Prentsa Oharren banner

Asteburuan hasiko dira Gamarrako atea eraberritzeko lanak, eta zuhaitzak ordezteari ekingo zaionez trafikoari eragingo dio horrek

Asteburuan hasiko dira Gamarrako atearen zati bat eraberritzeko lanak: trafikoa eten eta zenbait zuhaitz kendu beharko dira. Ekonomia Sustapenaren Sailak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak koordinatuko dituzte lanak, kalea modernizatzeko xedez. Oinezkoentzako espazioa zabaldu eta eraberrituko da, oinez ibiltzeko bideak hobetuko, bidegorri bat egingo, eta zuhaitz eta zuhaixkak landatuko, berdegunea hobetzearren.

Udalak 623.448,50 euro (BEZa barne) inbertituko ditu esku-hartze horretan, zeina industria-sektoreak eta enpresek berek diseinatutako Ekonomia Suspertzeko Planean aurreikusi baita. Lanek 410 metro lineal hartuko dituzte, Kantabrikoaren hiribidearekiko eta Santo Tomas Ibaiaren plazarekiko bidegurutzeen artean.

Lanak abenduko zubian hastea erabaki da, ahalik eta enbarazu txikiena sortzeko. Batez ere trafikoari dagokionez. Abenduaren 6an eta 8an, zati hori guztiz itxita egongo da 8.00etatik 20.00etara. Hilaren 7an, berriz, bi noranzkoko errei bat egokituko da, guztiz itxi beharrik ez izateko.

Lehen lanek zuhaitzei eragingo diete, gaur egun ia espaloi osoa hartzen baitute. Makalak dira, eta  egoera txarrean daudenez igandean bertan hasiko dira ordezten. Ehun zuhaitz inguru ordeztuko dira. Hasieran 45 zuhaitz kentzea aurreikusi zen, espaloietako batean, baina azkenean bi espaloietakoak kenduko dira, kontratuaren esleipendunak aurkeztutako eskaintzan sartutako hobekuntzari esker. Makalen ordez tamaina handiko zuhaitzak landatuko ditu Udalak, ingururako egokiak eta enpresetako hesietatik urrun; hainbat espezietako zuhaixkak ere landatuko dira. Zehazki, platanoak eta altzifreak jarriko dira. Hartara, kalea berdeagoa izango da, eta espezieak askoz egokiagoak.

Esteka honetan kontsulta daiteke esku-hartzeari buruzko informazio guztia:

Share