Prentsa Oharren banner

TUVISAk bertako dendetara hurbiltzeko garraio publikoaren erabilera sustatu nahi du, ‘Orain, erosketak autobusez’ kanpainaren bidez  

 

Garraio publikoak eta tokiko merkataritzak eskua eman diote elkarri TUVISAk sustatutako kanpaina berrian. Izan ere, udalaren garraio enpresak ekimen bat abiatu du gaur Gasteizen mugikortasun iraunkorra eta gertuko merkataritzaren dinamizazioa batzeko. “Gasteizen erosten badugu, eta dendetara joateko mugikortasun-aukera iraunkorragoak erabiltzen baditugu, hau da, garraio publikoa, onura bikoitza da. Udalerriko merkataritzari sostengu ematen diogu eta karbono-aztarna murrizten laguntzen dugu“, azaldu du TUVISAko lehendakari eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

Udal enpresak kanpaina bat diseinatu du, ‘Orain, erosketak autobusez: TUVISAk zure dendara hurbilduko zaitu’ lemaren pean. Autobusetan, TUVISAren eta Udalaren pantailetan eta beste udal baliabide batzuetan jarriko da mezua. Hainbat helburu lortu nahi dira horren bidez: hiri- eta gizarte-eredua agerian jartzea, gizarte eta ingurumenari dagokienez kontsumo-eredu iraunkorra sustatzea, gizartearen beharrei erantzutea eta, aldi berean, auzo biziak eta hiri iraunkorrago bat sustatzea.

Bide batez, herritarrek garraio publikoarekiko konfiantza berreskuratu dezaten lortu nahi du kanpainak, osasun krisialdian nabarmen gutxitu baitzen bidaiarien kopurua. Izan ere, autobus publikoa garraiobide segurua eta jasangarria da, segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen dituena. TUVISAk astero aztertzen du zerbitzuaren eskaintza eta eskaria, eta 150.000 eurotik gora inbertitu ditu COVID-19aren kontrako berariazko zerbitzuetan: norbera babesteko ekipoak, garbiketa-produktuak, gel hidroalkoholikoak, berariazko garbiketak eta beste. Gainera, birusa agertu zenean ezarri ziren neurri sanitarioei eutsi zaie gerora ere: garbiketak, birizidekin; berariazko garbiketak, kontaktu lekuetan; maskarak; aireztapena; autobusaren barruan jateko debekua, eta abar.

 

Share