Prentsa Oharren banner

Udalak eta Euskaltzaindiak berretsi egin dute Gasteizen euskararen erabilera sustatzeko lankidetza-hitzarmena

 

Hitzarmenak bere baitan hartzen du gure udalerriko toponimia historikoa aztertzeko Elena Martínez de Madina egiten ari den lana. Jada Arratzuko seriea amaitu du ikerlariak.

 

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak berriki berretsi duten lankidetza-hitzarmena aurkeztu dute gaur goizean, bai eta Gasteizko udalerriko toponimia historikoaren saileko beste liburuki bat ere, hain zuzen Gasteizko toponimia. Arratzua III izenekoa. Liburukia aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateorde eta Euskarako zinegotziak, Roberto González de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak, eta Elena Martínez de Madina ikerlari eta euskaltzain urgazleak.

Elena Martínez de Madinak eginiko ikerlanak Gasteizko udalerri osoko toponimia historiko eta gaur egungoa aztertzen du, hots, hiria bera eta 63 herri. 

Arratzuko merindadearen ohiko toponimiak aztertzen dituen liburuki honekin amaitzen da berari eskainitako hiru aleko seriea. Oraingo lan honetan zazpi herri aztertu dira: Ilarratza, Jungitu, Lubinau, Matauku, Oreitia, Uribarri Arratzua eta Zerio.

Lankidetza-hitzarmena Udalarekin

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak toponimia-ikerkuntzako lanaren aurkezpena urteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko baliatu dute. Hitzarmen berriaren eskutik, hirian euskara sustatzen ahaleginduko da Udala, Euskaltzaindiaren eskutik.

Hitzarmen berriaren bidez, Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskararen Akademiari, urte osoan kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egin ditzan. Horrez gain, Euskaltzaindiak euskararekin lotutako gaietan aholku emango die Udalari eta udal-zerbitzuei. Gainera, hirian hizkuntza babesten, zaintzen eta sustatzen jarraituko du Akademiak. Gasteizko alkateorde eta Euskarako zinegotzi Iñaki Gurtubaik eskertu egin dio Euskaltzaindiari euskararen alde egiten duen guztia, eta berretsi egin du Udalak euskararekiko duen konpromisoa.

Share

Euskaltzaindiarekiko eta Geu elkartearekiko hitzarmenak

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du hitzarmen bana onestea Euskaltzaindiarekin eta Geu elkartearekin, euskara sustatzeko Gasteizen.

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute laster bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko. Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskaltzaindiari. Akordioari esker Martínez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiari buruzko lanek jarraitu ahal izango dute.

1996ko irailean sinatu zuten euren arteko lehenengo lankidetza-hitzarmena Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak. Harrezkeroztik, urtero berritzen da konpromisoa. Batetik, hizkuntza-arloko aholkularitza eskaintzen dio Euskaltzaindiak Udalari, eta, bestetik, udalerriaren toponimiari buruzko aipatutako proiektuaren lanak jarraitzen du.

Bigarren hitzarmena, berriz, Geu elkartearekin sinatuko da, eta Arabako hiriburuaren intereseko zenbait proiektu gauzatzeko aukera emango du: Mintzalaguna programa eta mintzamena lantzeko jarduerak, Igandeak jai programa eta familiako aisialdiko jarduerak, eta hizkuntza-aktibaziorako ekimenak (Auzolas programa eta gazte eta nerabeei zuzendutako jarduerak). Hitzarmen honetarako, 77.175 euro jarriko ditu Udalak.

 

 

Share

Etxezarra etxea Euskaltzaindiaren Arabako egoitza izango da 2021eko urtarriletik aurrera

Euskaltzaindiak higiezina egokitu beharko du, eta jarduera akademikoaz gain kultur eta zabalkunde jarduerak antolatzea aurreikusi du 

 

Dosierra (3)

Gasteizko Udalak Euskaltzaindiari lagako dio Etxezarra etxearen zati bat. Euskararen Akademiak 2021etik aurrera erabiliko du espazioa Arabako egoitza gisa. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andrés Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeek horretarako sinatu duten akordioa aurkeztu dute gaur. Udalak lekuaren jabari-emakida onetsi du, eta Euskaltzaindiak bere lana egin eta hizkuntza zabaltzeko jarduerak eskaini ahalko ditu bertan. Lagapenak 25 urte iraungo du eta doakoa izango da.

Euskaltzaindiak bere gain hartuko ditu horniduren gastuak, altzarien zuzkidura, garbiketa, prebentzio- eta konponketa-lanak eta higiezina zamatzen duten zergak eta bestelako gastuak. Akademiak instalazioak egokitzea eta berrantolatzea aurreikusi du. Etxezarrak bulego-lanerako gune bat izango du batetik, eta kultur eta zabalkunde jarduerak (erakusketak, hitzaldiak…) egiteko gune zabal bat.

Akademiak  askotariko jarduerak lantzeko baliatuko du azpiegitura berria. Alde batetik, herritarrak eta elkarte publiko zein pribatuak artatu nahi ditu Akademiak, betiere arreta jarriz euskararen ikerkuntzaren eta zabalkundearen eremuetan. Beste aldetik, azpiegitura horretan egun Akademiak Gasteizen barreiatuta dauzkan eta etorkizunean abian jarri nahi dituen ikerketa-egitasmoak kokatuko ditu.

 

340 metro karratu

Udalak eta Euskaltzaindiak denbora zeramaten erakundearentzat kokapen on bat aurkitzeko lanean.  “Euskaltzaindiari leku ezin hobea eman diogu Gasteizen”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan (behealdean jatetxea dago). Gaur egun, espazio guztiz gardena da. “Gasteizek euskararen hiriburua izan behar du. Alde horretatik, funtsezkoa zen Euskaltzaindiak horrelako egoitza izatea. Eraikina Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortzen ditugu: batetik, orain arte hutsik zegoen eta erabilera egonkorrik ez zuen eraikinaren zatiari erabilera ematea, edukiz betez; bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea. Hitzarmenarekin asmatu dugu” azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Andres Urrutia euskaltzainburua ere pozik agertu da lagapenarekin, eta horrela azaldu dio alkateari: “Euskaltzaindiaren presentzia Araban areagotzeko eta indartzeko balio du lagapen honek. Eskerrik asko Gasteizko Udalari eta herriari. Lan egingo dugu euskara eta euskal kulturaren harrera leku egokia izan dadin ordezkaritza berri hau”.

 

Share

Udalak Etxezarra Etxearen espazio zabal bat Euskaltzaindiari utziko dio eraikin hau Arabako Euskaltzaindiaren egoitza izan dadin

Gasteizko Udalak Etxezarra Etxearen espazio zabal bat Euskaltzaindiari utziko dio. Euskaltzaindiak eraikin hori erabiliko du Arabako egoitza gisa 2021etik aurrera. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onartu du Euskaltzaindiak bere lana egin eta hizkuntza zabaltzeko jarduerak eskaini ahal izateko gunea ematea. Lagapenak 25 urteko iraupena izango du eta doakoa izango da.

Euskaltzaindiak bere gain hartuko ditu gastu hauek: hornigaiak, altzarien hornidura, garbiketa, mantentze guztia, zergak eta higiezina zergapetzen duten beste gastu batzuk…

Udalak eta Euskaltzaindiak denbora zeramaten erakunde honentzat kokapen on bat aurkitzeko lanean. “Eta etxe hau, zalantzarik gabe, espazio ezin hobea da”, azaldu du gaur goizean Gorka Urtaran alkateak.

Espazioak 340 metro karratu erabilgarri ditu goiko solairuan (behealdean jatetxea dago). Espazio gardena izango da, hainbat eduki izango dituena: lanerako gune bat eta erabilera anitzeko bigarren gune bat (hitzaldiak, hedapen-jarduerak).

“Euskal hiriburua gara eta euskararen hiriburua izan behar dugu. Alde horretatik, Euskaltzaindiak egoitza duina izatea garrantzitsua da. Akordio hau beste erakunde batekin harreman ona izatearen emaitza da. Eraikina Euskaltzaindiari utziz bi gauza lortzen ditugu: batetik, orain arte hutsik zegoen eraikinari erabilera ematea, edukiz betez; eta, bestetik, euskara sustatzeko eta zabaltzeko jarduerak bultzatzea”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.
Datozen asteetan hitzarmen publiko bat sinatuko dute Udalak eta Euskaltzaindiak, eta bertan, egoitza berriaren inguruko xehetasun gehiago emango dituzte.

Share