Prentsa Oharren banner

Herritarrei arreta eskaintzeko lekuetan maskara erabiltzeko obligazioa ezarri du Udalak

Gasteizko Udalak ezarri duenez, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da zuzeneko arreta ematen den udal instalazioetan sartzen diren pertsona guztientzat, baita jende ugari bildu daitekeela aurreikusten den lekuetan ere. Neurria ekainaren 8an (astelehena) jarriko da indarrean, gero eta gehiago baitira berriro aurrez aurreko arreta eskaintzen hasi diren udal zerbitzuak, hitzordua eskatuta gehienetan.

Maskara erabiltzeko obligazioak  hartzen joan diren prebentzio-neurriak indartzea du helburutzat, batez ere aurreikusten delako gero eta jende gehiago joango dela arreta eskaintzeko guneetara. Edonola ere, segurtasun distantzia gordetzeko eta eskuak garbitzeko eskatzen jarraituko da, eta horretarako gel hidroalkoholiko gehiago jarriko da behar den lekuetan.

Orobat, jende ugari sartzen den lekuetara doazen erabiltzaileei tenperatura ausaz hartzen hasiko da hemendik gutxira, garraio publikoan egiten den bezala. Udalak kontzientziazioaren beharra azpimarratzen jarraitzen du, eta koronabirusarekin lotutako sintomarik izanez gero pertsonak biltzen diren lekuetara ez joateko eskatzen.

 

 

Share