Prentsa Oharren banner

Taxi elektrikoak erosteko laguntza deialdi berria

Gasteizko Udalak hiriko taxi-flotari ibilgailu elektrikoak gehitzen laguntzeko deialdia egin du laugarrenez. Gaur goizean onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak deialdiaren oinarriak, Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustaturik. Urtaranen gobernuak 40.000 euro jarriko ditu horretarako aurten, eta ibilgailu bakoitzeko 10.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko da.

Mugikortasun iraunkorreko politiken barruko deialdi horren bitartez, Udalak gure hiriko airearen kalitatea hobetzen lagundu nahi du, eta kutsadura akustikoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, baita energia-kontsumoa ere. “Garraio publikoaren elektrifikazioa funtsezkoa da Gasteizen etorkizuna eraikitzeko. BEIa abian jartzeko, tranbia-sarea hedatzeko Salburua eta Zabalganera, TUVISAko flota hobetzea… ari gara lanean, baita taxiaren sektorea modernizatzeko ere, azaldu du Raimundo Ruiz de Escudero zinegotziak.

Gasteizko Udalaren taxi-lizentzia baten jabe diren pertsona fisikoek jaso ahalko dituzte laguntzak, baldin eta dirulaguntzaren xede den ibilgailua aurretik lizentzia horri esleitutako ibilgailua ordezteko bada; Gasteizko taxilarien elkarteek ere jaso ahalko dituzte laguntzak, horren xede den ibilgailua Gasteizko taxi-lizentzia duten ibilgailuak ordezteko erabiltzekoa bada. Taxi-lizentziaren titularrek 2021an erosi dituzten edo erostekoak diren ibilgailu elektriko huts berriengatik bakarrik jaso ahalko da diru-laguntza. Diruz lagundutako taxiek lau urtez eman beharko dute zerbitzu Arabako hiriburuan.

Aste batzuk barru eskatu ahalko dira laguntzak, Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean eta ALHAOn argitaratzen direnean.

 

Share