Prentsa Oharren banner

Salburua eta Triana zubiaren artean oinezko eta txirrindularientzako bide berria

 

Oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berria egiteko lanak bukatu dira trenbideari paralelo doan Triana zubiaren eta Oreitiasoloko industrialdearen artean. Oinezko eta txirrindularientzako zidor berritu batek lotzen ditu ditu Salburua auzoa eta Triana ingurua laster, Udalak 102.813,03 euroko inbertsioa eginda.  “Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” programan hautatutako proiektuetako bat da ekimena.

Zidor berriak 250 metro inguru ditu, hiru metroko zabalera, eta landareak bi aldeetara; zoladura berria jarri eta ingurua txukundu da. Izan ere, bidexka egoera txarrean zegoen: zatika hartxintxarra eta zoladura mota ezberdinak zituen, putzuak sortzen ziren… Zabalera nahikoa emateko, zintarriak kendu dira zenbait lekutan.

Esku-hartzeari esker, bestetik, bide osoa maila berean utzi da, eta horretarako kendu egin dira bidea oztopatzen zuten eskailera batzuk. Horien ordez aldapatxo bat sortu da, bizikletaz eta gurpil-aulkiz igarotzeko modukoa. Zidorra eta Jacinto Benavente kalea lotzen dituzten eskailerak ere houbetu dira.

Orobat, Udalak argiak instalatu ditu inguru osoan. Zehazki, 14 farola jarri dira, azken belaunaldiko led bonbillez (27,5 W-ekoak) hornituak, eraginkortasun eta argitasun handiagoa baitute. Oreitiasoloko industrialdean, Jose Maria Iparragirre kalearen eta aipatutako bidearen arteko bidegurutzean, oinezkoentzako pasabide bat margotu da gainera , baita ‘30eko eremua’ seinalea ere.

Esku-hartzearen bidez hainbat helburu lortu ditugu: herritarrek dagoeneko erabiltzen zuten bide bat sendotzea; traba arkitektonikoak kentzea, irisgarritasuna bermatzeko, eta bide-segurtasuna hobetzea. Nabaritzen da hortik pasatzen direnek berea egin dutela bidea dagoeneko, batez ere eguraldi ona dagoenean“, nabarmendu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

Share