Prentsa Oharren banner

Udalak 11.000 euro emango dizkio Santa Maria katedralari, hezkuntza jarduerak egiteko

Tokiko Gobernu Batzarrak Santa Maria Katedrala Fundazioarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du. Horren bidez, 11.000 euro jarriko ditu Hezkuntza eta Kultura Sailak, 2021-2022 ikasturtean hezkuntza-programa bat gauzatzeko.

‘Ibilbide historiko-artistikoak’ ekimenaren barruan, lantegiak eta bisitak egingo dira Santa Maria katedralera eta Argiaren Elizpera.  “Baliabide pedagogiko horri esker, DLH, DBH, DBHO eta HHIko ikasleek Gasteizko hiriaren jatorria eta kultura-ondarearen ezaugarriak ezagutzeko aukera izango dute”, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok.

2021eko urriaren 15etik 2022ko ekainaren 30era bitartean egingo dira jarduera horiek.

Share

Kultura Sailak 120.000 euro emango ditu 2021ean Santa Maria katedralaren estalkia hobetzeko

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Santa Maria Katedrala Fundazioarekin. Horren bitartez, 120.000 euro jarriko ditu Hezkuntza eta Kultura Sailak 2020-2021 ikasturtean hezkuntza-programa bat gauzatzeko.

Zehazki, transeptu edo zeharkako nabearen goi aldeko estalkien zaharberritze integrala egingo da. Gaur egun, estalki horrek XVII. mendeko jatorrizko egituraren zati bat gordetzen du.

Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi estíbaliz Cantok azpoimaratu duenez, “2021ean finantzatuko dugun esku-hartzearen xedea Santa Maria katedrala uraren eta gorabehera termikoen aurrean babestea da; hartara, areagotu egingo dira Gasteizko harribitxi artistiko hori erabiltzeko eta bisitatzeko aukerak”.

Babesa tokiko eragileei

Horrez gain, Kulturak 40.000 euro emango ditu, guztira, Gasteizko bi kultur eragileren jarduera diruz laguntzeko.

 

Ortzai kultur elkarteak 20.000 euro jasoko ditu, Hirigune Historikoko Familientzako XII. antzerki zikloa, Gasteizko Antzerki Sakratuko XII. Zikloa eta Udako Klasikoak zikloa antolatzeko. Hitzarmenari esker hirigune historikoko laborategi dramatikoak ‘Lankidetzak’ (‘Colaboraciones’) izeneko programa garatuko du, bertoko zein kanpoko artista eta kolektiboen artean trukerako eta sormena sustatu eta babesteko ekimena.

Hona Canto andrearen hitzak: “Ortzairen lana babesten dugu, kultura eta artea irakaskuntzaren, adierazpen artistikoaren eta gizarte-kohesioaren bidean aurrera egiteko tresna gisa sustatzen duelako, asmo horrekin prestakuntza-, dibulgazio- eta arte-jarduerak garatuta, bereziki arte eszenikoen alorrean, beste diziplina artistiko eta kultural batzuekin elkarreraginezko harremanetan”.

Bestalde, Udalak 20.000 euroko laguntza emango dio Arrakala Koop. Elkarte Txikia elkarteari, sorkuntza eta ikerkuntza eszenikoaren gainean Baratza aretoan burutzen duen lana babesteko.

2013an ireki zenetik, arte eszenikoen zentro horrek kultur katea osatzen duten faseen (prestakuntza, sorkuntza, ikerkuntza, hedatze-lana…) sustapenean aritzen da, hots, hausnarketa sakona egiten du arte-ingurune zein -bitartekaritzari eta artista-egoitzei buruz.

Gainera, parte hartzen du Europako proiektuetan (esaterako ikus-entzuleen kudeaketarako “Europa Creativa” izenekoan), bitartekaritza hiriko ikastetxeetan, prestakuntza proiektuetan, egonaldi eta erakusketa programetan, hala nola Bertako Fest, Zurrunbilo, Dantzan tzan eta Urterurrena izenekoetan.

“Zentro garrantzitsua da gure hiriko kulturarentzat, bulkada handikoa, ehun eszenikoa aberastera eta gabezia oso nabarmenak betetzera datorrena”, azpimarratu du zinegotziak.

Share

Udalak 22.400 euroko laguntza emango dio Erdi Aroko harresia ikusteko bisita gidatuen programari  

 Santa Maria Katedrala Fundazioarekin egindako hitzarmena onetsi du

Santa Maria Katedrala Fundazioarekin hitzarmena sinatzea onetsi du gaur Gasteizko Udalak, Tokiko Gobernu Batzarraren bitartez; Fundazioak 22.400 € jasoko ditu Gasteizko Erdi Aroko harresia ikusteko bisita gidatuen programa egiteko 2021ean.

Hitzarmen horri esker, gasteiztarrek eta bisitariek harresian barrena ibilbide atsegin bat egiteko aukera izango dute, harresia oso erakargarria den baliabide historiko-artistikoa baita.

Ekimena 2006. urtean jarri zen abian eta nazioarteko aitormena izan du Europa Nostra sariarekin. Gainera, harreman estua du Santa Maria Katedralera egiten diren bisitekin, horiek ere Fundazioak kudeaturikoak. Bi jarduerak osagarriak dira guztiz, eta turismoa erakartzen dute hiriko alde zaharrera.

Erreserbak

Harresiaren bisita gidatua erreserbatzeko hainbat bide daude: udalaren webgunean, 945 255 135 telefonoan, edo aurrez aurre, Fundazioak Santa Maria kantoian duen bisitariei harrera egiteko zentroan. Bisitak COVID-19ari aurre egiteko protokoloa jarraituz egingo dira, segurtasun neurri guztiekin.

Azoka egunetan, zubietan, eta uztailean eta abuztuan bisitak nork bere kabuz egiteko aukera ere badago.

 

Share

Kultura Sailak 100.000 euro emango ditu 2020an Santa Maria katedrala mantentzeko

Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Santa Maria Katedrala fundazioarekin eta, horren bitartez, Hezkuntza eta Kultura Sailak 100.000 euro jarriko ditu tenplua mantentzeko lanetarako.

“Santa Maria katedrala Arabako hiriburuko arte-harribitxietako bat da. Haren harriek, 800 urte baino gehiago dutenek, Gasteiz herrixkaren historia eta jatorria erakusten dizkigute. Hirigune historikoaren erdi-erdian dagoenez, erakargarri handienetako bat da gure hiria bisitatzen dutenentzat“, azaldu du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok. “Gainera, ‘Obretan eta irekita’ proiektuak ospea lortu du nazioartean, eta Gasteizen irudia mundu osora zabaldu du“, erantsi du.

Arabako Dantzarien Biltzarra

Bestetik, Gasteizko Udalak 8.000 euro emango dizkio Arabako Dantzarien Biltzarrari 2020an jarduerak garatu ditzan.

Dantza autoktonoaren kultura mantentzea, berritzea eta sendotzea du helburu elkarteak, besteak beste, arabar eta euskal kulturaren zutabeetako bat baita hori, eta Gasteiz hirian horretarako lan egiten du.

2020an, COVID-19ak sortutako osasun-egoera dela eta, Arabako Dantzarien Biltzarrak proiektu egokitua aurkeztu du, indarreko neurriak kontuan hartzen dituena“, azpimarratu du Cantok. “Hezkuntza eta Kultura Sailak kultura sustatu eta zabaltzeko eta gure hirian lan egiten duten kultur elkarteei laguntzeko abian jarritako jardueretako bat da hori“, amaitu du.

 

 

 

Share