Prentsa Oharren banner

Hitzarmena Geu Elkartearekin, sektore sozioekonomikoan, gazteetan eta Gasteizko auzoetan euskararen erabilera sustatzeko

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du GEU Elkartearekin, besteak beste, sektore sozioekonomikoan, gazteetan eta hiriko auzoetan euskararen erabilera sustatzeko proiektu bat garatzeko. Euskaraldia ekimenaren hirugarren edizioa 2022rako dago aurreikusita, eta ekimen horren baitan sinatuko da akordioa. Tokiko Gobernu Batzarrak ostiralean onartu zuen hitzarmena sinatzea. 50.000 euroko partida du proiektuak eta Elkarrekin udal-taldeak babestu zuen, aurrekontu-akordioaren esparruan.
“Gasteizek euskararen hiriburua izan behar du, eta Geu Elkarteak planteatzen dituen ekimenek eta Euskaraldiak ildo horretan lan egiten laguntzen digute. Gainera, Elkarrekin udal-taldeak hizkuntza-politikaren arloan akordioak lortzeko erakutsi duen gaitasuna azpimarratu nahi dut. Positiboa da gure hiriarentzat”, azaldu du Iñaki Gurtubai Euskara zinegotziak.

Elkarrekin Udal taldeak euskara jendarte kohesioaren elementutzat hartzen dugu. Ikuspegi honetatik, bere defentsa eta bere ezagutza eta erabilera handitzea sustatu nahi dugu. Hori dela eta, euskararen normalizazioan lan egiten duten agenteen kohesioa bermatzeko ekimen eraginkorrak bultzatzearen aldekoak gara, GEU elkartearen bezalakoak“, azpimarratu du Gema Zubiaurre Elkarrekin udal taldearen zinegotziak.

GEUren proiektua 2022ko otsailera arte garatuko da, eta hainbat helburu ditu: herritarrek eta Euskaraldia osatzen zuten taldeek ekimen horri eutsiko diotela bermatzea, ekimenaren etorkizuneko edizioei begira parte-hartzaile kopurua handitzeko lan egitea eta datorren urteari begira egin daitezkeen hobekuntzak aztertzea.

GEU elkarteak, Gasteizko Udalarekin batera, euskararen erabilera sustatzeko hainbat jarduera bultzatzen ditu. Bereziki, sektore sozioekonomikoa eta gazteak bezalako esparruak sustatu nahi dira. Beste helburu bat euskara ezagutzen ez duten baina hizkuntzarekiko jarrera positiboa duten pertsonekin harremanetan jartzea da.

2018ko edizioan 13.000 gasteiztarrek hartu zuten parte Euskaraldian. 2020an, berriz, ahalegina egin zen erakundeek parte har zezaten, eguneroko funtzionamenduan hizkuntza-ohituren aldaketak bultzatzeko. Gasteizen, 120 erakundek egin zuten bat ekimenarekin. Besteak beste, Udalak berak.

 

 

Share