Prentsa Oharren banner

Merkataritza digitalizatzeko eta ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko laguntzak onetsi ditu Gasteizko Udalak

Ekonomia Sustapenaren Sailak 110.000 euro jarriko ditu bi deialdi horietarako.

 

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren 2021erako laguntza-planaren barruko bi dirulaguntza-ildo onetsi ditu gaur udal gobernuak. Oraingoan, merkataritzaren eta ostalaritzaren arloko enpresa txikien eraldaketa digitalerako eta ekonomia zirkularreko proiektuak garatzeko laguntza-ildoak aktibatu ditu. 110.000 euroko aurrekontua dute (60.000 eta 50.000 euro, hurrenez hurren). Laster argitaratuko dira oinarriak Arabako aldizkari ofizialean (ALHAO) eta Udalaren webgunean, eta orduan zabalduko da eskabideak aurkezteko epea.

Lehen laguntza-ildoa merkataritzaren eta ostalaritzaren arloko enpresa txikien eraldaketa digitalerako laguntzena da, eta 60.000 euroko aurrekontua izango du. Gasteizen kokatutako txikizkako merkataritzaren eta ostalaritzaren arloko enpresa txikientzako laguntzak dira —gehienez 50 langile izan ditzakete—, eta 2021ean enpresa horien lehiakortasuna hobetzea eta udalerriko jarduera ekonomiko sustatzea dute xede. Honako hauetarako baliatu ahal izango dira laguntzak: informatika-ekipoak, kudeaketa-tresnak eta softwarea erosteko, webguneak garatzeko edo marketin digitalaren arloko estrategiak diseinatzeko, besteak beste.

Gaur onetsitako bigarren partida Gasteizen ekonomia zirkularreko proiektuak garatzen laguntzeko programari dagokio. Laguntza berri horrek 50.000 euroko zuzkidura izango du. Laguntzak hainbat arlotako proiektuak ezartzen laguntzeko dira, hain zuzen ere, ekodiseinuaren, konponketa aurreratuaren, birmanufakturaren eta lehengai sekundarioen berreskurapenaren arloetakoak. Azken batean, ekonomia zirkularreko proiektuak ezartzen ari diren tokiko enpresentzat dira.

Maider Etxebarria lehen alkateordeak adierazi duenez, “merkataritzaren eta ostalaritzaren arloko enpresa txikien beharrei erantzun azkarrak ematen jarraitzen dugu, modernizatu daitezen eta lehiakortasuna hobe dezaten, eta gainera, pandemia garai zail honetan, babestu egiten ditugu produktuen ikerketan eta berrerabileran oinarritutako erronka ausart eta iraunkorrak, horiek baitute, zalantzarik gabe, etorkizunaren giltza. Zinegotziak gogorarazi duenez, gaur onetsitako bi laguntza hauekin udalak sei deialdi kaleratu ditu hilabete baino gutxiagoko epean. Zehazki, dagoeneko aktibatu dira ikus-entzunezko proiektuetarako, ekintzaileentzako, enpresak sortu eta sendotzeko eta ehungintzaren sektoreko saltokientzako dirulaguntzak.

 

 

 

 

 

 

 

Share