Prentsa Oharren banner

Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Araba Foroaren XV. biltzarra egingo da gaur, Europa jauregian

  • Enplegu eta Prestakuntza zinegotziak inauguratu du jardunaldia, zeinean enpresen gizarte erantzukizunaren alorreko estatuko aditu nagusietako batek parte hartuko baitu

Gasteizko Udaleko Enplegu eta Prestakuntza zinegotzi Igor Salazarrek Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Araba Foroa (FOARSE) inauguratu du gaur goizean; foroaren XV. urteko biltzarra Europa jauregian egingo da.

Arabako enpresen artean gizarte erantzukizuna sustatzeko xedea du ‘Asmoa duten enpresak’ izenburua daraman jardunaldiak; lehenengo aldiz, streaming bidez ikusi ahalko da, foroaren youtubeko kanalean (https://youtu.be/he8WpKZ0V0c).

Enpresen gizarte erantzukizunaren alorreko Europako aditu nagusietako batek emango du hasierako hitzaldia, Forética-ko zuzendari nagusi Germán Grandak. Etorkizuneko enpresek nolakoak izan behar duten azalduko du, eta konpainiei iraunkortasunaren alorrean beren anbizioa handitzen laguntzeko gakoak emango ditu.

Ondoren, Arabako hiru enpresak mahai-ingurua egingo dute, gizarte erantzukizunaren alorreko alderdiak garatzen eta ingurumenarekin, gizartearekin eta gobernu onarekin lotutako politikak sustatzen izandako esperientziak azaltzeko. Enpresa hauek dira: I+MED, nanoteknologiaren abangoardian dagoen konpainia; Eraman, paketeak bizikletaz banatzeko kooperatiba txikia, urtebete baino gutxiagoan langile kopurua hirukoiztu duena, eta Caype, paper-gauzen biltegi bat, iraunkortasun-politikei laguntzegatik erreferente bihurtu dena.

Enplegu eta Prestakuntza zinegotzi Igor Salazarrez gain,   Foru Aldundiko ordezkariak eta FOARSEko lehendakari eta Konfekoop-eko kide Rosa Lavín izan dira biltzarraren XV. edizioaren inaugurazioan.

“Bai erakundeak bai herritarrak jakitun gara enpresak agente eraldatzaile garrantzitsuak direla bizitzen ari garen aldaketetan. Badakigu erabateko eta errotikako eraldaketa baten aurrean gaudela, herritarren lehentasunak zein enpresa-ehunarenak aldatzen ari baita. Erakundeetan inplikatutako eragile guztien eskutik joan nahi dugu, eta aldaketa hori sustatu”, adierazi du zinegotziak jardunaldiaren inaugurazioan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Lan sailburuorde Elena Pérez Barredok emango dio amaiera biltzarrari.

Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak, Konfekoop-Euskadiko Kooperatiben Federazioak, Asle-Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak, Kutxabankek eta San Prudencio fundazioak osatzen dute Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Araba Foroa. Vital fundazioak ere babesten du biltzarra.

Share

Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek ongietorria egin die Araba Ekinean-en barruko ‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren finalistei

  • Tokiko 20 ekintzailek beren proiektuak defendatuko dituzte gaur arratsaldean, Europa jauregian
  • Aurtengo edizioan inoizko kopuru handiena lortu da, 64 ekimen aurkeztu baitira lehiaketara, 2020an baino 21 gehiago

 

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketaren finalistek beren ideiak defendatuko dituzte epaimahaikideen aurrean, eta haiek Arabako negozio-proposamen onenak aukeratuko dituzte. Gasteizko Udaleko Enplegu, Prestakuntza eta Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrek egin die ongietorria Europa biltzar jauregiko Francisco de Vitoria auditoriumean.

“Udaleko Ekonomia Sustapenaren Sailean badakigu ez dela gure hiriko ehun ekonomikorako gauza baliotsuagorik negozio-ideia berriak dituzten eta gauzak aldatzeko lanean hasteko gogoa duten ekintzaileak baino. Horrexegatik gaude Araba Ekinean-en ekosistemaren sustatzaileen artean, gure lurraldean eta gure hirian berritzaile direnei laguntzen baitie plataforma horrek. Ezberdin pentsatzen dakiten pertsonak behar ditugu, aurre egin beharreko erronka berriei erantzuteko“, nabarmendu du Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek bere mintzaldian.

‘Zure ideiak balio du’ lehiaketak partaidetza-errekorra gainditu du 2021an, orotara 64 parte-hartzaile izan baititu. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak —SPRI taldearen eta BIC Arabaren bitartez— eta Vital Fundazioak sustatutako Araba Ekinean aliantzaren barruan antolatzen da.

Epaimahaiak 20 finalista aukeratu ditu, zeinak hamar sarietako bat irabazteko lehiatuko baitira; orotara 11.000 eurotik gora banatuko dira. Gaurkoan, finalistek 5 minutu izango dute proiektuak aurkezteko eta epaimahaia zein publikoa beren kategorian onenak direla konbentzitzeko. Urriaren 5ean (asteartea) jakinaraziko da azken erabakia, Araba Ekinean-en barruko Ekin Day jardunaldi zentralean.

 

 

 

 

Share

Igor Salazarrek Kanarietako Merkataritza Biltzarrean parte hartu du, tokiko merkataritzaren iraunkortasunari buruzko hitzaldi batekin

Gasteizko Merkataritza eta Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek Kanarietako Merkataritza Biltzarrean hartu du parte gaur goizean, zeina online egin baita. Arabako hiriburuan gertuko merkataritzarekin eta tokiko eta 0 km-ko ostalaritzarekin bideratzen ari diren zenbait ekimen azaldu ditu Salazarrek. Besteak beste, ekimen hauen berri eman du: Ardoaraba, azokak (Santa Barbarakoa, Almendrakoa eta Lanberri), Gasteiz On pasarela, eta Zentzuz sarearen bidezko merkataritzaren ibilbidea.

Share

Gasteizek 9.900 eurora arteko laguntzak emango ditu langabeak kontratatzen laguntzeko

Udalak, Lanbiderekin lankidetzan, malgutu egin ditu betekizunak, enpresa gehiagotara iristeko.

 

Langabeak kontratatzen dituzten Gasteizko enpresa edo entitateek 1.500 eurotik 9.00 eurora bitarteko laguntzak eskuratu ahalko dituzte, Gasteizko Udalak eta Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak bultzatutako laguntzei esker. Dirulaguntzen ildoa enplegu-politika aktiboak bultzatzeko erakundeen arteko lankidetza-estrategiaren baitakoa da, eta Udalak aurten malgutu egin ditu betekizunak, “kontratuak bultzatzea eta kolektibo ahulenei laguntzea xede” adierazi du Enplegu zinegotzi Igor Salazarrek. Tokiko ehun ekonomikoa “aukera aprobetxatzera” animatu du zinegotziak, eta programaren hiru ezaugarri azpimarratu ditu: Atzeraeraginezko izaera du, iazko udatik egindako kontratuak onartzen ditu eta, zehazki 2020ko uztailaren 1etik aurrerakoak; aurten ez du mugarik enpresa bakoitzerako dirulaguntzen kopuruan –iaz gehienez hiru laguntza ematen ziren–; eta hiru hilabetekoa da kontratuen gutxieneko iraupena –aurreko ekitaldian sei eskatzen ziren–. Eskabideak gizarte-etxeetan, San Martineko udal bulegoetan eta on line –udalaren egoitza elektronikoaren bidez– aurkez daitezke.

Salazarrek gogora ekarri du osasun krisiak “nabarmen kaltetu dituela” lan-merkatuko baldintzak, eta hori dela eta Enplegu Zerbitzua gogor ari dela testuinguru ekonomiko berriari aurre egiten. Lehen pausu handia 2021eko aurrekontua onestea izan zen; bertan, Ekonomia Sustapenerako Sailari esleitutako zenbatekoaren erdia baino gehiago enplegura bideratzen baita. Bigarrena, Lanbiderekin lankidetzan kontratatzeko laguntzak abian jartzea izan da. Laguntzak egoera berrira egokitu dira.

Lanbideko zerrendetan izena emanda dauden langabeen kontratazioa bultzatzeko programa ekonomiko hau jarduera Gasteizen burutzen duten enpresa, autonomo eta elkarteei zuzenduta dago. Kontratuek hiru hilabete iraungo dute, gutxienez, eta % 50eko lanaldia izango, gutxienez. Diruz lagun daitekeen gehieneko epea sei hilabetekoa izango da. Laguntzaren zenbatekoa kontratu motaren eta laneratzeko zailtasunak dituzten taldeengan duten onuraren araberakoa izango da. Hasteko, dirulaguntza 1.500 eurotik 9.000 eurora bitartekoa izango da, kontuan hartuta honakoak kontratatzea baloratuko dela: iraupen luzeko langabeak, 55 urtetik gorakoak, 35 urtetik gorakoak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak lanaldi osoz kontratatzea. Berrikuntza gisa, zenbateko horiek % 10 handituko dira emakumeak kontratatzen badira. “Hori funtsezkoa da guretzat, izan ere krisiak eragin handiagoa izan du emakumeengan, eta aukera berriak sortuko dituzten politika publikoak behar dituzte eta” adierazi du zinegotziak. Beraz, enpresa batek gutxienez sei hilabetez lanaldi osoan lan egiteko emakume bat kontratatzen badu, gehieneko laguntza jasoko du: 9.900 euro.

Salazarrek adierazi duenez, hiriko 7000 enpresa eta entitatek ezagutzen dituzte jada laguntza hauen oinarriak Ekonomia Sustapenerako Sailaren buletinen bitartez, eta gogorarazi du Gasteizek Lanbideren 3,4 milioi erabili ahalko dituela laguntza horiek ordaintzeko; aurreko ekitaldietan baino gehiago, eta horrek “ziurgabetasun egoera batean eskabideei erantzutea bermatzen digu”. 2020ko uztailaren 1etik 2021eko apirilaren 1era bitartean egindako kontratazioak lagunduko dira, baina diruz laguntzekoa den epea ekainaren 30ean amaituko da. Aurreko planean (2019-2020), Udalak 121 kontratazio erregistratu zituen, eta 861.000 euro eman zen laguntzetan.

Share

Hazia 23 programak Gasteizko gazteen langabeziaren kontra borrokatzen jarraituko du

Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak lan-munduan txertatzeko helburua duen “Hazia 23” programaren V. ediziorako 50.000 euro jartzea onetsi du. Aurrekoetan bezala, 2020an ere Vital fundazioak, ADSIS fundazioak, Egibide fundazioak eta Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek hartzen dute parte horretan.

Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak landutako enplegu gaztearen udal planaren barruan sartzen da hitzarmen hau; hain zuzen ere, planaren helburua da hiriko gazteek lan-munduan txertatzeko dituzten aukerak hobetzea eta baliabide pertsonal eta profesionalak garatzea, tokiko enpresetan sartzeko gai izan daitezen.

Hazia 23 programak, zehazki, 23 urtetik beherako gazteei berariaz zuzenduriko neurriak sustatzeko xedea du, baina salbuespenez 30 urte arteko pertsonak ere baliatu ahalko dira horretaz, baldin eta ez badute ez prestakuntzarik, ez eta lan-esperientzia esanguratsurik, eta ez badaude beste prestakuntza- edo enplegu-sistema batzuen babespean.

Hazia 23 programarekin indarrak batu eta koordinatzen ditugu, ohi baino oztopo gehiago duten gazteek lan-merkatuan konfiantza handiagoz sartzerik izan dezaten, bereziki tokiko enpresen barruan”, adierazi du Enplegu eta Prestakuntza zinegotzi ordezkari Igor Salazarrek.

Share

Gasteizek 2,7 milioi euroan balioetsitako ekonomia suspertzeko plan baten bidez lagunduko die tokiko merkatari, ostalari eta enpresei

 

Lehen alkateorde Maider Etxebarriak hamar neurri iragarri ditu koronabirusak tokiko sare ekonomikoan izandako ondorioei aurre egiteko

Dokumentuak 750.000 euro barne hartzen ditu segurtasun-materiala erosteko, hala nola maskarak, eskularruak eta gel desinfektatzailea

Ostalaritzarako laguntzak bikoiztu egin dira eta 125.000 eurotara iritsi dira

Turismoaren sektoreak laguntza-ildo espezifiko berria izango du

 

20200520-PresentacionAyudasCovid

Segurtasun-materiala eskuratzeko, lokalak modernizatzeko, merkataritza digitalaren aldeko apustua egiteko, enplegua mantentzeko eta Gasteizen turismoa sustatzeko laguntzak. Arabako hiriburuak abian jarri du Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana, laguntza eta ekimen sorta handia, merkatariei, ostalariei, hotelariei eta hainbat ekonomia-sektoretako enpresa txikiei pandemiaren ondorioen aurkako borrokan laguntzeko. Gaur goizean aurkeztu du dokumentu estrategiko hori alkateorde eta Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak, Merkataritza zinegotzi Igor Salazarrekin batera; planak 2,7 milioi euroko balioa duten hamar ekintza biltzen ditu, guztiak ere koronabirusak Arabako hiriburuko sare ekonomikoan duen eragina arintze aldera.

Ekonomia Sustapenaren Sailak bere aurrekontua birformulatu du Ekonomia Suspertzeko Plan hau egituratzeko. Dokumentua bost ardatz nagusitan banatzen da:

1.- Segurtasun-materiala erosteko COVID-19 aparteko laguntzak (750.000 euro).

2.- Tokiko saltoki txikien eta ostalaritzaren defentsa (445.000 euro).

3.- Tokiko enpresa-sarea indartzea (1.012.300 euro).

4.- Enpleguari eusteko laguntza (450.000 euro).

5- Gasteizko turismo-sustapena (40.000 euro).

“Koronabirusak kaltetutako tokiko sektoreei entzun diegu, eta sailaren aurrekontua birformulatu dugu, Gasteizko sare ekonomikoaren behar berriei erantzuteko. Suspertze plan honen bidez, beste erakunde batzuen laguntzak osatu eta pandemiak gehien kaltetutako kolektiboen ekonomia arinduko duen segurtasun sare bat zabaldu nahi dugu “, azaldu du Ekonomia Sustapenaren zinegotzi Maider Etxebarriak. Alkateordeak, halaber, tokiko establezimenduetan kontsumitzeko deia egin die herritarrei, “ehunka familia haietatik bizi baitira”. Zinegotziak azpimarratu duenez, “orain inoiz baino gehiago, hiriaren eta bertako denden, negozio txikien eta tabernen arteko lotura mantentzeko beharraz jabetu behar gara, gertuko tratuagatik eta profesionaltasunagatik nabarmentzen diren tokiak baitira”.

 

750.000 euro, babes- eta higiene-materiala erosteko

Suspertze Planaren bost ardatzetako lehenak hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten dio. ‘COVID-19 aparteko laguntzak’ izeneko partidaren bidez (750.000 euro), Ekonomia Sustapenaren Sailak diruz lagunduko du babes- eta higiene-materiala eskuratzea. Dirulaguntza horiek hamar langile baino gutxiago dituzten enpresa txikientzat izango dira.

Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala eta instalazioak desinfektatzeko materiala, hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak. Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko dira, baita itxialdian egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere.

 

Bikoiztu egin dira ostalaritzarako eta digitalizaziorako laguntzak

Suspertze Planaren bigarren jarduera-ildoa hiriko saltoki txikiei, ostalaritzari eta hotelei zuzendutakoa da. Ardatz horrek guztira 445.000 euroko aurrekontua izango du, 50 langile arteko negozioetarako. Hiru motatako laguntzak egongo dira. Alde batetik, hiriko merkataritza enpresa txikien modernizaziora zuzendutakoak: 220.000 euro, iaz baino % 10 gehiago. Bigarrenik, eta berrikuntza gisa, hiriko ostalaritza-establezimendu txikientzako laguntzak bikoiztu egingo dira, 62.500 eurotik 125.000 eurora igaroko baitira. Biak dira 50 langile baino gutxiago dituzten enpresa txikiak ezartzeko, eraberritzeko, ekipamendua erosteko eta modernizatzeko laguntzak.

Merkataritza txikia eta ostalaritza babesteko bigarren ildo hori osatzeko, Udalak hirugarren neurri bat bultzatuko du murgiltze digitala eta online merkataritza sustatzeko beharrarekin lotuta, “ez baitira epe ertainerako aukerak, baizik eta gero eta gehiago eskatzen diren alternatibak aurrez aurreko salmentaren ordez”. Gasteizek abian jarriko dituen digitalizaziorako laguntza berriek 100.000 euroko zuzkidura izango dute, hau da, dirulaguntza horiek lantzen ari zirenean —osasun-krisia baino lehen— aurreikusitakoaren bikoitza. Eraldaketa digitalerako dirulaguntzak telelanarekin, webgune korporatiboaren egokitzapen edo garapenarekin edo online merkataritza sartzearekin lotutako ekipamendu eta software informatikoko inbertsioak ordaintzeko erabiliko dira.

“Digitalizazioa inoiz baino presenteago dago, eta inoiz baino premiazkoagoa da. Tokiko saltoki txikiekin eta ostalaritzarekin egoteko eta eraldaketa horren aldeko apustuan laguntzeko unea da. Konfinamenduarekin baieztatu ahal izan dugu laguntza berri horien beharra, eta bikoiztu egin ditugu, ekimenak hobeto bultzatzeko“, azaldu duMerkataritza zinegotzi Igor Salazarrek.

Milioi bat euro tokiko enpresa-sarea indartzeko

Suspertze Planaren hirugarren ardatzak tokiko enpresa-ehunari begiratzen dio, eta horren barruko neurriak 1.012.300 euroan balioetsi dira. Zenbateko handiena Gamarrako atearen zati bat eraberritzeko erabiliko da. Industria Mahaian parte hartzen duten eragile ekonomikoek eskatutako neurrietako bat da eta 700.600 euroko aurrekontua izango du. Arteria berritzeko lanak Jundiz eta Urartea kaleetako industrialdeetan legealdi honen hasieran egindako beste biei gehituko zaizkie.

Kapitulu honetan sartuko dira, halaber, 10 langile arteko enpresak sortu eta finkatzeko laguntzak (126.700 euro), zeinak, berritasun gisa, 5 urte arteko antzinatasuna duten negozioek eskatu ahal izango baitituzte (orain arte 3 urte zen muga), baita ekintzailetza-bekak (85.000 euro) ere, Gasteizen enpresa-ekimen bat bultzatzen ari diren pertsonentzat.

Kultur sektorea ezegonkortasun ekonomikoko aldietan kaltetuenetako bat izan ohi denez, Udalak ikus-entzunezko sektorerako laguntzak mantentzea erabaki du, 100.000 eurorekin. Zehazki, Gasteizen ikus-entzunezko proiektuak (fikziozkoak, animaziozkoak, dokumentalak eta serieak) garatu eta ekoizteko eta gidoiak idazteko laguntzak dira.

Era berean, Etxebarriak gogorarazi du industria-enpresen sarea indartzeko estrategian konfinamenduan bertan abian jarritako neurriak ere sartzen direla, hau da, hiriko merkatari, autonomo, mikroenpresa eta enpresa guztien eskura jarritako ekonomia- eta finantzaaholkularitzako doako zerbitzua. Alkateordeak azpimarratu du, halaber, Ekonomia Sustapenaren Sailak alokairuak hiru hilabetez atzeratzea —beste hiru hilabetez luzatzeko aukerarekin— eskaini diela udalaren enpresa zentroetan dauden enpresei.

 

Enplegurako laguntzen ikuspegi berria

Ekonomia Suspertzeko Planaren laugarren ardatzak enpleguari eskainitako partida handituko du, eta arlo horretako laguntzak birformulatuko ditu. 450.000 euroko zukidura izango dute orain (iaz baino 50.000 gehiago), eta laguntzak lanpostuak mantentzera bideratuko dira. Helburua da alarma-egoera ezarri aurretik zegoen enplegua berreskuratzen laguntzea 10 langile edo gutxiagoko enpresetan, kontratatutako langileak dituzten autonomoak barne, Gasteizko udalerrian egoitza soziala duten lantokietan.

Laguntza hori erantzunkidetasun publiko-pribatuko mekanismo gisa egituratuko da. 2.000 euro emango dira berreskuratutako lan-kontratu bakoitzeko, eta gehienez 6.000 euroko laguntza emango da enpresa bakoitzeko. Horren truke, alarma-egoera amaitzen denetik edo enpresa ERTEtik ateratzen denetik 4 hilabetez bermatu beharko da plantillari eustea. Gainera, balioespen-irizpide gisa, kontuan hartuko dira lan-kontratuaren kalitatea eta hobekuntza, eta kolektibo kalteberen enplegua berreskuratzea, hala nola 55 urtetik gorakoena edo emakumeena.

Gasteiz sustatzeko berrikuntza

Azkenik, sailak ildo berria jarriko du abian (40.000 euro) Gasteizen turismoarekin lotutako sustapen eta produktuak sortzeko. Laguntza espezifikoa da, 2020an udalerrian garatzeko asmoz turismo-produktuak eta hurbileko turismo-esperientziak sortu, abian jarri, sustatu eta merkaturatzeko. Turismo-zerbitzuak ematen dituzten edo turismo-sektorean eragina duten mikroenpresak edo autonomoak izan daitezke hartzaile, gutxienez langile bat eta gehienez 10 enplegatu dituztenak.

Laguntza-ildo bakoitzaren epeak irekitzeari dagokionez, Udalak deialdi bakoitzaren berri emango du jendaurrean, bere webgunearen eta Ekonomia Sustapenaren Sailaren buletinen bidez.

Informazio gehiago

 

Share