Prentsa Oharren banner

Asteburuan hasiko dira Gamarrako atea eraberritzeko lanak, eta zuhaitzak ordezteari ekingo zaionez trafikoari eragingo dio horrek

Asteburuan hasiko dira Gamarrako atearen zati bat eraberritzeko lanak: trafikoa eten eta zenbait zuhaitz kendu beharko dira. Ekonomia Sustapenaren Sailak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak koordinatuko dituzte lanak, kalea modernizatzeko xedez. Oinezkoentzako espazioa zabaldu eta eraberrituko da, oinez ibiltzeko bideak hobetuko, bidegorri bat egingo, eta zuhaitz eta zuhaixkak landatuko, berdegunea hobetzearren.

Udalak 623.448,50 euro (BEZa barne) inbertituko ditu esku-hartze horretan, zeina industria-sektoreak eta enpresek berek diseinatutako Ekonomia Suspertzeko Planean aurreikusi baita. Lanek 410 metro lineal hartuko dituzte, Kantabrikoaren hiribidearekiko eta Santo Tomas Ibaiaren plazarekiko bidegurutzeen artean.

Lanak abenduko zubian hastea erabaki da, ahalik eta enbarazu txikiena sortzeko. Batez ere trafikoari dagokionez. Abenduaren 6an eta 8an, zati hori guztiz itxita egongo da 8.00etatik 20.00etara. Hilaren 7an, berriz, bi noranzkoko errei bat egokituko da, guztiz itxi beharrik ez izateko.

Lehen lanek zuhaitzei eragingo diete, gaur egun ia espaloi osoa hartzen baitute. Makalak dira, eta  egoera txarrean daudenez igandean bertan hasiko dira ordezten. Ehun zuhaitz inguru ordeztuko dira. Hasieran 45 zuhaitz kentzea aurreikusi zen, espaloietako batean, baina azkenean bi espaloietakoak kenduko dira, kontratuaren esleipendunak aurkeztutako eskaintzan sartutako hobekuntzari esker. Makalen ordez tamaina handiko zuhaitzak landatuko ditu Udalak, ingururako egokiak eta enpresetako hesietatik urrun; hainbat espezietako zuhaixkak ere landatuko dira. Zehazki, platanoak eta altzifreak jarriko dira. Hartara, kalea berdeagoa izango da, eta espezieak askoz egokiagoak.

Esteka honetan kontsulta daiteke esku-hartzeari buruzko informazio guztia:

Share

Gamarrako ateak oinezkoentzako leku gehiago izango du, eta bi norabideko bidegorria

Gasteizko eraztun industriala hobetzeko estrategiaren barruan sartzen da esku-hartzea, Industria Mahaiak eskatua.

Tokiko Gobernu Batzarrak datozen egunetan onetsiko du Gamarrako atea berritzeko obraren esleipena, Maider Etxebarria zinegotziak gidatzen duen Ekonomia Sustapenaren Sailak eskatuta. Kalea modernizatzea da aurreikusitako esku-hartzearen helburua. Oinezkoentzako espazioa zabaldu eta eraberrituko da, bideak hobetuko, bi norabideko bidegorria egingo, eta zuhaitz eta zuhaixkak landatuko, berdegune berrituan.

Esku-hartzearen bitartez, industrialdera doan zirkulazioaren inpaktua murriztea aurreikusten da. Bost hilabete beharko dira obrak burutzeko. CAMPEZO OBRAS Y SERVICIOS SA enpresak (IFZ: A48119036) egingo ditu lanak, 623.448,50 euroan (BEZa barne).

Ekonomia Sustapenaren Sailaren Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan sartzen dira eraberritze-obra horiek, eta berariaz eskatuak zituen kale horretako enpresak ordezkatzen dituen Industria Mahaiak. 410 metroko luzeran egingo dira, Kantabrikoaren hiribidetik hasi eta Santo Tomas Ibaiaren plazaraino.

Inbertsio estrategikoa funtsezkoa da une honetan industrialdeei bultzada bat eman eta Gasteizko eraztun industriala sendotzeko”, azaldu du lehen alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak.

Esku-hartze honi esker, mugikortasun iraunkorrerako sarea osatzen jarraituko dugu, oinezkoentzako eta bizikletentzako alternatibak eskainiz eta industrialdeak hiri kontsolidatuarekin lotuz. Izan ere, lanerako joan-etorrien % 25 inguru ibilgailu pribatuz egiten dira, eta joera horri buelta eman behar diogu”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

Gaur egun, zuhaitzek espaloia ia osorik hartzen dute, kaleak trafiko handia jasaten du puntako orduetan, eta argiztapen-gabeziak daude, Gamarrako atea oinezko eta txirrindularientzat erakargarritasun gutxiko toki egiten dutenak.

Bi zatitan banatuko da esku-hartzea. Zatirik luzeenean 280 metro, iparralderantz doan erreietako bat eta aparkaleku-lerro bat kenduko dira, espaloiak eta berdegunea handitzeko. Oinezkoentzako pasabide berriak 2,2 metro eta 2,75 arteko zabalera izango du; zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dira aldamenean, eta 2,2 metroko zabalera izango duen bidegorria egingo.

Bigarren zatian 130 metro inguru, bigarren erreia berreskuratuko da, trafikoa arintzeko, Santo Tomas Ibaiaren plazarekiko bidegurutzea baino lehen. Tarte horretan, oinezkoentzako eta txirrindularientzako sekzioak jarraituko du; berdegunea, berriz, estutu egingo da, nahiz eta nahikoa izango den zuhaitzak landatu eta argiteria jartzeko, trafikotik bereizteko.

Ekonomia Sustapenaren Sailak eta Espazio Publikoaren Sailak koordinatutako proiektuak orobat aurreikusten du egoera txarrean dauden 48 makalen ordez tamaina handiko beste espezie bateko 45 ale jartzea, baita hainbat espezietako zuhaixkak ere. Era berean, udal-ordenantzaren arabera hala tramitatzen duten komunitateetara sartzeko pasabideak egingo dira, eta aireko lineak lurperatuko.

2019an Jundiz eta Urartea kaleetan egindako esku-hartzeei gehituko zaizkie Gamarrako ateko obrak, zoladura konpondu baitzen orduko hartan, 700.000 euroko inbertsioa eginez. Bi industrialdeetako enpresekin adostu ziren hobekuntza haiek ere, Industria Mahaiaren bitartez.

 

 

Share