Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  21 martxoa 2017 14:13


Irakurri, Gozatu eta Oparitu

Euskaldunen Topaguneak antolatutako kanpainaren hamaikagarren edizioa martxoaren 20tik maiatzaren 31ra garatuko da hemen eta beste 51 udalerritan.

Euskaltzaleen Topaguneak IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoaren  edizio berri bat jarriko du martxan, hamaikagarrena, zenbait euskara elkarte, Udal , liburutegi eta liburu dendarekin batera.

Gasteizen, zenbait liburu-dendak ez ezik, udalaren sareko 21 liburutegiek hartuko dute parte, Udala konprometitua baitago irakurzaletasuna oro har eta euskaraz irakurtzea bereziki sustatzearekin. Proiektua Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako 52 udalerritan garatuko da.

Hauek izan dira Gasteizko aurkezpenean: proiektuaren koordinatzaile Manuel Moreno; Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Canto; Zuloa liburu-dendako kide Gorka Basterretxea, eta Patxi Zubizarreta idazlea, hark osatu baitu 50 lan gomendaturen zerrenda.

Irakurri, Gozatu eta Oparitu ekimenak hainbat berrikuntza ezarri zituen hamargarren edizioan eta horien balorazio positiboa oinarri, aurtengoan mantendu egingo ditu;   Patxi Zubizarreta idazleari eskaturiko 50 liburu gomendatuen zerrenda, udaberri hasieran egitea, eta egitasmoak eskaintzen dituen abantailak bateratzea.

Berrikuntzen artean, liburuak eta horiek elkarri oparitzea sozializaziorako tresna bihurtzearena dago. Irakurri, gozatu eta OPARITU proposamen hirukoitzaren azkena  indartuz lortu nahi da hori. Taldekako dinamika dituzten; irakurle txoko, mintzalaguna-mintzakide-berbalaguna, ikastalde, kultur talde eta abarretako kideei liburuak elkarri oparitzea, irakurri ondoren  trukatzea eta irakurritakoa kontrastatzea proposatuko zaie , taldeen dinamika eta kideak aberasteko praktika gisa.

2017ko edizioaren beste berrikuntza inportante bat, egitasmoaren hedadurarena da. Aurten 52 herritan ipiniko da martxan, inoizko kopururik handiena, eta lehengo aldiz egingo da bi hiriburutan, Iruñea eta Gasteizen, eskaintza  aurreko urteetan baino 450.000 pertsona gehiagorengana helaraziz.

Irakurzaletasuna bultzatzea helburu duen egitasmo honek herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi ditu, irakurtzearen alde atsegina azpimarratuz eta liburutegi publikoen zerbitzuen erabilera  sustatuz. Egitasmoak, parte hartzea saritzen du, liburuak erosteko abantaila ekonomikoak emanez, eta liburua opari bihurtzera gonbidatzen du.

Egitasmoa tokian tokiko euskaltzaleen elkarteen, Udalen,  liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker gauzatzen da, eta herrietako eragileen arteko harremanetarako tresna izan nahi du.

Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pausu eman behar dira bertan parte hartzeko:

1)      Irakurri. Lehenengo pausoa irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, alegia. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu.

2)      Gozatu. Liburua irakurri, liburutegira itzuli , eta fitxa erraz bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua eta zer iritzi dugun. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

3)      Oparitu. Azken pausua, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari.

Liburutegian jasotako erosketa-txekeak, euskarazko beste edozein liburu  %35 merkeago erosteko  aukera  emango digu.

Horrez gain, apirila eta maiatza bukaeran, liburutegi bakoitzean 30€ko  balioa duen txeke baten zozketa egingo da, hile horretan irakurle fitxa bete dutenen artean. Txeke berezi horrek, besteek bezala, euskarazko liburuak erosteko aukera emango du.

Behar duenari irakurri nahi duenaren aukeraketan laguntzeko, egitasmoak zabalduko duen azalpen diptikoan  50 liburu-gomendioen zerrenda joango da,  bost adin tarteka sailkatuta. Zerrenda hori baina, ez da muga izango ez liburutegiko liburua aukeratzerakoan ez txekearekin beste bat erosterakoan, horretarako euskal literatura osoa dago eskuragai

Bi hilabete eta erdiz martxan, martxoaren 20tik maiatzaren 31ra.

Martxoaren 20an abiatuko da  “Irakurri, Gozatu eta Oparitu”ren 2017ko edizioa, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hortaz, ia bi hilabete eta erdiko iraupena izango du kanpainak liburutegietan, baina erosketa-txekeak liburu dendan erabiltzeko epea  ekainaren 10 artekoa izango da.  Aurten ere, egitasmoa udaberriko  hilabeteetan garatuko da, alde batetik, liburutegietan garai hobea izaten delako, eta bestetik, liburu-opari eta trukeen  dinamika, opor aurreko  hilabetetan eginez  “udako liburua” opari hartutakoa izatea sustatu nahi delako..

Esan bezala, aurten 52 herritan izango da  martxan ekimena eta nabarmentzekoa da aurreko hiru urteetako  herri gehienetan eskainiko dela, egitasmoaren  balorazio onaren adierazle.

Araba: Agurain, Asparrena, Barrundia, Dulantzi, Gasteiz, Kanpezu,  Legutio, Maeztu,  Urizaharra, Urkabustaiz, Zigoitia, Zuia.

Bizkaia: Atxondo, Dima, Ermua, Getxo, Igorre, Lekeitio, Mañaria, Muskiz, Sopela, Ondarroa, Orozko, Otxandio,  Zamudio.

Gipuzkoa: Beasain, Eskoriatza, Lazkao, Legazpi,  Soraluze,  Ordizia, Orio, Villabona, Zaldibia.

Nafarroa: Altsasu, Antsoain, Aranguren, Arbizu, Atarrabia, Larraintzar, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Doneztebe, Irurtzun, Etxarri-Aranatz, Iruñea,  Leitza,  Lizarra, Olazti,  Uharte,  Zizur Nagusia .

Aurreko hamar edizioetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek herriko liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan. Izan ere, egitasmoaren helburuetariko bat  horixe da, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile  bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina  kontuan hartzekoa da.

Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan bestelako literatur jarduerak ere antolatuko dira, hala nola solasaldiak idazleekin, liburu azokak, irakurketa musikatuak eta abar. Egitasmoak honako argitaletxeen laguntza izaten du: Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela, Txalaparta eta Susa.

Euskaltzaleen Topagunea  1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 90 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.

Informazio gehiago behar izanez gero, manuel@topagunea.eus helbidera idatzi dezakezue.

Webgunea: www.topagunea.eus/irakurri

Share