Prentsa Oharren banner

Arana auzoak aparkaleku berria estreinatu du

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak instalazio berria bisitatu du;  autoentzako 157 leku eta 4 bizikleta-aparkatzeko bikoitz ditu, bi solairutan banatuta  

Arana auzoak aparkaleku berria estreinatu du:   autoentzako 157 leku ditu, horietako 6 egokituak, eta 4 bizikleta-aparkatzeko bikoitz. Gorka Urtaran alkateak azpiegitura berria bisitatu du zenbait auzokide eta merkatarirekin; dagoeneko ireki da Ignacio Aldecoa ikastetxeko kirol eremua zena baliatuz egin den azpiegitura.  

Horren bidez, hartutako konpromisoetako bat bete du udal gobernuak, hau da, erabiltzen ez zen udal jabetzako baliabide batean silo aparkalekua jartzeko konpromisoa.

Alkateak bisitan gogorarazi duenez, auzoetako azaleko zein lurpeko aparkalekuen eskaintza eta eskaera aztertu ondoren sortu zen proiektua, eta Gasteizko Udalaren Mugikortasun Planaren irizpideak kontuan hartuz.

“Aldezten dugun mugikortasun iraunkorreko ereduaren barruan garraio publikoaren eta bizikletaren aldeko apustu argia egiten dugu, baina hiriko alderdi batzuetan duten aparkaleku beharrari ere erantzun nahi diogu. Horrekin lotuta bi modutan jardun nahi dugu: espazioak berrerabiliz, Aranan bezala, eta udalaren lurpeko aparkalekuen eraginkortasuna hobetuz”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. 

Lehen, eraikinik ez zuen lursailak azaleko aparkaleku publikoaren erabilera zuen, espazio estaliak eta eraikinera sartzeko pasabide arkupedunak barne, eta ingurua oso hondatuta zegoen.

Orain, berriz, bi solairuko aparkalekua egokitu da. Beheko solairuan, lehen nahierara okupatutako espazioa berrantolatu da, eta 105 aparkaleku (horietako 3 egokituak) jarri dira. Lehen solairuan, 4 bizikleta-aparkatzeko bikoitz instalatu dira, eta 52 aparkaleku (3 egokitu).

Beste lan hauek ere egin dira: eraistea; eragindako zerbitzuak berriro jartzea; inguruko urbanizazioa sendotzea; ur-ebakuazio, elektrizitate eta argiztapen instalazioak; seinaleztapena; margotzea, eta espazio berria osatzeko behar ziren gainerakoak.

Eraikuntza Birgaikuntza Artapena SL enpresak egin ditu obrak, 366.402,94 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne).

Share