Prentsa Oharren banner

Hitzarmena Geu Elkartearekin, sektore sozioekonomikoan, gazteetan eta Gasteizko auzoetan euskararen erabilera sustatzeko

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du GEU Elkartearekin, besteak beste, sektore sozioekonomikoan, gazteetan eta hiriko auzoetan euskararen erabilera sustatzeko proiektu bat garatzeko. Euskaraldia ekimenaren hirugarren edizioa 2022rako dago aurreikusita, eta ekimen horren baitan sinatuko da akordioa. Tokiko Gobernu Batzarrak ostiralean onartu zuen hitzarmena sinatzea. 50.000 euroko partida du proiektuak eta Elkarrekin udal-taldeak babestu zuen, aurrekontu-akordioaren esparruan.
“Gasteizek euskararen hiriburua izan behar du, eta Geu Elkarteak planteatzen dituen ekimenek eta Euskaraldiak ildo horretan lan egiten laguntzen digute. Gainera, Elkarrekin udal-taldeak hizkuntza-politikaren arloan akordioak lortzeko erakutsi duen gaitasuna azpimarratu nahi dut. Positiboa da gure hiriarentzat”, azaldu du Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziak.

Elkarrekin Udal taldeak euskara jendarte kohesioaren elementutzat hartzen dugu. Ikuspegi honetatik, bere defentsa eta bere ezagutza eta erabilera handitzea sustatu nahi dugu. Hori dela eta, euskararen normalizazioan lan egiten duten agenteen kohesioa bermatzeko ekimen eraginkorrak bultzatzearen aldekoak gara, GEU elkartearen bezalakoak“, azpimarratu du Gema Zubiaurre Elkarrekin udal taldearen zinegotziak.

GEUren proiektua 2022ko otsailera arte garatuko da, eta hainbat helburu ditu: herritarrek eta Euskaraldia osatzen zuten taldeek ekimen horri eutsiko diotela bermatzea, ekimenaren etorkizuneko edizioei begira parte-hartzaile kopurua handitzeko lan egitea eta datorren urteari begira egin daitezkeen hobekuntzak aztertzea.

GEU elkarteak, Gasteizko Udalarekin batera, euskararen erabilera sustatzeko hainbat jarduera bultzatzen ditu. Bereziki, sektore sozioekonomikoa eta gazteak bezalako esparruak sustatu nahi dira. Beste helburu bat euskara ezagutzen ez duten baina hizkuntzarekiko jarrera positiboa duten pertsonekin harremanetan jartzea da.

2018ko edizioan 13.000 gasteiztarrek hartu zuten parte Euskaraldian. 2020an, berriz, ahalegina egin zen erakundeek parte har zezaten, eguneroko funtzionamenduan hizkuntza-ohituren aldaketak bultzatzeko. Gasteizen, 120 erakundek egin zuten bat ekimenarekin. Besteak beste, Udalak berak.

 

 

Share

Euskaltzaindiarekiko eta Geu elkartearekiko hitzarmenak

Gaur goizean, Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du hitzarmen bana onestea Euskaltzaindiarekin eta Geu elkartearekin, euskara sustatzeko Gasteizen.

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko dute laster bi erakundeen arteko lankidetza sendotzeko. Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskaltzaindiari. Akordioari esker Martínez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiari buruzko lanek jarraitu ahal izango dute.

1996ko irailean sinatu zuten euren arteko lehenengo lankidetza-hitzarmena Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak. Harrezkeroztik, urtero berritzen da konpromisoa. Batetik, hizkuntza-arloko aholkularitza eskaintzen dio Euskaltzaindiak Udalari, eta, bestetik, udalerriaren toponimiari buruzko aipatutako proiektuaren lanak jarraitzen du.

Bigarren hitzarmena, berriz, Geu elkartearekin sinatuko da, eta Arabako hiriburuaren intereseko zenbait proiektu gauzatzeko aukera emango du: Mintzalaguna programa eta mintzamena lantzeko jarduerak, Igandeak jai programa eta familiako aisialdiko jarduerak, eta hizkuntza-aktibaziorako ekimenak (Auzolas programa eta gazte eta nerabeei zuzendutako jarduerak). Hitzarmen honetarako, 77.175 euro jarriko ditu Udalak.

 

 

Share