Prentsa Oharren banner

Udalak herritarren partaidetzarako proiektuak diruz laguntzeko oinarriak aurkeztu ditu, bigarren urtez

Partida berri horri esker, iaz bost elkartek garatu zituzten beren proiektuak hirian

 

Isabel Martinez zinegotziak zuzentzen duen Partaidetza eta Gizarte Etxeen Sailak proposatuta, Tokiko Gobernu Batzarrak herritarren partaidetzarako proiektuak diruz laguntzeko deialdiaren oinarriak onetsi ditu; iaz sortu zen deialdia, eta horri esker bost elkartek garatu zituzten beren proiektuak.

Herritarren partaidetza ezinbestekoa da hiria benetan iraunkorra izan dadin, informazioan, eztabaidan, benetan parte hartzeko kanaletan eta kudeaketa politikoaren kontrol publikoan oinarritua; horrenbestez, diru-laguntzetarako deialdi honen bitartez partaidetzaren kultura hirian diharduten entitate eta taldeetara zabaldu nahi da”, nabarmendu du Martínezek.

Deialdiak 20.500 euroko aurrekontua du, hiriko entitate eta elkarteek 2018an herritarrei irekita bideratzen dituzten partaidetza-prozesuek sortutako gastuak ordaintzen laguntzeko, “Gasteiz hiri garden eta parte-hartzailea” ildo estrategikoaren barruan.

Informazioa eta kontsulta, eztabaida eta deliberamendua zein proposamenak eta elkarlana xede duten herritarren partaidetzarako prozesuak egiteko proiektuek jaso ahalko dituzte diru-laguntzak, dena delako talde edo entitateko kideez gain beste pertsona batzuk barne hartzen badituzte.

 

2017an sortuak

Diru-laguntza horiek iaz sortu ziren, Sailaren ekimenez, eta bost elkartek jaso zituzten:  Abendañoko gurasoen elkartea, “Abendatoki” proiektuagatik; Gurutze Gorria, “Reinterpretando los Servicios Sociales” proiektuagatik; DEIADAR, “Encuentro e intercambio de saberes y costumbres entre Culturas” jardunaldiengatik; ESKUHARTU, “Dar un paso más” proiektuarengatik; Goian Kultur eta Kirol Elkartea, “Haurren auzoa” proiektuagatik.

Bukatzeko, Martínezek nabarmendu du partidak “gure Sailaz kanpoko eragileek partaidetzaren aldeko ahaleginak sustengatzen jarraituko” duela; “izan ere, konbentzituta gaude egunetik egunera gero eta hiri aktibo, moderno eta dinamikogoa dela erakusten duen gure Gasteiz honetan partaidetza hiri-kohesioaren beste osagarri bat dela“.

 

Share