Prentsa Oharren banner

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Bilboko erdialdera eramango dute beren turismo eskaintza


Aste honetan, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak turismoa sustatzeko kanpaina egingo dute Bilbon, Bizkaiko hiriburuaren erdialdean informazio gune bat jarrita. Kanpaina horren helburua da gertuko turistak erakartzea eta lurraldearen erakargarriak ezagutzera ematea, Euskadira turistak sartzeko ate nagusietako bat Bilbo dela aprobetxatuz.

Informazio gunea gaur ireki da jendearentzat Bilboko Areatzako pasealekuan, Arriaga antzokiaren alboan, non bi gidak informazio praktikoa ematen baitute Arabako eta Gasteizko natura, ondare eta enogastronomia baliabideei buruz, bai eta kulturako eta turismo aktiboko eskaintzari buruz ere. Bulegoa irekia egongo da uztailaren 19ra arte, igandea, goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatua eta Maider Etxebarria lehen alkateorde eta Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren zinegotzia izan dira gaur goizean bulegoaren irekiera ekitaldian, eta udan bi erakundeek gertuko turismoa sustatu eta erakartzeko abian jarri duten estrategia bateratuaren barruan sartu dute ekimen hori. “Uda honetan turismoa egingo dugu, batez ere kalitatezko eskaintza eskainiko eta segurtasun eta lasaitasun giroa bermatuko duten gertuko helmugetan. Arabak ezaugarri horiek betetzen ditu, eta probintzia mugakideetan kanpainak.

“Uda honetan turismoa egingo dugu, batez ere kalitatezko eskaintza eskainiko eta segurtasun eta lasaitasun giroa bermatuko duten gertuko helmugetan. Arabak ezaugarri horiek betetzen ditu, eta probintzia mugakideetan kanpainak egingo ditugu, dauzkagun erakargarri ugarien berri zabaltzeko eta oporrak eta bidaia laburrak programatzeko orduan kontuan izan gaitzaten lortzeko”, azaldu du Cristina Gonzálezek.

Bederatzi metroko edukiontzia Maider Etxebarriak azaldu du kanpaina horietako lehena Bilbon egin dela, Bizkaia eta hango hiriburua baitira. “Gasteizko eta Arabako turismorako gertuko merkatu nagusia. Gainera —erantsi du—, Euskadira turistak sartzeko ate nagusietako bat Bilbo dela aprobetxatu nahi dugu, horrela urrunagotik Bizkaiko hiriburura datozen milaka pertsonengana iristeko.”

Informazio gune hori edukiontzi serigrafiatu bat da. Arabako eta Gasteizko turismoari loturiko irudiak ditu, eta bederatzi metro luze eta zortzi metro zabal den eremua hartzen du. Eguzki oihalak ere baditu, jendea eguzkitik eta, eguraldi txarra izanez gero, euritik babesteko. Helmugaren zenbait sustapen bideo proiektatuko dira pantaila handi batean, eta toki berezia izango du Antonio Resines aktorea protagonista duen berriki egindako ikus-entzunezkoak.

Bulegora gerturatuko diren bizkaitarrek eta bisitariek Arabako eta Gasteizko turismo eskaintzari buruzko informazio praktikoa jasoko dute, eta sustapen materiala ere hartu ahal izango dute paperean, hain zuzen Arabako eskualdeetan eta hiriburuan ikus eta egin daitezkeen gauzei buruzko proposamenak, hala nola ‘Araban galtzeko ibilbideak’, ‘Blaitu Arabaz’, ‘Turismo irisgarria’, ‘Familia turismoa’, ‘Kirol turismoa’, museoak eta abar. Halaber, kuadrillei eta berariazko baliabideei buruzko sustapen materiala egongo da, bai eta merchandising produktuak ere.

Share

Gasteizek bisita gidatu berriak izango ditu uda honetan, Florida parkearen bigarren mendeurrena dela eta

  • Normaltasun berrira egokitutako programazioak bisita historiko-artistiko gehiago eskaintzen ditu elizetara, baita eta Europa jauregiko terrazara ere, eta askotariko bisita tematikoak
  • Udalak bisita gidatuen arloan diharduten hiriko enpresa guztiak gonbidatu ditu proposamenak aurkeztera, sektore turistikoa suspertzen laguntzeko

Uda honetan, Gasteizek bisita gidatu ugari izango ditu hiriko txokoetara, bisitariei zein bertakoei zuzenduta. Berrikuntzen artean, Florida parkeko bisita gidatuak daude, parkearen bigarren mendeurrena dela eta antolatuak, eta Arabako hiriburuko eliza monumentalenetara bisita historiko-kulturalak egiteko ordutegi zabalagoa ere. Era berean, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak, Maider Etxebarria zinegotziaren gidaritzapean, bisita gidatuen arloan diharduten hiriko enpresa guztiak gonbidatu ditu beren proposamenak eskaintzera, tokiko turismoaren sektorea suspertzen laguntzeko.

“Bisita gidatuak funtsezko zutabea dira Gasteizko turismo-eskaintzan, eta aurten bereziki indartu ditugu. Helburua da ondare historiko-kultural guztia, ingurune natural paregabea eta bertakoentzako eta bisitarientzako familia-turismoaren eskaintza agerraraztea sektoreko tokiko enpresen eskutik, horiek suspertzeko beharra baitute “, adierazi du Turismo zinegotzi Maider Etxebarriak.

Floridako parkearen 200. urteurrena ospatzeko bisitak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiarekin batera diseinatu dira. Gasteizko parkerik esanguratsuena ezagutzeko balioko dute; 1820an diseinatu zen, lorategi botaniko gisa, eta zuhaitz exotiko ugari ditu. Ibilbide gidatu berriek musika kioskoa, errege godoen estatuak eta Uraren Ezkutuko Lorategia ere nabarmenduko dituzte. Pertsonako prezioa 6 euro izango da eta elkargunea, Turismo Bulegoa; bertan egin daitezke erreserbak. Uztailaren 18tik irailaren amaierara arte egingo dira bisitak, larunbatetan, 10: 30ean (gaztelaniaz) eta 11: 45ean (euskaraz).

Hilabete honetatik aurrera, orobat, bisita gidatuak ugarituko dira interes handieneko ondarea duten tenpluetara. Gasteizko Gotzaindegia (Ondare Historiko-Artistikoaren Ordezkaritza) duela lau urte hasi zen Katedral Berrirako lehen bisitak antolatzen, eta urte berezi honetan, zabalkundea sustatu nahi izan da, San Pedro, San Migel eta zaharberritu berri den San Bizenteko dorrea gehituz, turismo-enpresen lana suspertzearren. San Bizente elizako dorre neobizantziarra XIX. mendearen amaieran eraiki zen. Bisita honek eskaileretara sartzea ahalbidetzen du, ondoren nabeen gainean dagoen zurezko armazoiaren zati bat zeharkatzeko. Gaztelaniaz eta euskaraz eskainiko dira bisitak, uztailaren 18tik irailaren 13ra. San Migel Arkanjeluaren eliza hiriko zaindaria den Andre Maria Zuriaren gurtzaren egoitza dugu; uztailaren 20tik 24ra eta abuztuaren 10etik irailaren 12ra irekiko da bisita gidatuak egiteko. Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralak (Katedral Berria) bi motatako bisita gidatuak eskainiko ditu uda honetan: goizetan, bisita orokorrak, kriptara bisita egiteko eta ikuspegi ikusgarriak dituen terrazara igotzeko, eta, arratsaldeetan, bisita tematikoak beirate guztietara. Azkenik, San Pedro Apostoluaren parrokia ere bisitatu ahalko da hilabete hauetan zehar.

Gasteizko skylinearen ikuspegiaz gozatu nahi dutenei eskainitako beste bisita Europa biltzar jauregiko lorategi bertikalak eta terraza ikusteko ibilbidea da. Ibilbide hori 2019ko irailean inauguratu zen, eraikinaren 30. urteurrenean, eta berriro eskainiko da, erreserba egin beharrik gabe, uztailaren 23, 24, 30 eta 31n, eta irailaren 3, 4, 10 eta 11n, 11:30etik 13:30era, 20 minutuko tarteetan.

Historia- eta kultura-ondarearen bisitak

Udaleko Turismo Bulegoak ohiko bisitak eskainiko ditu — alarma-egoeran etenda egon ziren—, prebentzio-neurri berriak hartuta. Adibidez, Goiuri jauregira bisita, errenazimenduko arkitekturaren adibide onenetako bat baita Gasteizen. Edo haurrentzako bisita Erdi Aroko hirigunera, “Txikientzako Gasteiz” izena duena: umeentzat bereziki diseinatutako familia-ibilaldi entretenigarri eta didaktikoa da, almendrako txokorik ederrenetako batzuk deskubritzeko. Proposamenen artean, besteak beste, Erdi Aroko etxarteetako ibilbideak, muralen ibilbidea edo Eva García Saénz de Urturi idazle gasteiztarraren ‘El silencio de la ciudad blanca’ eleberri arrakastatsua gertatzen den agertokietan oinarritutako bisita literarioak daude. Edo Santa Maria Katedrala eta harresia ezagutzeko bisitak, ‘Obretan eta irekita’ programaren bitartez bisitariei denboran zeharreko bidaia egiteko aukera ematen dietenak.

Bisita tematikoen artean dago, halaber, Marta Extramianaren “El caso de los amores proscritos” suspense eleberrian oinarritutako ibilbide turistiko literarioa. Era berean, historiak eta ezagutzak liluratzen dituen pertsona guztientzat, Donejakue Bidean girotutako ibilbidea dugu, hiria ezagutzeko beste bide bat, Erdi Aroko hirigunea, Zabalgune neoklasikoa eta Senda ingurua zeharkatzen dituena.

Gaikako eta naturako bisitak

Uda honetan berriz hasten diren bisitetako asko naturarekin lotuta daude, edo naturan egiten dira. Adibidez, haurrentzako bisita Estibalizera: “Harburuen misterioa” izenpean, santutegiaren eta inguruaren sekretuak erakusten dizkie familiei. Era berean, eta Gasteiz bizikletaz ibiltzeko Espainiako bigarren hiririk onentzat jotzen denez, pedalez egiteko ibilbide bat proposatzen da. Ildo beretik, Gasteiz eta kirola bereizezinak direnez eta lasterka egitea ohikoenetako bat denez, zapatilei buruzko beste ibilbide bat proposatzen da. Azkenik, eta zentzumen guztiak pizteko, bada “bisita biomimetikoa” izenekoa, hiriaren erdi-erdian hasten dena, natura behatu eta hiri-berrikuntzarako inspirazio-iturria dela egiaztatzeko bide ematen duena.

Share

Udalak eta Aldundiak bertan kontsumitzera eta lurraldea ezagutzera animatzen dituzte herritarrak Araba suspertzeko

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lurraldeko ekonomia suspertzen laguntzeko eskatu diete arabarrei eta, horretarako, bertako saltokietan eta ostalaritza lokaletan kontsumitzera eta probintziako erakargarri turistikoak ezagutzera gonbidatu dituzte herritarrak. “Orain, irten zaitezkeenez, geratu” da Araban gozatzeko eta erosteko eta Araba ezagutzeko gonbita egiten duen kanpainaren goiburua.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko diputatu Cristina Gonzálezek eta lehenengo alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi Maider Etxebarriak azaldu dutenez, kanpaina honek dei egiten die herritarrei Gasteizko eta Arabako merkataritza, gastronomia eta aisia eskaintza kalitatezkoa ezagutu, aintzat hartu eta baliatzera, eta, era horretan, jarduera ekonomikoa bultzatzera. Eta bat datoz biak: orain, inoiz baino gehiago, hurbilen duguna estimatu eta zaindu behar dugu.

“Batzuetan, urrutira begiratzeko joera dugu oporrez edo aisialdiaz gozatzeko tokiak bilatzen ditugunean, eta ez gara konturatzen esku-eskura ditugula turismo esperientzia berezi eta erakargarriak. Horregatik, Arabako eskualdeetako txoko zoragarriak eta esperientzia paregabeak ezagutzeko gonbita egiten dizuet guztioi”, adierazi du Cristina Gonzálezek.

Maider Etxebarriak gogorarazi du saltoki txikiek, tabernek eta jatetxeek ateak ireki dituztela berriz egunotan, denon osasuna babesteko ia hiru hilabetez itxita egon ostean, eta honako hau nabarmendu du: “orain da garaia ekintzen bidez aitortzeko haien konpromisoa eta ahalegina; orain da gure auzoetako dendetan eta Gasteizko eta Arabako ostalaritza establezimenduetan kontsumitzeko garaia”.

Kanpaina integrala

Kanpaina duela bi aste jarri zuten abian: Gasteizko eta Arabako beste leku batzuetako kale eta plazetan (besteak beste, Laudion, Agurainen eta Guardian) tamaina handiko kartelak eta biniloak jarri zituzten hainbat euskarritan, eta horietan “Geratu” hitza agertzen zen. Lehen fase horren helburua zen harridura, interesa eta are nahasmena ere piztea; izan ere, une hartan hasi berria zen deseskalatzea.

Gaurtik aurrera, abian jarriko da kanpainaren bigarren fasea: kaleetako euskarri berberetan, hiriko autobusetan, sare sozialetan eta komunikabideetan kanpainaren mezu osoa agertuko da: “Orain, irten zaitezkeenez, geratu” Araban, erosi bertako saltokietan, gozatu bertako taberna eta jatetxeez, ezagutu bertako eskualdeetako erakargarri turistikoak eta, azken finean, suspertu ezazu lurraldea.

Mezu horiekin batera, argazkiak ere jarriko dituzte: saltokiak, bertako produktuak, jendea Andra Maria Zuriaren plazako kafetegi bateko terrazan aperitiboaz gozatzen eta txirrindulari bat Arabako Errioxako mahastien artean. Osagai horiek beraiek eta beste batzuk agertzen dira hurrengo asteetan sare sozialetan zabalduko duten sustapen bideoan, zeina #geratuaraban traolarekin batera zabalduko baita.

“Kontuan hartu behar dugu hartzen ditugun erabakien bitartez eragile aktiboak izan gaitezkeela eta Arabako ekonomia bultzatzen lagundu une zail hauetan. Gure saltokietan eta ostalaritza lokaletan kontsumitzeak eta Gasteizko eta Arabako baliabide turistikoez gozatzeak kalitatezko eskaintza eskuratzea bermatzen digu eta, gainera, gure familien, lagunen eta ezagunen lanean eta etorkizunean inbertituko dugu”, baieztatu du Cristina Gonzálezek.

Share

Gasteizko turismo bulegoak asteartean irekiko ditu ateak berriro

Gasteizko turismo bulegoak asteartean ekingo dio berriro jendaurreko arreta emateari, hiriko museoak eta interpretazio-zentroak irekitzearekin batera. Ordutegi hau izango du: astelehenetik larunbatera,10.00etatik 19.00etara; igande eta jaiegunetan: 11.00etatik 14.00etara.

Bulegoan telefonoz erantzun diete kontsultei alarma egoera dekretatu zenetik; orain kontingentzia plan bat landu dute zerbitzua ematean segurtasuna bermatu ahal izateko, bai bisitarientzat bai bulegoko langileentzat.

Besteak beste, nahitaezkoa izango da maskara eta gel hidroalkoholikoa erabiltzea, segurtasun distantzia gordetzea eta edukiera kontrolatzea. Orobat, segurtasun-arrazoiak direla eta, ezingo dira erabili bulegoko autozerbitzu eta autokontsultarako guneak.

Share