Prentsa Oharren banner

2016an, 1.871 pertsonak jaso zuten Gasteizko Udalaren enplegurako prestakuntza

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak Gasteizko Udalak iaz antolatutako enplegu eta prestakuntzako ekintzen balantzea aurkeztu du. Orotara 1.871 pertsonak hartu zuten parte lanerako lanbide prestakuntzan, espezializatzeko edo birziklatzeko prestakuntzan, aurrez aurrekoa ez den online prestakuntzan eta jardunaldi zein mintegietan. 978 ikastaro eman ziren,  eta 20.248 ordu. Jarduera osagarrien artean, berriz, bi nabarmendu behar dira: enpresetako praktikak  (76 parte-hartzaile) eta 2015ean prestakuntza jaso zutenen laneratzearen jarraipena (horien % 56,8k lana aurkitu zuen ondorengo 3 eta 6 hilabete artean).

“Enplegurako prestakuntza tresna garrantzitsua izatea nahi dugu, kalitateko lanpostua lortzeko zein lan-bizitzan hobetzeko gaitasunak eskuratzeko. Gobernu taldeak etengabeko eta kalitateko ikaskuntzaren aldeko apustua egiten du. Horretarako, behar diren hitzarmenak sustatuko ditugu hezkuntza, ekonomia eta gizarte eragileekin, prestakuntzak enplegua eskuratzen laguntzeko helburua ahalik eta ondoen lortu dezan”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Lanerako lanbide prestakuntzan aurrez aurreko 34 ikastaro eman ziren 2016an, eta 423 pertsonak hartu zuten parte. Eraikuntza (11 ikastaro) eta informazio eta komunikazio teknologiak (10 ikastaro) izan ziren eskatuenak, orotara 250 ikasle bildu baitzituzten. Emakumezkoen parte hartzea zertxobait hazi zen 2015ekoaren aldean, % 39,1era iritsi baitzen. Orobat nabarmendu beharra dago  25 eta 34 urte bitarteko gazteen kopuruaren jaitsiera progresiboa, iaz % 28,47koa izan baitzen, eta 2013an, berriz, % 41ekoa.

Lanbide prestakuntza espezializatuari dagokionez, 222 pertsonarengana iritsi zen, emandako 18 ikastaroen bidez. Ikasleen erdiak baino gehiagok (123) eraikuntza eta birgaikuntza iraunkorraren espezialitatea aukeratu zuten; 82 pertsonak IKTen, berrikuntzaren eta enplegu berdearen alde egin zuten, eta 15ek industria hartu zuten. Prestakuntza mota hori jasotzen dutenen profila aldatu egin da; ez dira hain gazteak, ikasketa-maila eta langabezia txikiagoak dira, eta emakumezkoen parte hartzea jaitsi egin da.

Aurrez aurrez aurrekoa ez den online prestakuntzan 660 ikaslek 978 ikastaro jaso zituzten. Hauek izan ziren eskatuenak: ofimatika (Excel + Word + Access), zeharkako gaitasunak, alfabetizazio informatikoa eta Photoshop. E-learning bidezko ikastaro horietako 286 CETICen bertan egin ziren, autoprestakuntzako gelan, eta beste 620 interneten bidez egin ziren.

Jardunaldiek eta mintegiek osatzen dute azken blokea. 2016an, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak 22 jardunaldi antolatu zituen, zeinetara 559 pertsona joan baitziren. Horietako 179k enpresa gisa eman zuen izena, eta 382k banako gisa hartu zuten parte CETICeko prestakuntza-ekintzetan.

Aurrez aurreko prestakuntza-programen osagarritzat enpresetan praktikak eskaintzen dira: iaz 76 pertsonak izan zuten aukera hori, 66 enpresatan. Jarduera-sektoreen arabera, praktiken % 46,05 IKTen eta zerbitzu aurreratuen alorrean egin ziren, % 36,84 eraikuntzaren sektorean, eta % 17,1 industrian.

Enplegurako prestakuntzarekin lotutako beste alderdi bat prestakuntza jaso duten pertsonen laneratzearen jarraipena da. 2015eko ikastaroetako ikasleei buruz egindako inkestak kontuan izanik, prestakuntza jaso ondorengo hiru eta sei hilabeteen artean elkarrizketatutakoen % 56,8k lortu zuen lana. Hauek izan ziren laneratze portzentaje handiena lortu zuten ikastaroak: inguratzailearen energia eraginkortasuna, soldatzea, arreta sozio-sanitarioa eta CAD diseinua.

Enplegurako prestakuntzarako eskaintza garatzeko, Udalak entitate hauekin sinatu zituen lankidetza hitzarmenak 2016an: Arabako Foru Aldundia; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; SARTU-ARABA gizarteratzeko elkartea, Secretariado General Gitano fundazioa eta Telefónica fundazioa.

Share