Prentsa Oharren banner

Izena emateko epea irekita Zinema Gaur programaren bigarren edizioko ikastaro eta lantegietarako

 

 

 

 

 

Lehen edizioan lortutako arrakasta ikusirik, 2017an berriro egingo da ohikoaz bestelako zinemari buruzko programa, udaberrian eta udazkenean egingo diren bi ziklotara zabalduta

Lehen edizioan lortutako arrakasta ikusirik, 2017an berriro egingo da “Zinema Gaur” ohikoaz bestelako zinemari buruzko programa, formatu zabalagoarekin eta berrikuntza ugarirekin. Filmen proiekzioen, performance-en, lantegien eta ikastaroen bitartez beste zinema horrekiko interesa eta jakin-mina piztu nahi ditu programak.

Lehenengo berrikuntza datei dagokie, azaroan 15 egunez egiten den zinema-zikloa izan beharrean bi ziklotan banatutako programa izango baita, bata udaberrian, maiatzaren 8tik ekainaren 26ra arte egitekoa, eta bestea azaroan.

Berriro ere  Garbiñe Ortega arduratu da koordinazioaz, zeinak hiru ardatzetan banatu baitu programa: proiekzioak, ikastaro eta lantegiak, eta ohikoaz bestelako zinemarekin lotutako ekitaldi bereziak.

Ikastaro eta lantegiei dagokienez, gaur bertan irekiko da izena emateko epea; 945 161 830 telefonora deituz edo info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org helbidera idatziz egin daiteke. Izen-ematea doakoa da, baina lekuak mugatuta daude.

Bi ikastaro/lantegi emango dira, hainbat egunetan banatuta. Lehena, “Errealitatearen tolesturak, zinema garaikidearen fantasiazko joerak” izenburua duen zinema espazioa da, Maider Oleagak gidatutakoa. Zinemazaleak elkartzeko gunea izango da, zinema fantastikoaren etiketaren pean zinema garaikidean joera bat markatzen duten bideetako batzuk aztertzeko. Film horiek fantasiazko ezaugarriak eta elementuak erabiltzen dituzte igarobide ezkutuz eta tolesturez beteriko errealitate anitza, konplexua edo antzemanezina deszifratzeko edo bistan uzteko. Ekainaren 7an, 14an eta 21ean egingo da, 19:00etatik 22:00etara.

Bigarren lantegia “Perla finak eta oso xeheak” izeneko collage lantegia da, Gloria Vilchesen ardurapean. Helduentzako lantegia da, paper moztu eta itsasgarriarekin eginiko eskuzko collagea praktikatzeko, artista klasiko eta garaikideen obra esanguratsuenen azterketatik abiatuz. Ekainaren 24an eta 25ean eskainiko da, 10:00etatik 14:00etara.

Gainerako berrikuntzak aurrerago aurkeztuko dira, prentsaurrekoan.

Share