ahalko dituzte laguntzak, baldin eta dirulaguntzaren xede den ibilgailua aurretik lizentzia horri esleitutako ibilgailua ordezteko bada; Gasteizko taxilarien elkarteek ere jaso ahalko dituzte laguntzak, horren xede den ibilgailua Gasteizko taxi-lizentzia duten ibilgailuak ordezteko erabiltzekoa bada. Taxi-lizentziaren titularrek 2019an erosi dituzten edo erostekoak diren ibilgailu elektriko huts berriengatik bakarrik jaso ahalko da diru-laguntza. Diruz lagundutako taxiek lau urtez eman beharko dute zerbitzu Arabako hiriburuan.

Aste batzuk barru eskatu ahalko dira laguntzak, Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean eta ALHAOn argitaratzen direnean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  1 martxoa 2019 13:44

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri du taxi elektrikoak erosteko laguntzen bigarren edizioa deituko duela Udalak laster. 2018an atera zuen Gasteizko Udalak helburu horretako lehen laguntza-sorta. Oso harrera ona izan zuen taxilari gasteiztarren artean, eta sei taxi erosteko finantzaketa banatu zen, 10.000 euro ibilgailu bakoitzeko. Sei taxi elektrikoak hirian zehar dabiltza dagoeneko. Aurtengo deialdiari dagokionez, Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du laguntza horien ebazpena.

Udalak ibilgailu elektrikoei bultzada emateko antolatu duen ekitaldi batean iragarri du alkateak laguntza horren bigarren edizioa egingo dela. Ekitaldian, Gasteizko udalburuak Udalak gaur egun dituen sei ibilgailu elektrikoak eta aipatu berri dugun laguntzari esker erositako sei taxi elektrikoak zituen inguruan. Gaur egun, TUVISAk Renault Zoe bat eta Renault Twizy bat ditu; IGIk bi Peugeot Partner elektriko, eta Atezaintza Zerbitzukoek Nissan E-NV200 modeloko bi furgoneta eskuratu dituzte berriki. Asociación Alavesa del Taxi (ALATAX) elkarteak ere bere ibilgailuak aurkeztu ditu: bost Hyundai Ioniq EV eta Nissan Leaf bat.

Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, “Gasteiz apustu handia ari da egiten garraiobideak elektriko bihurtzeko. Horretarako, garrantzitsua da tranbia luzatzea eta autobus elektriko adimentsuak ezartzea, baina baita gure flotan zero emisioko ibilgailu elektrikoak sartzea eta garraio publikoan ezinbesteko papera duten taxilariei beren autoak modernizatzen laguntzea ere”.

 

 

Share